(2024-09-24an, asteartea)
Irailak 24, asteartea. Kantabriara egindako txangoaldiko lehen etapa. Eguraldiaren iragarpenak ikusita, azken egunean egin behar genuen ibilaldi hau lehenengo egunean egitea erabaki da. Eguraldi bikaina eta paisaia zoragarriak izan baditugu ere, Solpico mendirako igoera eta jaitsiera gogorrak dira eta aldatu egin behar izan dugu, bidean ikusitako zenbait lagunek hala aholkatu digutelako. Ibilaldian zehar, Laredoko lurmuturretik, Erilloko kargalekuaren ondotik, Solpico eta Candina tontorretatik edota Llanegroko arkuetako batetik igaro gara. Jaitsiera aldatu egin dugunez, Oriñongo kanpinean amaitu ordez, N-634 errepidearen ertzean dagoen aparkaleku txiki batean amaitu dugu.
Ibilbidea eta denborak:
Laredo (3 m), Jasokundeko Andre Mariaren eliza (32 m; 0,4 km; 0:12), Rastrillar-ko gotorlekua (90 m; 0,9 km; 0:23), Santo Tomas bateria (60 m; 1,2 km; 0:34), Diego jaunaren jauregia (175 m; 3,5 km; 1:10), Erillo-ko kargalekua (113 m; 5 km; 1:45), San Julian-go begiratokia (93 m; 6 km; 1:54), Solpico mendia (467 m; 8,8 km; 3:44), Candina mendia (477 m; 9,2 km; 4:01), Llanegro-ko arkuak (Deabruaren begiak)(388 m; 10,2 km; 4:36), N-634 errepidea, Oriñón (5 m; 13,1 km; 5:54).
Desnibel metatua: igoeratan: 811 m; jaitsieratan: 680 m.
Aireko bista
Mapa
Profila
Abiapuntua, Laredo
Laredon eman diogu hasiera Kantabriako txangoaldiari. Eguraldi bikaina lagun, herri hartako udaletxearen eta Jasokundeko Ama Birjinaren elizaren ondotik igaro eta Laredoko lurmuturrera joan gara hango eraikin eta aztarna militarrak ikusi eta han dagoen panoramika bikainaz gozatzera.
Eguzkia goizean goiz
Eguzkiak eguna argitzen duen bitartean, itsasoa bare dago eta giro zoragarria ibiltzeko.
Talde nagusia bitan zatitu aurretik
Hasieran taldea bitan banatu da eta hau da eguneko talde nagusia. Gero hau ere zatitu da, eta lehenengo taldea Solpicoko eta Candinako tontorretara igotzeko asmoz aurreratu denean, bigarrenak, erritmo lasaiagoa hartu eta mendigune hura bera itsasertzetik inguratu nahirik egin du aurrera.
San Julian ermitaren hormak
Donejakue bidetik ibili gara zenbait unetan eta horien aztarnak ere azaldu zaizkigu. Zehazki iparraldeko itsasertzeko bidean gabiltza, baina kontrako norabidean. Erromesak agurtu ditugu eta kasu honetan garai bateko ermita baten hondakinak topatu digu: San Julian ermitarenak, hain zuzen ere.
Maldan gora
Bidearen erdia itsasertzaren ondotik egin ondoren, malda gogorra etorri zaigu. Ehuneko 57rainoko maldak dituen bidezidorretik goaz, baina gure azpian ikuspegi zoragarria dugula.
Laredo eta Santoña
Solpico tontorrerantz igotzen ari gara, eguzkiak argitutako itsasoaren urdinaz eta belardien berdeaz gozatuz. Urrunean, berriz, gaurko eta biharko abiapuntuak ageri zaizkigu: Laredo eta Santoña, hurrenez hurren.
Taldekide batzuk haitzulo ikusgarriaren ondoan
Solpico (486 m) eta Candina (489 m) mendiak atzean utzi eta Llanegroko arkuetara inguratu gara. Inguratu bakarrik ez, haietako batera joan eta gozatu bat eman diegu gure begiei. Gaztelaniaz Deabruaren Begiak esaten diete haitzulo hauei. Zergatik ote. Zulotik beheko herria (Sonabia) eta balea esaten dioten lurmuturra ikus daitezke, besteak beste.
Bideoa
Estekak