Euskal Herriko plazetan, Herri-dantza saioetan, Jauziak edo Muxikoak dantzatzen dira eta baita beste hainbat dantza ere, bertakoak batzuk eta kanpokoak beste batzuk.
Beste euskal dantza asko bezala Jauziak biribilean dantzatzen dira, biribil itxian eta markatutako urratsak eginez.
DANTZA BIRIBILEN EZAUGARRIAK:
- Munduko kultura gehienetan biribilean egiten diren dantzak daude.
- Gero eta antzinakoago kulturak izan, beraien kosmologia lur (Mari) eta ilargiarekin lotua dago eta horregatik hauen dantza biribilak ordulariaren orratzen kontrako norabidea eramaten dute. (Ordulariaren orratzen norabidea eguzkiarekin lotzen baita)
- Dantza biribilak dantzari guztiak berdintzen ditu, ez dago protagonismorik ezta lehiarik ere. Dantza hauen edertasuna ez datza dantzari bakoitzaren trebezian, guztien arteko sinkronian baizik.
- Dantzari bakoitzak taldearen energia eta indarra nabaritzen du, talde baten kidea sentituz.
- Urrats bakoitzean arreta guztia jarri behar denez meditazioa, hau da unea bizitzea, ahalbidetzen du indar terapeutikoa bihurtuz, eguneroko kezkak alde batera utziz, fisikoki hobetuz eta emozio nagusia alaitasuna izanez.
JAUZIAK - MUXIKOAK
Jauziak tradizio luzeko dantzak dira eta iritsi zaizkigun dokumentuen bitartez jakin ahal izan dugu XVI. mendean, gaur egun ezagutzen ditugun bezala, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan guztiz zabalduta zeudela.
Greziar geografo Estrabonek, k.a. lehenbiziko mendean euskaldunen jauzika dantzatzeko eraz idatzi zuen. Jauzi hauetaz ari ote zen?
1608-10. urte artean Lapurdiko sorginen aurka egindako prozesuan larunbatetako bileretan egiten zituzten dantzen artean jauziak agertzen dira.
Nahiz eta lehenago hasi (Europako dantza “berriak” sartzen ziren bitartean), XX. mendean Jauzien beherakada nabarmena zen eta Lapurdin ia desagertu ziren.
1980ko hamarkadatik aurrera batzuen lanei (Piarres Betelu..) ezker Jauziak Iparraldeko jai guztietan berreskuratu ziren eta emakumeak ere dantzatzen hasi ziren bat ere arazorik gabe. Pierres Beteluren ikaslea izandako Patxi Perez dantza-saio gidatuak antolatzen hasi zen plazarik plaza, Euskal Herri osoko dantzak Europako hainbat dantza herrikoi eta jostagarriekin osatuz.
Gaur egun Herri-dantza saio hauek, kultur elkarteen eskutik, Euskal Herri guztira zabaldu dira arrakasta handiz, gure plazak berriro betetzen.
Hemen jauzien urratsak Lapurdin dantzatzen diren moduan agertzen dira.
EZAUGARRIAK
- Biribil itxian eta ordulariaren orratzen aurkako norabidean. Borobil bat baino gehiago egin behar badira beti bata bestearen barruan egingo dira, zentrokideak.
- Dantzaren dotoretasuna. Gorputza zuzen naturaltasunez, aurrera begiratuz eta besoak lurrerantz gorputzaren ondoan. Oinak lurretik gehiegi altxatu gabe, zentimetro bakar batzuk.
- Urratsak kanpoko oinaz hasten dira.
- Urratsak pikatu eta itxi eginez bukatzen dira.
ITURRIAK: