(2024-06-12an, asteazkena)
Gaur ekainak 12, asteazkena, Ordiziatik autobusez irten gara goizeko 6:30ean GMBko 48 mendizale, Nafarroako Cabredo herrixkara joan eta zazpi euskal hiriburuetako Gasteiz eta Iruñea arteko zatiaren 9. ibilaldia egitera. Goizeko 8:00ak aldera abiatu gara Cabredotik, eguraldi lainotua eta haize hotzarekin. Ibiltzen hasi eta igotzen joan gara, ezpel eta baso artean, Joar mendira iritsi arte. Jaisten hasi eta haizerik ez zegoen leku batean hamaiketakoa egin dugu. Eremu ireki batetik jarraitu dugu, San Cristobal eta Puntarredonda tontorretatik eta Nazarko lepotik igaroz. Handik gertu ibilbidea zailtzen joan da ahalik eta Costalera mendiko tontor azpira iritsi arte. Pasabide hau (kilometro batekoa gutxi gorabehera) oso harritsua eta gorabeheratsua denez, poliki-poliki joan behar izan dugu. Baita kontu eta arreta handiz ere, tarteka eskuak erabiliz. Handik aurrera jaisten hasi gara, Galleteko lepotik eta San Martindik igaroz. Azkenean 14:25ak inguruan Santutxoa (Zúñiga) ondoan bukatu dugu gaurko ibilbidea. Han, autobusa hartu eta Kanpezura joan gara bazkaltzera.
Ibilbidea eta denborak:
Cabredo (660 m), Peña Otxanda (913 m; 2,8 km; 0:50), Sierra Txikita (992 m; 4,3 km; 1:10), Corrubia (1.016 m; 5 km; 1:20), Peña Humada (1.149 m; 6,1 km; 1:45), Joar (1.410 m; 7,9 km; 2:25), San Cristobal (1.241 m; 9,6 km; 3:15), Puntarredonda (1.190 m; 10 km; 3:20), Nazarko lepoa (1.158 m; 12,1 km; 3:45) ), Costalera (1.203 m; 13,4 km; 4:50), Galleteko lepoa (1.138 m; 14,1 km; 5:15), San Martin (1.082 m; 14,6 km; 5:25) eta Santutxoa (535 m; 18,5 km; 6:25)
Desnibel metatua: igoeratan: 1.011 m; jaitsieratan: 1.128 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Mendizaleak, Peña de Eskusa-ren ondotik pasatzen
Peña Otxandara iristen
Humadako gailurra pasatu ondoren
Taldea, Joargo gailurrean
Aguilar Kodes herria eta inguruko bailara
Taldea, Nazarko lepo inguruan eta aurrean Kostalera mendizerra
Kostalerako bide malkartsu eta gorabeheratsuak zeharkatzen
Estekak/Enlaces