Webquest hau ikasgelako jardueren osagarri gisa proposatzen da. Azalpen testuak— jarraibidezkoak— lantzeko balio du; eta beraz, gelan egiten den lana hartu behar da erreferentziatzat.
Hainbat etapa eta ikasmailatan landu daiteke; betiere, ikasleen hizkuntza gaitasunaren mailaren arabera. Hala, ikasleen hizkuntza gaitasuna oinarri-oinarrizkoa bada, jardueretan proposatzen diren txantiloiak erabil daitezke. Baina ikasleek hizkuntza gaitasun maila egokia badute, informazio bilketa nahiz sortu behar dituzten produktuak, hala nola errezetak, gonbite-txartelak... txantiloirik gabe egin daitezke edo ikasleei proposatu eurek sortzeko.
Ebaluazioari dagokionez, oso garrantzitsua da ikasleei ebaluazio irizpideen berri ematea eta atal horretan bildutako ebaluazio adierazleak ongi azaltzea.
Oro har, ikasleek gai izan beharko lukete honako hauek egiteko:
Eskatutako eremu semantikoei lotutako hitzak biltzeko hainbat informazio iturritan.
Jarraibidezko testuak (errezetak) eta gonbite txartelak idazteko, testu mota horien ezaugarriak kontuan harturik.