JOLAS ETA KIROL EGOKITUAK

  1. Lurra laba bihurtzen da! (The floor is lava!): Egokiena etxeko gela handienean jokatzea izanen da; egongelan adibidez. Musika jartzen dugun bitartean (musikarik gabe jokatzen ahal da), haurrak egongela guztitik mugitzen hasiko dira. Jolas honetan, arduradun bat izanen dugu eta honek agindu hau nahi duenean eman beharko du: Lurra laba bihurtu da! Horrela, aginduak erraten duen moduan, haurrek ezingo dute lurra oinekin ukitu. Beraz, objektu baten gainean edo zintzilik jarri beharko dira. Minutu edo segundo batzuk pasa ondoren, arduradunak agindu berria emango du: Lurra ukitu dezakezue! Arduradunak jolasaren erritmoa aldatu dezake, aginduak lehenago edo beranduago emanez.


  1. Etxeko itsasotik barna: Kasu honetan, etxeko gela ezberdinak erabiltzen ahal dira jolasteko. Lurra itsasoa dela imajinatu behar dugu. Gure txalupa esku-oihala (toalla) izanen da. Txalupa erabiliz, gurasoak prestatutako zirkuitu bat egin dezakegu. Adibidez:


  • Hasiera: Haurraren gela.

  • Helmuga: Sukaldea

  • Helburua: Gela ezberdinetan gordetako 5 objektuak harrapatzea.

  • Zirkuitua: Aulkiak, sofa eta zenbait objektu handi jarriko ditugu, horrela haurrak itsasontziarekin (esku-oihala) jarritako traba ezberdinei aurre egin beharko diete.

  • Bertzerik: Zirkuitua nola egin behar duten jakiteko, mapa bat egiten ahal diozue, pista ezberdinak jarriz.


  1. Bat, bi hiru eguzki! (Un dos tres, pajarito Ingles): Denok ezaguna duzuen jolas hau, honako link-ean euskaraz azalduta ikusiko duzue:



  1. Herri kirolak: Herri kirolak etxeko testuingurura egokitu ditzakegu. Kasu honetan txingen eta koxkorren frogak burutuko ditugu.


  • Txingak: Ur botilak edo esnezko kutxak erabiltzen ahal ditugu. Etxeko eremu luzeenean burutzea izanen da egokiena; korridorean adibidez. Herri kiroletan plaza bat egitea, txingekin joan etorri bat egitea da. Haurren indarraren arabera, egin beharrekoa mugatu dezakezue.

  • Koxkorrak bildu: 7 bat galtzerdi edo zapirekin egin dezakegu. Kasu honetan ere, etxeko espazio luzeenean egitea aproposena da. Zazpi zapi edo galtzerdi ditugula erran dugunez, 7 espazio markatuko ditugu. Haurrak banaka galtzerdi guztiak jarri beharko ditu, eta ondoren denak bildu.

  • Bertzerik: Froga konbinatua egin dezakezue, lehenik koxkor bilketa eginez eta ondoren txingak garraiatuz.


  1. Golfa edo saskiratzeak (jaurtiketak): Saskiak distantzia ezberdinetara (zailtasunaren arabera) jarriko ditugu eta gomazko pilotekin jolasten ahalko gara. Helburua zailtasunen aurrean pilotak saskiratzea izango da.


  1. Animaliak imitatu: Txikienekin egiteko aproposa. Musika jarriko dugu (ez da beharrezkoa) eta honen erritmoan dantzan hasiko gara. Arduradunak (gurasoa) animali bat errandakoan, animali hori imitatu beharko dugu; adibidez: elefantea erranez gero, pausu indartsuak eta motelak egin beharko ditugu.


  1. Zakurretara: Harrapaketa jolasa izango da. Kasu honetan, etxean espazio gutxi dugunez 4 hanketan jolastuko gara zakurrak bezala. Harrapatzailea zakurra bezala 4 hanketan egonen da. Libre daudenak berriz, zutik. Zakurrak libre dagoena harrapatzerakoan zakurra bihurtuko da. Horrela denak zakurrak izan arte.


  1. Baloi eseria: Gomazko pilota edo baloi bat behar dugu. Etxeko espazio handienean jarriko gara. Honako hauek izango dira arauak:


  • Baloia eskutan izanez gero, ezingo duzu pausurik eman.

  • Baloiarekin gainontzekoei ematen saiatu behar zara. Baloia jaurtitzerakoan bertzea harrapatzen baduzu, eliminatua (lurrean exeri beharko zara) egongo da. Baloia jaurtitzerakoan, bertzeak airean hartzen badu, inor ez da eliminatuko.

  • Eliminatua zaudenean lurrean exerita, berriz ere bizirik egoteko aukera baloia hartzean egongo da. Baloia hartzen baduzu eta bertze eliminatu bati pasatzen badiozu, libre egongo zara. Ez badago inor eliminatua baloia pasatzeko, bizirik dagoen bati harrapatu beharko diozu.


  1. Errelebo ezberdinak: Errelebo jolas ezberdinak planteatzen ahalko dituzue; hala nola: Zig-zag (8bat kono. Konoak ez dira zertan behar, 8 objekturekin egin dezakezue) zirkuitu bat egingo dugu eta modu desberdinetan burutu beharko dugu.


  • Lasterka.

  • Txingoka (txandaka)

  • Goiti begira etzanda. Hankak erabiltzen ahalko dituzue bakarrik mugitzeko.

  • Beiti begira etzanda. Eskuak erabiltzen ahalko dituzue bakarrik mugitzeko.

  • Kokoriko (ttottoriko edo en cuclillas)

  • 4 hanketan tximinoak bezala.