2024- 2025 burutzen ari diren proiektuak honako hauek dira:
HYPPY TRESNA BALIOZKOTZEA:
Kirolarien jauzi bertikalen analisia, zehazki Countermovement Jump (CMJ) bezala ezagutzen den jauzi mota, errendimendu atletikoaren ebaluazioaren funtsezko tresnetako bat da. CMJaren ezaugarri nagusiak hauek dira: jauzi egiten hasi aurretik hankak tolestea, bulkada hartzeko besoak ez kulunkatzea eta eskuak gerriari helduta mantentzea. Jauzi honek kirolarien potentziari eta indar esplosiboari buruzko informazio baliotsua ematen du eta, ondorioz, neurri garrantzitsua da entrenamenduaren eta prestakuntza fisikoaren esparruan. Tradizionalki, jauzi bertikalaren altueraren ebaluazioa indar-plataformen bidez egin izan da [1-4], jauzi bertikaleko probak egiten direnean gold standard gisa hartzen direnak, doitasun- eta zehaztasun-maila handiak eskaintzen baitituzte.
Hala ere, nahiz eta erabilgarritasun ukaezina izan, indar-plataformek muga esanguratsuak dituzte. Garestiak direnez gero, kirol-ingurune eta entrenamendu-zentro askotan ezinezkoa da tresna horiek edukitzea. Prezioaz gain, plataforma hauen bolumenak eta eramangarritasun txikiak praktikotasuna kentzen die jauzi bertikalen ebaluaziorako mugikortasuna eta moldakortasuna funtsezkoak diren testuinguru horietan. Zentzu horretan, errendimenduaren ebaluazioa bilatzen duten kirolari horientzat batez ere, tresna mota hauetarako irisgarritasuna erronka bihurtzen da. Eta, hemen, teknologiak jokatutako paper berritzailea gakoa izan da, praktikoagoak eta eskuragarriagoak diren alternatibak txertatu baititu. Azken urteotan, My Jump bezalako aplikazioak sortu dira, aurrerapen teknologikoak probestuz, ohiko indar-plataformen mugak gainditu eta jauzi bertikalak ebaluatzeko irtenbide eskuragarriagoak eskaintzen dituztenak.
Testuinguru horretan, lan honek Hyppy izeneko datuak biltzeko sistema berri bat sartzea eta baliozkotzea proposatzen du. Ikuspegi horrek ohiko indar-plataformekin lotutako murrizketa ekonomikoak eta maneiu-murrizketak gainditzeaz gain, mota askotako kirolariei ebaluazio-tresna irisgarri bat ematea du helburu.
Azterlan honen lehen zatia Hyppy tresna jauzi bertikaletan datuak biltzeko tresna fidagarri eta eraginkor gisa baliozkotzea izanen da. Prozesu horren bidez, baliozkotutako beste bi metodorekin alderatuta, bere bideragarritasuna eta erabilgarritasuna frogatzea espero da. Bigarren zatian, bildutako datuen azterketa sakona egingo da, kirolariek egindako probei buruzko informazio baliotsua lortzeko xedearekin.
Laburbilduz, lan honek ekarpen esanguratsua egin nahi dio jauzi bertikalen analisiaren eremuari, neurketa-metodo berri, irisgarri eta eraginkor bat eskainiz.
MAKIAK
Espainiako Gerra Zibilaren testuinguruan, milaka pertsona izan ziren errepresaliatuak. Beste askok erbestera joan behar izan zuten. Estatuaren barruan lehenik eta, nazien okupaziopeko Frantziako erbestean ondoren, frankismoaren aurkako erresistentzia armatua antolatzen joan zen.
Espainiako gerraosteko garaian egondako erresistentzia-saiakera aniztasunean, makis edo “mendira joandakoek” toki berezia hartu izan dute iruditeria herrikoian. Mugimendu haren inguruan, ordea, duela ez gehiegira arte, arruntagoa izan da antifrankismoaren inguruko kontakizun erromantikoa sakoneko azterketa historiografikoa baino.
Makisak ez zuen Nafarroan Espainiako beste hainbat eskualdeetan izandako indarra eta presentzia izan. Nafarroa muga-eremua izanik, ordea, gerrila antrifrankistaren operazio berezi baten eszenatokietako batean bilakatu zen: 1944ko udazkenean izandako “Birkonkista Operazioa”.
Gure ikerketaren muina horixe da: frankismoaren garaiko justizia militarraren ardatz bilakatu ziren Gerra Kontseiluen oinarrietatik abiatuta, 1944ko urrian Nafarroako iparraldean atxilotuak izan ziren zortzi pertsonaren aurkako 603/44 espedientean murgiltzea eta epaitutakoen historiaren zati desberdinak ahal den neurrian berregiten saiatzea.
ONGIZATE EMOZIONALA ASKATASUNA INSTITUTUAN
Herritarren eta, zehatzago esanda, gazteen ongizate emozionala botere publikoen eta herritarren intereserako eta kezkarako gai bihurtu da. Izan ere, azken urteotan artikulu e azterlan ugari argitaratu dira, eta lagunekin, sare sozialekin, prentsarekin eta telebistarekin izandako elkarrizketetan behin eta berriz errepikatzen den gaietako bat da. Nafarroako errealitateari erreparatzen badiogu, Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) "Gaztea osasun mentala eta ongizate emozionala" izeneko monografikoa argitaratu zuen 2021ea gaztelaniaz zein euskaraz. Era berean, Burlatako Udalak, 2022an gazteriari buruz egindako diagnostikoan, alderdi horri ere erreparatu zion.
Bi kasuetan gazteen parte-hartzea nabarmena izan bazen ere, Ikerketa Batxilergo honetarako proposatzen dena zera da: alde batetik, beraiek izatea "ikasketa-zuzendari" eta Nafarroa Gazteriaren Institutuak 2021ean egindako azterlana erreplikatzea, konparazioak egin ah izateko, bestetik, aztergai horretara iristeko bide berriak proposatzea, eta, azkenik, auke berritzaileak proposatzea fenomeno horri ikastetxean eta parekoekin heltzeko.
MUGALARIAK: GERRA ZIBILEAN NAFARROAN ANTOLATUTAKO IHES EGITEKO SARE BAT BERRERAIKIZ
Gerra Zibilaren hasieratik Nafarroa matxinatuen kontrolpean gelditu zen. Gerra fronterik ez egon arren, errepublikaren aldeko nafarrek errepresio gogorra jasan zuten.
Hala ere, erresistentzia gune batzuk mantendu ziren, horien artean, errepresiotik edo derrigorrezko errekrutatzetik ihes egin nahi zuten pertsonei laguntzen zieten sare klandestinoak. Kontrabando lanetan trebatutako mugalarien laguntzaz, iheslariei muga zeharkatzen laguntzen zieten. Horietako bat 1938ko otsailean desegin zuten, eta atxilotutakoak (41 pertsona) gerra kontseilu sumarisimo baten bidez epaitu zituzten.
Espediente militar honetatik abiatuta, proiektuaren helburua sarearen funtzionamendua ikertzea izanen da, ahalik eta modu zehatzenean: sarea osatzen zuten pertsonen profilak, rolak, loturak aztertzea, ihes bidea eraikitzea, protagonisten biografiak osatzea.
BIZITZA ILUNTASUNEAN: IKUSTEN EZ DUGUN BIODIBERTSITATEA
Saguzarrak (chiroptera ordena, kiros grezierazko –eskua eta pteros – hegala) ugaztunen ordenaren barruan, animalia talde ezberdinenetakoak dira. Planeta osoan zehar banatuta daude eta 1.200 espezie baino gehiago dituzte, izan ere, dietari, babeslekuei eta ehiza-estrategiei dagokienez, barietate handia dute. Hegaldi autopropultsatua duten hegan egiteko gai diren ugaztun bakarrak dira; gorputz-tenperatura kontrolatzeko mekanismo sofistikatuak dituzte. Energia aurrezteko elikagaiak falta diren garaietan (eguneko lozorroa/hibernazioa), eta ultrasoinuak erabiltzen dituzte espazioan orientatzeko eta ehizatzeko (ekolokazioa).
Gainera, saguzarrek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte ekosistemetan, mantenugaien banaketan eta birziklapenean, polen eta hauzien sakabanaketan eta, batez ere, gure latitudeetan, nekazaritza-izurrite bihur daitezkeen intsektuen kontrolean parte hartuz.
Eta, hala ere, oso talde ezezaguna dira, eta horren inguruan ugaritzen dira beldurrak, kondairak eta uste faltsuak. Eta, gainera, mehatxupean daude: Europako saguzar-espezieen ehuneko handi batek hainbat mehatxu-maila jasaten ditu, haien populazioen eta habitaten kalteberatasunagatik. Ospe txar horren atzean ezjakintasuna dago, zalantzarik gabe: saguzarrek gauez hegan eta ehizan egiten dute, eta egunez arrakaletan edo antzematen zailak diren zuloetan babesten dira.
Dena dela, oharkabean pasatzen bazaizkigu ere, kiropteroak hiri-biodibertsitatearen parte dira, gure eraikin, parke, lorategi eta ibaietan bizi baitira. Leku askotan babesleku naturalak desagertu arren (presen desagerpena, errepideak habitaten zatitzea, azpiegiturak izatea) espezie batzuk egokitu dira hirian bizi izateko. Gizakiaren presentziari esker, arrakalak, intsektuak erakartzen dituzten farolak… ugaritzera egokitu ahal izan dira.