60ko hamarkadan, biztanleriak 3.000 pertsona inguru irabazi zituen; horretan zerikusia izan zuen jaiotze-tasaren igoerak eta hilkortasun-tasaren jaitsierak; gehitu behar zaio, gainera, migratzaile kopuru handiaren etorrera, lan merkatuaren premiak bultzatuta; aspaldiko ehungintza sektorean zein metalgintza transformazioan (“Unión Cerrajera”ren itzalpean) ziharduten tailerretan enplegatu zen igotzen ari zen biztanleria.
Zerbitzu-sektoreak ere garrantzia zuen Bergaran. Bergarak orduan ia zazpi milako biztanleria aktiboa zuen –Debagoieneko altuena– eta hortik herenak zerbitzu sektorean egiten zuen lan (merkataritza, garraioa, bankuak, epaitegia etab.). Gure helburua markatzeko asmotan, biztanleriaren egitura askotarikoaren bi elementutan jarriko dugu arreta: Biztanleria gaztearen ehuneko handia (erdia baino gehiago), eta biztanleriaren ikasketa-maila; biztanleriaren gehiengoak oinarrizko ikasketak zituen bakarrik.
Oinarrizko bi ondorio hauek adierazten dute Bergarak ikastetxe publiko bat behar zuela, gazteek herrian bertan eta doan bigarren graduko ikasketak egiteko. Horrela, gaztediari prestakuntza profesional garatuagoa edo goi mailako ikasketak egiteko bideak zabalduko zitzaizkion. Era berean, azpimarratzekoa da emakumezkoek jakingura handiagoa agertzen zutela ikasketa munduan sartzeko; ordura arte, emakume gehienak ikasketa-maila apaletan geratzen ziren.
Maisutza Eskolaz aparte, non gaztediaren parterik handiena prestatzen zen bertako eta inguruko tailer eta fabriketan lanean aritzeko, Bergaran Ikasketa Ertainak bi ikastetxetan ikasi ahal ziren; horietan Batxilergo Laborala delakoa irakasten zen, nolabait garai hartan zegoen Batxilergo Orokorra ordezkatuz: bata zen Maria Lagundiaren kolegioa (“Colegio de la Compañía de María”), XVIII. mendearen bukaeran sortua, non neskentzat ikasketa administratiboak irakasten baitziren; eta bestea, Domingotarrena (“Padres Dominicos”), mutilei zuzendua, non 1959tik Batxilergo Industriala irakasten baitzen. Biek ala biek zituzten barnetegiak; horietan inguruko eta ez hain inguruko ikasleek ikasten zuten. Beraz, ikusten da Irakaskuntza Ertainaren egoera ez zela nahikoa herriko behar berriei erantzuteko eta zerbait egin beharra zegoela.
Lehendabiziko lana lursail egokia (10.000 m²) lortzea izan zen. Agorrosin-Ipintza zonaldea aukeratu zuten, bertan biltzeko beharrezkoak ziren kirolari eta hezkuntzari loturiko zerbitzuak. 1968ko otsailaren 10ean sinatutako notario-aktak dioenez, erositako lurren balioa 5.488.500 pezetakoa izan zen. Jabeen artean Murua-Balzola fundazioa, Javier Unceta eta beste hainbat jabe txiki zeuden.
Ondoren, Francisco Bernabé proiektugilearen zuzendaritzapean, Oñatiko “Construcciones Ugarte” enpresak egin zituen eraikitze-lanak hurrengo hiru urtean.
Azkenik, 1972-1973 ikasturtean (irailean) hasiera ofiziala eman zitzaion Instituto Nacional de Enseñanzas Medias de Vergara izeneko ikastetxeari. Gainera institutu oso baten izaeraz jardun zuen, nahiz eta hasieran Eibarko institutuaren menpe egotea aurreikusi. Funtzionamendurako behar zen diru-kostua ezarri, irakasle eta langileak kontratatu... Horrela hasi zuen bere ibilaldia Bergarako Batxilergo Institutuak. Esan beharra dago hasierako irakasle gehienak kanpotarrak zirela, ez baitzegoen bertan beharrezkoa zen tituludun askorik.
Eraiki zen azalera 3.196,90 m²-koa izan zen, eta horietatik 2.156,47 erabilgarri ziren. Aurrekontua 15.543.193 pezetakoa izan zen.
Horrela eman zitzaion hasiera 1972/73 ikasturtean gure ikastetxearen historia txikiari. Eraikin hori, hasiera batean, Eibarko Institutuaren Atal Delegatu gisa planteatzen zen, baina beti zentro autonomo gisa funtzionatu zuen. 50 urte hauek modu argi eta errazean laburbiltzen saiatzeko, eraikina bera eta bertan gertatu diren aldaketak oinarri hartuta egitea erabaki dugu. Aldaketa horiek, oro har, zerikusia dute herriak eta, eremu zabalago batean, Euskadik (E.A.E.) bizi izan dituen Hezkuntza Planekin eta bestelako gorabeherekin.