Taldearen Historia

Gallarreta Mendi Taldea, 1972ko irailaren 3an sortu zen, GALLARTA JATETXEKO lokaleetan, Gallartako eta Abanto Zierbenako mendizale ugarien beharrak eta gogoak asetzeko asmoz.

Elkartea eratu baino lehen, mendi kiroletan ari ziren zenbait lagunek talde bat osatu zuten eta ekainean, San Antonio jaietan, txozna bat ireki zuten diru apur bat lortu eta elkarte berriaren oinarriak eratzeko. Ondoren, Gallarreta Mendi Taldea fundatu zuten, irailean egin zuten batzarrean.

Lehendik, bazegoen mendi sail bat Aldatz Gora elkartearen baitan, eta, nahiz eta elkartearen jarduera nagusia euskal folklorea izan, bertan aritu izan ziren gure mendizaleak urteetan.

Fundazio egunetik 1973 urta bukatu arte, Xake Taldeak utzitako lokal bat erabili genuen. Geroago, 1974tik 1975eko ekainerarte elizako bataiotegia utzi ziguten eta, 1975eko uztailetik 1978ko ekainera, udal pilotalekuko lokal batean egon ginen. Urte horretako uztailean gaurko egoitzara etorri ginen, Gallartako Eusko Gudariak enparantzan z/g dauden udal kirol-lokaleetara, alegia.

Ohikoa denez, hastapenetan ez genuen esperientzia handirik eta nekez antolatu genituen lehenengo txangoak. Hala ere, urriaren 8an gure lehenbiziko ibilaldia burutu genuen: Aizkorri mendilerroan dagoen Aketegi mendira, Gipuzkoako Arantzazutik gertu. Gainera, 1972ko azken hiruhilekoan beste hainbat ekitaldi antolatu genituen.

1973an, gure taldea Meatzalde eta Industrialdeko Mendizale Elkartera sartu zen. Burtzeñako Arroletza, Santurtziko Bihotz Gaztea, Ortuellako Encartaciones, Trapagarango Larrañeta, Lutxana eta Barakaldoko Grupo Alpino Turista ziren elkarte horretako kideak. Hala ere, urte horretako hirugarren hiruhilekotik aurrera eta 1977 urtea bukatu arte, Gallarretak elakrtea utzi eta bere kabuz aritu zen.

1978an, berriro sartu ginen Meatzalde eta Industrialdeko Mendizale Elkartera eta, urte berean, Alonsotegiko Goiko Mendi ere elkartu zen eta, geroago, Muskizko Mello Mendi Taldea ere bai. Egun, bost medi taldek osatzen dute elkartea: Encartaciones, Gallarreta, Goiko Mendi, Larrañeta eta Mello. Guztion artean txango egitaraua bat antolatzen dugu, elkartea bizirik mantentzearren, talde bakoitzak bere kabuz antolatzen dituen ekitaldien kaltetan gabe.

Ezin aipatu gabe utzi mendi taldearen ibilian berebiziko garrantzia duen eta Gallartako jaietako ekitaldirik ezagunenetakoena den Paella Lehiaketa, 1972 urtetik hona, hutsik egin gabe, Gallarretak antolatu duena.

Aipagarria ere bada, Abanto-Zierbenako mendi ibilaldia, udalerria ezagutaratzeko eta mendizaletasuna sustatzeko asmoz, Gallarretak eta Abanto-Zierbanako Udalak antolatua. 2010. urtean burutu genuen 1. edizioa arrakastatsua izan zen, lagun askok parte hartu zutelarik.

Azkenik, 2011n ibilian hasi den Eskalada atal berria aipatu behar da, mendi taldeko gazteen ekimenari esker sortu dena.