Bergara– Ibarra (Aramaio)
(2025-10-01ean, asteazkena)
Gaur asteazkena, urriak 1, Bergaran hasi eta Ibarra arteko ibilbidea egin dugu. Goizeko 8etan irten gara Bergaratik dena gorako bidean Irutontorreta gaina harrapatu arte. Hortik aurrera ere gorabeheratsua izan da ibilbide guztia.
Eguraldi ederraz gozatu dugu behe-lainoa atzean utzi eta gero. Arantzeta, Lopegaina, Karabieta, Ametza eta Gorontsarrigoikoa pasa ditugu. San Migel mendiko ermita ondotik eta Lasarte baserritik igaro ondoren, Kanpanzarrera iritsi eta gosaldu egin dugu.
Handik aurrera pista lokaztu batetik (Udalaitz mendiaren albotik) aurrera jarraitu dugu Santa Luziko ermitatik, Besaidera iritsi arte. Anjelagorostiko lepoan pasa eta beherako bidean Ibarran sartu gara 6 ordu pasa ondoren.
Ibilbidea eta denborak:
Bergara (hasiera)(157 m), Irutontorreta (620 m; 4 km; 1:30), Arantzeta (550 m; 4,9 km; 1:50), Lopegaina (540 m; 5,4 km; 2:00), Gorontsarrigoikoa (550 m; 7 km; 2:30), Lasarte (510 m; 8,25 km; 2:40), Kanpanzar (460 m; 9,4 km; 2:50), Santa Luzia ermita (450 m; 12 km; 3:40), Besaide (525 m; 14 km; 4:30), Anjelagorostiko lepoa (590 m; 15,8 km; 4:50), Errepidea (450 m; 18,6 km; 5:40), Ibarra, Aramaio (bukaera)(327 m; 19,8 km; 5:50).
Desnibel metatua: igoeratan: 978 m; jaitsieratan: 803 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Bergaratik abiatu eta aldapan gora
Zazpi euskal hiriburuetako zeharkaldiaren barruan, gaurkoan Donostia eta Bilbo arteko 5. etapa burutu dugu. Bergara izan dugu abiapuntu, hango Labe Garaien ondoan dagoen San Jose elizan. Lantegi haren eta berotegi batzuen ondotik igaro, autobidea azpitik zeharkatu eta mendian gora egin dugu Angiozar auzoko lurretan eguneko tontor nagusienaren bila. Fresko egiten du, hemen behean behe-lainoa baitago.
Behe lainoa beheko bailaretan
Deba ibaiaren arroan behe-lainoa utzita, eguzkia topatu dugu bidean gora egin ahala. Unetxo batez gelditu gara gaineko jantziak eranztera, baina erritmo onean jarraitu dugu, gailurrean ohiko postontziaz gain, ikurrina ere baduen Irutontorreta mendira. Maila apalagoko mendi-tontorrak igaro ditugu segidan: Arantzeta, Lopegaña. Tartean gerra garaiko aztarnak topatu ditugu: Munaortuko lubakia (kanoi-lekua, bunkerra), esate baterako.
Udalatx Bergaratik ikusita
Gainez gain gabiltza Bergarako Angiozar auzoaren inguruan. Laster ikusi dugu urrunetik gero inguratuko dugun Udalatx mendia. Tontorrean lainoa duen arren, eguzkitan dago goizean goizetik. Aurrerago, etxe inguruan astoak diten Gorontsarrigoikoa baserriaren eta Goinzari zelaiko tumuluaren ondotik igaro gara, Kanpanzarreko mendatera bidean.
Armiarma-sarez estalitako otea
Bidean pinudiak izan dira nagusi, baina otadiak ere azaldu zaizkigu, ibiltzeko eragozpenik sortu ez badigute ere. Tarteka, ordea, argazkikoa bezalako irudi ikusgarriak eskaini dizkigu. Naturaren edertasuna! Eguzkitan dirdiratsu ageri dira otalorea eta haren gaineko armiarma-sarea. Ze argazki polita!
Hamaiketakoa Kanpazarren
Historiaurreko monumentua atzean utzita, San Migel baselizaren ondotik pasatu gara lehenbizi eta Lasarte baserri dotorearen ondotik jarraian. Baserri honek etxola bitxi eta polit bat du ondoan, garbitoki eta guzti, panpina koloretsuez apaindua. Angiozar bailarako Goimendi auzoan gaude, non 1936ko gerraren aztarnak ikus daitezkeen. Ibilian-ibilian hamaiketakoa egin dugun tokira heldu gara: Kanpanzar mendatera.
Besaiden, Anboto begi-bistan dugula
Indarrak berritu bezain pronto, lehen aipatutako Udalatx mendia inguratzen hasi gara, jadanik Bizkaiko lurretan. Aurreko egunetan euri apur bat egin izango du, tarte laiotz honetan lokatz pixka bat aurkitu dugulako. Halaxe, Santa Luzia ermitaren ingurutik igarota, Besaideko lepora heldu gara. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkartzen diren gune hartan egin dugu taldearen lehen argazkia, Hildako Mendizaleen Oroitarria eta Anboto itzela lekuko ditugula.
Besaideko eskulturaren aurrean
Handik metro gutxi batzuk beherago Yoshin Ogata eskultore japoniarraren Bizi-iturria izeneko eskultura erraldoia dago. 1991. urtean inauguratutako monumentu hartara jaitsi eta hantxe atera dugu taldearen bigarren argazki hau. Talde handia elkartu gara gaurkoan (55 lagun), eta eguraldi ederrarekin aurrerantz egin dugu, orain Arabako partean, Anboto aldeko mendiak inguratu eta gaurko helmugaren bila.
06. Aramaio (Etxaguen) - Dima (San Lorentzo)
Aramaiora bidean
Poliki-poliki ari gara Aramaio aldera hurbiltzen. Anjelagorostiko lepotik igaro eta kilometro pare batera, goitik beherako bidea hartu dugu. Mendiko bidea izan dugu lehenbizi, eta errepide asfaltatua azkeneko zatian. Halaxe iritsi gara Aramaioko auzo nagusira: Ibarrara.
Gero, hango Anboto tabernara joan gara bazkaltzera (Bizente Goikoetxea Plaza, 10. Tel.: 665 41 54 30); batzuk taberna barruan eta beste batzuk kanpoan, oso giro onean bazkaldu dugu eta, bazkalostean, bisita gidatu interesgarria izan dugu herriko eraikin nagusiak ikusiz, taldeko aramaioar jatorraren eskutik.
Bideoa
Estekak/Enlaces