Luis Pedro Peña Santiagoren «Euskal Herriko mendiak, 7. liburukia» liburuan jasoa: “La historia o la leyenda de una penitencia” (Penitentzia baten historia edo elezaharra). Kasu honetan, Abaltzisketa eta Urkiola arteko laugarren zatiari dagokion etapa da (Lizarragako mendatea-Irantzuko monasterioa). Horrezaz gain, Euskal Mendizale Federazioak bere sorreraren ehungarren urteurrena ospatzeko erronka gisa proposatu zuen 100 Mendi Berezien proiektuan ere sartu dugu."
(2026-05-28an, osteguna)
Gaur maiatzak 28, osteguna, goizeko 7etan Goierrin elkartu eta joan zen astean ibilbidea amaitu genuen Lizarraga mendatera joan gara, handik Irantzuko monasteriorainoko txangoa egitera. Oraingoan 39 mendizale baino ez gara elkartu, beroa dela-eta Los Tornos mendatetik abiatu behar genuen ibilbidea aldatu ondoren.
7:55ean irten gara bero handia izango dugun beldurrez; eta hasieran sargori xamar egon arren, egunsentiko giroan eramangarria egin zaigu, tarteka haize leunak aurpegia freskatzen digularik. Horrela iritsi gara Portupekolezera: arku moduko egitura karstikoa, uraren eta elementu naturalen ekintzaz, milaka urtetan sortutako harrizko egitura harrigarria. Handik gertu, berehala iritsi gara Urbasaraino eta aurrerago ere luzatzen den gailur-lerrora. Sakanako bailara osoa ondo ikusten da hemendik, aurreko astean bezala eguraldi garbi-garbiarekin, bertako herrixka guztiak behean ditugula: Unanu, Dorrao, Lizarraga, Arbizu, Etxarri Aranatz, …
Hemendik aurrera haize leuna bidaide izan dugu San Adriango ermitaraino. Aurretik Arrangarteko atakatik igaro gara; eta ibilbidea harritsua eta oso irregularra da. Ermitaren inguruan argazkia egin ondoren, beheranzko bideari ekin diogu. Dexenteko gainbehera dago jaisteko eta kontuz ibili beharrekoa; harik eta pagadi batean sartu garen arte.
Zuhaitz artean eguzkitik babestuta aurrerantz jarraitu dugu, eta nahiz eta markatutako puntu zehatzetatik ez igaro, ingurutik igaro ditugu Arrangarteko tumulua, Tximuako lezea eta Arlezeko kobazuloa. Pagadian barrena itzal gozoa lagun dugula iritsi gara gosaltzeko tokira. Gosaldu ondoren, zuhaitz artean jarraitu dugu, eta Aldabietako iturriaren parean basotik irten eta berriro eguzkiaren beroa sentitu dugu soilgune bat zeharkatzean.
Mendiko pistan aurrera, eguzkia eta tarteka itzala ditugula, konturatzerako Dulantz gailurrean ginen. 360 graduko panoramika ikusgarria dugu aurrean. Baso zabalak eta mendi enblematikoak: Urbasako eta Aizkorriko mendilerroak, Beriain, Eloko Higa, … eta urrunean Lokizko mendizerra eta Ameskoa ibarrak ere bai. Ezin da galdu ikuspegi hau eta taldeko argazkia ere egin beharra dago.
Orain arte aldapatxoak eta ordeka izan baditugu nagusi, orain beheranzko ibilbidea izango dugu amaiera arte. Horrela, berriro pagadian bost kilometro inguru egin ondoren, eta Donipetri iturria igarota, Irantzu erreka parera iritsi gara. Arroila antzeko mendi artean jarraitu dugu, Buda tontorra eskuinean utzita, bero sapak orain arteko itzalari toki hartu diolarik. Gertu gaude eta Irantzuko iturrira iritsi gara; eta handik hurbil azkenean monasterioa ere azaldu zaigu.
Iturriko eta kanaleko uretan freskatu, arropak aldatu eta autobusean Arbizuko kanpinera joan gara bazkaltzera. Han ordu pare bat egin lagun artean bazkaldu ondoren, eta 16:45 aldera Goierrirako bidea hartu dugu.
Ibilbidea eta denborak:
Lizarraga mendatea (1.027 m), Portupekoleze (1.072 m; 0,8 km; 00:14), Arrangarteko ataka (1.099 m; 3,1 km; 00:49), San Adrian ermita (1.097 m; 3,7 km; 1:03), Arrangarte tumulua (1.072 m; 4,5 km; 1:15), Tximuako lezea (1.046 m; 4,8 km; 1:18), Arlezeko kobazuloa (1.083 m; 6,1 km; 1,41), Aldabideako iturria (1.178 m; 11 km; 3:05), Alto de la Nevera parean (1.195 m; 13,2 km; 3:35), Dulantz (1.244 m; 13,9 km; 3:49), Donepetri iturria (840 m; 17,3 km; 4:59), Irantzu erreka (757 m; 18,1 km; 5:08), Irantzuko monasterioa (654 m; 20,3 km; 5:36).
Desnibel metatua: igoeratan: 451 m; jaitsieratan: 756 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Portupekoleze 1
Gure erromesaldi bereziarekin jarraituz, Andia Urbasa parke naturalera etorri gara gaurkoan; Lizarragako mendatera, hain zuzen. Hango benta aurreko aparkalekua erabat berritua eta, batez ere, handitua dago, eta hantxe aparkatu dugu mendiz mendi abiatu aurretik. Zeruan laino zurixka batzuk badauden arren, eguraldi eguzkitsua dugu eta azken prestaketak amaitu orduko ekin diogu eguneko lehen puntu ikusgarri honen bila.
Portupeleze 2. Gainez gain naturak eskeintzen digun edertasunez gozatzen
Portupekoleze delakoa, naturak sortutako arte-lan ikusgarri bezain zoragarria da. Zenbat urtetako higadura behar izan ote da honelako monumentua gauzatu ahal izateko? Auskalo. Kontua da, hartu dugun abiaduragatik edo, batzuek ohartzerako aurrera joan direla eta ez dugu talde osoaren argazkia ateratzerik izan, aurreikusita zegoen bezala. Izan bitez honako bi hauek edertasun horren froga txiki bat. Behean, argazkiak laukitxoan sakatuta, gehiago ikusteko aukera ere badago.
Sakanako soroak eta herriak gure begi bistan
Portupekoleze igarota, Lizarragako mendate inguruko gailurrerian aurrera egin dugu. Behean, gure oinetan, Sakanako herri, herrixka eta zelaiak ageri dira, denak ere eguzkiak argitu eta edertuta. Aurreko ibilaldiko Beriain erraldoia ere han dago, benetan ikusgarri. Baita Aralar aldeko mendiak ere; izan ere, hemengo ikuspegia zabala da eta oso leku egokian gaude honelako eguraldiarekin horretaz gozatu ahal izateko.
Putreak guri begira
Goialde hauetan ez gaude bakarrik. Gailurretako batean, urrunean, sai hauek azaldu zaizkigu zaindari lanak egiten. Tarte batean lasai egon dira, baina taldekide bat argazkiak egiteko inguratu denean, hegotzarrak astindu eta zeruan gora abiatu dira airoso; ez dira gutaz fio nonbait. Zerura begiratu eta konturatu gara ez direla hemengo sai bakarrak; gehiago ere badabiltza hegan, batera eta bestera. Ez dira hegazti txikiak, urrunetik hala iruditu arren. Hurbildu garenean, egiazko tamainaz jabetu gara.
Urbasa-Andiako mendi tontorretan
Lehen esan bezala, ez gaude bakarrik goialde hauetan. Saiak bakarrik ez, beste animalia batzuk ere badabiltza ingurumari hauetan. Ahuntzak eta zaldiak dira, eta ez gutxi gainera. Aurrera jarraituz, Arrangarteko atakaren ondotik igaro gara. Hango horma-tarte estutik Lizarraga herrira jaitsi daiteke; bidea, ordea, gu egiten ari garena baina aldapatsuagoa da. Gu gainik gain gabiltza, bidexka harritsu erosotik, baina malda handirik igo beharrik gabe.
San Adrian ermitara iristen
Mendiarte estu eta ikusgarria igaro eta laster, gaurko bigarren leku garrantzitsuenera inguratu gara: San Adrian ermitara. Baseliza izen bereko gailurrean dago (1.114 m) eta hango ikuspegiak benetan apartak dira. Ermita ez ezik, mendiko babesleku ere bada eraikin hura. Eta baselizako aldare dotorean, soroak harri-erauntsietatik edota etxeak eta artaldeak tximistetatik babesten omen dituen santu txiki baina ausarta ikus daiteke.
San Adrian ermita atzean dugula
Baseliza haren ondoan egin dugu talde osoaren eguneko lehen argazkia. Ez da, ez, leku txarra horretarako. Handik aurrerakoa pagadian murgilduta egin dugu neurri handi batean. Hasiera batean, Zunbeltzeko bentara inguratuko gintuen bidea zegoen aurreikusita, baina bolada honetan jasaten ari garen beroa neurri batean saihesteko, beste bide batetik joatea erabaki da. Itzalean goazela, zaldi gainean doan talde bat topatu dugu. Itxuraz bederen, gu baino erosoago doazela ematen du.
Basoa, eguzkiaren babesleku.
Zaldiak eta zaldunak agurtuta, pagadiko itzaletik jarraitu dugu. Haren gerizpean egin dugu goizeko mokadutxoa ere. Pago berde lerdenak daude inguru hauetan eta tarte batean basoan bota eta pistatik ateratzen aritu direla ikusi dugu. Arrastoak daude, eta ez nolanahikoak. Bide erosoa da, baina zenbait gunetan erne ibili behar da, okerreko bidexkaren bat hartzeko arriskua ere badagoelako.
Taldea Dulantz mendian (1243 m.) Urbasako tontorrarik altuena.
Baso ederra igarota leku argiagoetara jalgi gara. Bideak behetik gora egiten badu ere, aldapa handirik gabe eroso goaz denok tropelean (39 mendizale). Alto de la Nevera tontorraren ingurutik igaro eta laster igo gara Dulantz mendiko gailurrera (1.243 m). Edozein lekutara begiratuta, Ikusmira ederra dago han ere. Horretaz baliatuta, taldearen argazki berri bat egin digu gure argazkilari finak. Hango lanak amaituta, beheranzko bidea hartu dugu, gaurko helmugaren bila.
Irantzu monasterioa, gaurko helmuga.
Hormigoizko pista piko batean behera kilometro batzuk egin ostean, Irantzu ibaiko arroilara heldu gara. Mendi artean beherantz jarraitu dugu, bide lauagoan, Irantzu ibaiaren ertzean beti ere. Handik gutxira gure helmuga agertu zaigu: Irantzuko monasterioa. Eraikin bikaina da eta ingurumari zoragarria du, baina gaurkoan bakar-bakarrik gaude. Dena guretzat.
Izerditutako arropak eta oinetakoak aldatu, txukun-txukun jantzi eta bazkaltzera. Arbizuko kanpinera joan gara gaur ere (Eco Camping Arbizu kanpina. Tel.: 848 47 09 22 eta 635 09 31 40; webgunea: www.campingarbizu.com), hango lan-talde bikainak etxean bezala sentiarazten gaituelako. Leku ederra da beste egun zoragarri bati amaiera emateko. Eta halaxe itzuli gara etxera, ahoan irribarrea dugula.
Bideoa
Estekak/Enlaces