FASEEN XEHETASUNAK
Lehen fasean, 2025eko urtarriletik martxo bitarte, Emakumeen Etxeak zer diren zabaltzea izango da helburua. Horretarako aurkezpenak egingo dira udal ordezkari eta eragile feministei egitasmoaren berri emateko.
Prozesua abiatzeko herritar guztiei irekia izango den mahai-ingurua antolatu da:
Bergarako Emakumeen Txokoa zertarako?
Martxoak 13, 18:00etan Seminarixoan.
Bigarren fasearen helburua Emakume Txokoan garatuko den proiektua eta zerbitzuaren definizioa herriko emakumeekin eta mugimendu feministarekin lantzea izango da. Lanketa hau beharrezkoa izango da, ekipamendu hauek ez baitira udal zerbitzu arruntak izaten. Emakume txokoak emakumeen ahalduntzerako eta mugimendu feminista indartzeko direnez, ezinbestean egitasmoa haiekin batera lantzea beharrezkoa da.
Gogoeta kolektiboa bermatzeko partaidetza prozesu bat irekiko da, izen emateekin. Martxotik irailera bitarte iraungo du gogoetak, bost saiotan banatuta.. Gogoeta-saio guztien aktak publikoak izango dira.
Saioetan parte hartzeko izena eman beharko da.
Hirugarren fasea pilotajea izango da. Ekipamendua ireki bitarte mugimendu feminista, berdintasun saila, gogoeta-fasean parte hartu duten emakumeak eta egitasmoaren parte izan nahi dutenekin batera ekipamenduaren funtzionamendua martxan jarriko da:
Ahalduntze-eskola
Espazioaren antolamendua
Ekipamenduaren inaugurazioa
Etab.
Azken fasea, egitasmoa definitu eta probatua dagoenean, eraikina prest dagoenean, ekipamendua irekitzeko baliabideak esleituak daudenean Txokoak ateak irekitzea besterik ez da faltako.
Bide hau zurekin egin nahi dugu, animatu zaitez!