Bakoitzak beretik eta guztiok elkarrekin, ikasleen hitzezko komunikazio konpetentzia era bateratuan eraikitzen

Laburpena

Gure eskolan hizkuntza-aniztasuna zabaltzen ari den unean, hizkuntzaren trataera bateratua gai giltzarria da gaur egungo hezkuntza ereduan. Eleaniztasunaren kudeaketan, hezkuntza komunitateak partekatu beharreko bi zutabe dira oinarri:

1) Lehenik, Europako Erreferentzia Markoaren ekintzara bideratutako hizkuntzaren ikuspegia dugu, ikuspegi komunikatibotik areago (Picardo, 2014), hizkuntzaren zentzua eta forma gizarte-ekintzaren marko orokorragoaren baitan kontsideratzen duena. Ikuspegi horretatik, eskolaren esparru sozialaren ekintzak, ikasleak orain eta hemen bizi dituen eskola-egoeretan bideratu behar dituenak, komunikazio konpetentziaren garapenerako giltzarri dira.

Irakaste-ikaste prozesuan hitzezko hizkuntza da irakasle guztion tresna nagusia. Irakasleok baliatzen dugun hizkuntza akademiko hori konplexua da, ezaugarri bereziak ditu, diziplina bakoitzean bereak, eta hori era egokian erabiltzen irakatsi behar diegu ikasleei. Irakasle guztion lana da, erabiltzen dugun hizkuntza euskara, gaztelania ala ingelesa delarik, irakasteko baliatzen dugun hizkuntzari erreparatu, agerian jarri eta hura era egokian erabiltzeko laguntza-bideak eskaintzea.

Era bateratu eta integralean hizkuntza landu behar badugu, eskola barruko harremanetan, irakaste-ikaste prozesu orokorrean zein diziplina bakoitzeko berariazko prozesuetan sortzen diren ekintza arketipikoen hizkuntza adierazleak identifikatu (hizkuntza batean zein besteetan) eta ikasleen eskura jarri beharko ditugu, haien jabekuntzarako laguntza sistematikoa eskainiz: eskaintzen dioguna ulertzeko laguntza, hori elkarrekintzan prozesatzeko laguntza eta norbere pentsamendua eraikitzeko eta adierazteko laguntza.

2) Bigarren zutabea, eleaniztasun holistikoaren ikuspegia (Cenoz & Gorter, 2014) litzateke, eskolan lantzen eta erabiltzen ditugun hizkuntza guztiak barne integratzen dituena, haien ezaugarri soziolinguistikoei erantzunez hizkuntza bakoitzari, euskarari bereziki, dagokion lekua eskainiz, baina orain arteko “bi bakardadeen suposizioa” (Cummins, 2007) behingoz alboratuz. Benetako hezkuntza eleaniztuna behar dugu, hizkuntzen arteko elkarreragina aintzat hartuko duena eta hizkuntza bakoitzari begira baino, ikasle elebidun/eleaniztunaren beharrei eta transferentzia gaitasunei begira jarriko dena.

Ikuspegi honek bereziki eragiten dio hizkuntza arloaren curriculum diseinuari, arlo honek marko bateratu batean barne hartzen baititu eskolan landutako hizkuntza guztiak. Marko bateratuaren baitan, ikaskuntza prozesuko alderdi osagarriak batzea lortuko da, eta, aldi berean, hizkuntza bakoitzaren alderdi linguistiko zehatzak alderatzea. Halaber, hizkuntza batean ikasitakoa beste hizkuntzetara transferitu, aplikatu eta orokortzeko bidea egingo da.

Ikuspegi honi erantzun ahal izateko, eskola bakoitzak tokian tokiko egoera eta baldintzak ahalik eta ondoen ustiatu beharko ditu, ikasleen bizitzako hizkuntza esperientzia guztiak jabekuntza une bihurtuz. Horretarako, ezinbesteko tresna izango da hezkuntza komunitate bakoitzak eraiki beharko duen berezko Hizkuntz Proiektua. Hizkuntz Proiektua eskolako komunikazio-eremu guztietan hizkuntzaren trataera kudeatzen duen marko or-hartzailea da eta hartara, hizkuntzen irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdi guztiak koherentziaz uztartu eta hezkuntza-komunitatearen eragile guztien elkarlana bideratzeko tresna.

Materialak

Itziar Elorza

Itziar Elorza

  • Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean irakaslea da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean (EHU). Bere ikergaia hezkuntza eleaniztuna da. Unibertsitatean aritu aurretik, Ikastolen Elkartean garatu du bere Ibilbide profesionala, euskara ardaztzat duen hezkuntza eleaniztunerako proiektua (Eleanitz Proiektua) garatzen.

Estekak