Azantza - Zizur Nagusia (Iruñea)
(2024-10-15ean, asteartea)
Gaur asteartea, urriak 15, GMBko 43 mendizale Nafarroara joan gara, Azantza eta Zizur Nagusia herrien arteko zeharkaldia egitera. Zazpi Euskal Hiriburuak lotzeko ibilaldien barruan, Gasteiz eta Iruñea arteko zatiaren azken etapa da gaurkoa.
Eguraldi tristearekin abiatu gara Azantzatik eta lainoak eragotzi egin digu goi mendietako ikuspegiez gozatzea. Tarteka euri apur bat egin digu eta Etxauriko haitzak mendiaren tontorretik aurrera, tarte nahiko luze batean, haizea ere nahiko indartsua izan dugu. Gero, Etxauri herriaren ingurutik igaro eta Ibero herrira jaitsi gara. Han Arakil ibaia zeharkatu eta bidea dezente lautu zaigu, harik eta Iruñea inguruan Zizur Nagusira iritsi garen arte.
Ibilbidea eta denborak:
Azantza (834 m), Itxesorde (1.008 m; 3 km; 0:46), Etxauriko haitzak (1.132 m; 4,1 km; 1:17), Soportillako sakanaren inguruan (772 m; 7,6 km; 2:48), Ibero herria (394 m; 11,2 km; 4:01), Na-7010 S errepidea (408 m; 15,1 km; 4:48), Arberokiko bidea (500 m; 18,3 km; 5:28), Zizur Nagusia (440 m; 19,9 km; 5:47).
Desnibel metatua: igoeratan: 481 m; jaitsieratan: 837 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Azantzako eliz ataria
Goierritik Azantzara iristean, eguraldi lainotua aurkitu dugu, eta euri apur bat ere ari du. Eguraldi kaxkarraren aurrean ez gara kikildu ordea, eta herria zeharkatzerakoan eliz atari dotorea ikusi ahal izan dugu. Laster utzi dugu atzean herri txiki polita.
Mendian gora
Hormigoizko pistan gora egin dugu lehenbiziko zatia, euritako janzkiak jantzita. Aurreraxeago, antena batzuen ondotik igaro eta Itxasordeko eremu megalitikoan murgildu gara; han ikusi dugu Sarbil zelaiko trikuharria. Hurrena, berriz, Itxasordeko menditik igaro gara.
Lainopean
Basoa etorri zaigu jarraian Etxauriko haitzak mendiko tontorrera bidean. Basoan udazkeneko koloreak nagusitzen hasi dira eta zorua hostoz estalita ageri da. Basotik irtetean eta gailurreko Gurutze Santuaren ermitara inguratzean lainoak inguratu gaitu eta lainopean egin behar izan dugu mendiaren goialdeko zatirik handiena.
Sarbilgo mendilerrotik
Sarbilgo mendilerroan, Gurutze Santuaren ermitatik aurrera, lainoari haizea gehitu zaio, haize zakarra zenbait unetan, eta horrek zaildu egin du gure bidea. Euriaren ondorioz, gainera, bide harritsua arriskutsu bilakatu zaigu eta arreta areagotu egin behar izan dugu.
Sarbilgo mendilerroa
Halako batean, ordea, haizea baretu, lainoak saretu eta beheko bailarako herriak eta zelaiak ikusteko aukera izan dugu. Sarbil mendilerroko zenbait harkaitz ere bai; baina nagusietako batzuk ikusi gabe gelditu behar izan dugu lainoak galarazi digulako.
Taldea Etxaurin
Mendilerroan gabiltzala Etxauri herrira hurbildu gara. Ospetsuak dira hango gereziak eta hemen goitik ederki ikusten dira herri inguruko soro eta lan eremuak Arga ibaiak ureztatuak. Baita Otazuko dorretxe eta upategia ere.
Arakil ibaia zeharkatzen
Etxauritik Iberora, Juan Martinez de Irujo pilotari handiaren herrira. Han ariketa berezia egin behar izan dugu Arakil ibaia zeharkatu ahal izateko: harritik harrira oreka mantendu, uretara laprast egin gabe. Aurretik ur ugari duen ubide galanta ikusi dugu. Jasokundearen eliza berriaren eta Irujoren izena eta irudia dituen pilotalekuaren ondotik igaro eta Zizur Nagusia aldera jarraitu dugu.
Azken kilometroak
Ibero atzean utzi ondoren, bidea lautu egin zaigu, baina oraindik tarte luze samarra falta zaigunez, bixi-bixi joan behar izan dugu landa zabaletan zehar. Aratzurin Iruñerriko urak garbitzeko dagoen araztegi handiaren ondotik eta Iruña ikusteko aukera ematen duen Ardoiko begiratokitik igaro ostean, gaurko helmugara iritsi gara: Zizur Nagusira.
Bideoa
Estekak/Enlaces