Konpetentzia digitala: kontzeptuak argitzen (IKTroak-Hezkuntzarako hauspoak)
Informazio eta ezagutzaren gizarteak aldaketa sakonak ekarri ditu gure eguneroko errealitatearen arlo guztietara: nola eskuratu eta partekatzen dugun informazioa, nola egiten dugun lan, nola definitzen ditugun elkarlanerako harremanak, nola komunikatzen garen eta nola erlazionatzen garen norbanakoen artean edota gure instituzio eta erakundeekin. Garbi dago gauzak asko aldatu direla denbora gutxian.
Aldaketa hauek, norbanakoaren gainean eskakizun eta betebehar berriak dituzte ondorio bezala: ikasi, profesionala izan edo XXI mendeko hiritarra izatea, duela hamarkada bat existitzen ez ziren konpetentzia desberdinen beharra ekarri du. Informazioaren Gizarteak ezagutza berriak eskatzen ditu, trebetasun berriak eta, nagusiki, jarrera berriak, konpetentzia digitalaren testuinguruan kokatzen direnak.
Jada 2000ko martxoan, Lisboako Europar Kontseiluan dagoeneko konpetentzia digitalaren beharraren inguruko lehenengo aipamena egin zen:
“Hiritar orok informazioaren gizarte berrian bizi eta lan egiteko beharrezkoak diren ezagutzak izan behar ditu”.
Estatu Batuetako ISTE erakundeak 2007an aurkeztutako txosten batean gaurko ikasleek, geroz eta digitalagoa den mundu batean eraginkortasunez ikasi eta bizitza ahalik eta emankorrena izateko, barneratuta beharko lituzketen jakintza eta gaitasunen inguruko estandarrak definitu zituen:
Pentsamendu kritikoa izan, ezagutza eraiki eta, teknologia erabiliz, produktu eta prozesu berritzaileak garatu.
Modu kolaboratiboan lan egin eta komunikatzeko ingurune eta bitarteko digitalak erabili, baita distantziara ere, norberaren ikaskuntza prozesuaren mesedean baina, baita ere, besteen ikaskuntza prozesuen eragile bezala.
Informazioa lortu, ebaluatu eta erabiltzeko tresna digitalak erabili.
Pentsamendu kritikoan oinarritutako trebetasunak erabili ikerketa prozesuak planifikatu eta bideratzeko, proiektuak administratzeko, arazoak konpontzeko eta erabakiak hartzeko, beharrezkoa den informazioa lortzeko tresna eta baliabide digital egokiak erabiliz.
Teknologiarekin harremana gordetzen duten giza, kultura eta arlo sozialeko gaiak ulertu eta jokabide etiko eta legalak praktikatu.
Teknologiari lotutako kontzeptu, sistema eta oinarrizko funtzionamenduaren inguruan ezagutza egiaztatu.
Gizarte modernoak gaitasun berriak eskatzen ditu, beraz, hortik herrialde desberdinetako curriculum ofizialetan konpetentzia digitalaren presentzia derrigorrezkoa bezala ikustea. Eta, noski, gurea ez da salbuespena.
Konpetentzia digitala nola definitzen den eta zeintzu ezaugarri dituen aztertzen denean nahiko garbi ikusten da, eredu desberdinek iturri beretik edaten dutela, alegia, gehienek ISTEk zehaztutako estandarren bidetik egiten dute. Hainbat ñabardura gorabehera, konpetentzia digitalaren definizioa eta zehaztapena nahiko antzekoa da leku gehienetan.
Orain arte irakurri ditudan planteamenduen artean aberatsena eta ikastolan praktikan jartzerako interesgarrienetakoa, Boris Mir-ek ematen duena izan daiteke. Berak, ondorengo definizioa ematen du konpetentzia digitalarentzat:
“Konpetentzia digitala ezagutza, trebetasun eta gaitasunen konbinazioa da, balore eta jarrerekin batera, testuinguru digitaletan eta tresna digitalekin, helburuetara eraginkortasunez heltzeko”