Gure lurraldea bitan banatua dagoela esan daiteke klima eta landaretza aztertuz gero. Hartara, baso atlantikoa eta baso mediterraneoak aurki ditzakegu, Kantauri Itsasotik abiatuta klima epel eta euritsuak eta Ebro ibaiaren ertzera hurbildu heinean, klima lehor eta hotz beroan muturrekoak agintzen baitu. Basoak desberdinak dira, beraz eremu batean eta bestean: lehenean, haritzak, pagoak, lizarrak, otea eta txilarra, dira, besteak beste, berezko zuhaitz eta landare. Mediterraneoan, artea, ezkametza, lizarra, ezkai, erromeroa. ordea. Isuri atlantikoak, eremurik zabalenak, Kantauri isurialdea eta uren muga egiten duten mendiez gain, hainbat lursail (Arabako Lautada, Sakanako korridorea, Iruñerria) eta hainbat mendilerro (Gasteizko mendiak, Urbasa eta Andia) hartzen ditu bere baitan. Muga Azazeta eta Opakuako pagoak ukitzen dituen Izkiko eskualdea eta Oriko maldetaraino (Irati gaina) iritsiko litzateke. Eremu honek arrasto pirenaikoak ditu eta muga nabarmen uzten dute: izeiak, pagoak, pinu albarrak. aurkituko ditugu bazter hauetan. Mediterraneo izaerako basoak, berriz, hiru eremutara zabaltzen dira:
- Kantauri-gaztelarra: Gobiaran, Oka eta Trebiñoko eskualdeak batetik eta, bestetik, Kantauriko mendilerrotik hasi eta Leire eta Orbako mendilerroetaraino, Lizarrako eskualdea barne.
- Errioxar eskualdea: Levanteko espezie ugari aurki daiteke eskualde honetan. Olibondoa eta mahastiak dira ezagunenak eta ugarienak.
- Errege Bardeen lur-saila: inondik ere eremurik gogorrena, non ez dagoen inolako basorik garatzeko aukerarik.
Zein da egoera?
Euskal Herrian, isurialde atlantikoan bereziki, etengabeko degradazioa jasan dute basoek azken 250 urteetan. Nekazaritza eta abeltzaintzarako teknika desegokiek eta basoen gehiegizko ustiaketa industrialak, Bizkaia eta Gipuzkoako ia baso guztiak suntsitu zituzten XIX. mende amaieran. Gaur egun % 56 eta % 59 dira Bizkaia eta Gipuzkoako basoen azalerak hurrenez hurren, baina horietatik % 65,5 pinudi landatuak dira. Araba eta Nafarroan, berriz, basoen azalera txikiagoa bada ere -% 47 eta % 33 hurrenez hurren-, berezko baso gehiago dago probintzia horietan. Hariztiak, pagadiak, ameztiak, artadiak, ezkameztiak eta haltzadiak dira Euskal Herriko berezko basoak.
Basoen beharra
Zuhaitzek eta landare berdeek fotosintesia egiten dute bizi ahal izateko, eta prozesuan atmosferako karbono dioxidoa -negutegi-efektuaren eragileetako bat- zurgatzen dute, oxigenoa sortuz aldi berean. Horri esker, atmosfera osatzen duten gasen arteko oreka mantentzen da. Basoetan, gainera, Lurraren ekoizpen primarioaren ehuneko handi bat gertatzen da: planetan sortzen den materia organiko lehorraren % 45 basoetan ekoizten da. Basoak animalia eta landare-espezie askoren bizileku dira eta, ekosistema guztietan bezala, basoaren eta bertako biztanleen arteko harremana estua da oso.
Basoen negarra
Urtero 15 milioi hektarea baso galtzen dira munduan, futbolzelai baten azalera adinako galera bi segundoko. Planetako basoen erdia desagertu egin da jada eta geratzen den erditik portzentaia handi bat soiltze-bidean dago. Basoen % 6 ere ez dago babesturik. WWF/Adenak eginiko txostenaren arabera, Europako basoen % 98 dago arriskuan. Herrialdez herrialde 99 elementu ezberdin aztertu eta elementu horiek 5 irizpidetan bildu dituzte: basogintza eta ekoizpena, ingurugiroa, basoen funtzio sozio kulturala nola kudeatu den, babestutako guneak eta poluzioa. Irizpideak banaka-banaka aztertuta gorabehera handiak daude herrialde bakoitzean eta herrialde batetik bestera. Herrialde batek ongi egiten duena besteak gaizki egiten du eta alderantziz, baina emaitza orokorra lehen aipatutakoa da: Europako herrialdeek ez dituzte basoak behar bezala zaintzen eta egiteko asko dago oraindik. Gure basoek dituzten arazoen artean poluzioa, baso natural eta erdi naturalen eskasia nabaria, babestutako basoen kopuru txikia, pestizida eta herbiziden gehiegizko erabilera eta hildako zuraren falta dira aipagarrienak.
Basogintza eta egurraren ekoizpena oker egiten da herrialde guztietan: kalitatea baino gehiago kantitatea bilatzen da egurra ustiatzeko orduan, eta egurrezko produktuak egurrezkoak ez direnak baino gehiago bultzatzen dira. Leku askotan zuhaitz espezie bakarreko basoak landatu eta zaintzen dira, eta horrek biodibertsitatean eragin izugarria dauka. Hildako zura ere, basoetako espezie askoren habitata, oso urria da Europako herrialde guztietan. Europako herrialdeek duten beste arazo komuna informazio falta da; hau da, nahiz eta guztiek basoei buruzko datuak biltzeko konpromisoa hartu zuten, konpromisoa neurri txikian bihurtu da ekintza eta herrialde gehienek ez dute behar adina informazio jaso.
Ondorioz, basoen zainketa eta berreskuratze-planak osatu gabeko datuetan oinarrituak daude eta osatu gabeko datuekin osatu gabeko lana egiten da. Txostenak kontzientzia ekologiko handia izatea eta lan txukuna egitea batzuetan bat ez datozela ere argi utzi du. Holanda eta Britainia Handia, ustez kontzientzia ekologiko handia duten herrialdeak, 16 eta 17. daude zerrendan, hurrenez hurren. Bestalde, Europako iparraldeko herrien lana ez da hegoaldeko herriena baino hobea eta Europako mendebaldekoena ere ez da ekialdekoena baino egokiagoa.
Baina, WWFk adierazi duen bezala, txostenaren helburua ez da sailkapena egitea eta Europako herriak lehian jartzea, arazoak identifikatzea eta konponbideak bilatzea eta aurkitzea baizik. (Zientzia.net, moldatua eta laburtua) LABURTUZ Euskal Herrian bi baso-mota bereiz daitezke: baso atlantikoa eta baso mediterraneoa eta bakoitzean zuhaitz-mota desberdinak aurkituko ditugu. Gure basoen egoera txarra da, degradazio handia jasan behar izan baitute.
Basoen beharra handia da oso. WWF/Adenak egindako txosten baten arabera, arazo nagusiak poluzioa, baso natural eta erdi naturalen eskasia nabaria, babestutako basoen kopuru txikia, pestizida eta herbiziden gehiegizko erabilera eta hildako zuraren falta dira aipagarrienak. Gainera, kontzientzia ekologiko handia izateak ez omen du ziurtatzen basoen aldeko lan txukuna egitea.