Modaren industria munduko bigarren kutsatzailea da

Merkataritza eta Garapenari buruzko NBEren Konferentziaren (UNCTAD)[1] arabera, modaren industria munduan gehien kutsatzen duen bigarrena da.

Adibidez, galtza bakero edo jeans batzuk ekoizteko 7.500 litro ur behar dira, hots, pertsona batek zazpi urtean edaten duen kopuruaren baliokidea. UNCTADek egindako azterlanak horrek erakusten duenez, modak ezarritako azken joerak jarraitzearen kostua arropa bakoitzeko ordaintzen dugun prezioa baino askoz garestiagoa da.

UNCTADek ezagutzera eman dituen datuen arabera, modaren sektoreak urtean 93.000 milioi metro kubiko ur erabiltzen ditu; bost milioi pertsonaren beharrak asetzeko adina. Gainera, urtero milioi erdi tona mikro-zuntz isurtzen dira itsasora, hau da, hiru milioi petrolio-upel.

Hori guztia gutxi balitz, modaren industriak nazioarteko hegaldi eta itsas garraio guztiek batera baino karbono-emisio gehiago sortzen ditu, eta horrek eragin zuzena du klima-aldaketan eta berotze globalean.

Moda azkarra

Horren guztiaren erantzukizuna, hein handi batean, “moda azkarraren” ereduarena (fast fashion) da. Eredu horrek jantziak prezio baxuetan eskaintzen ditu, etengabe aldatzeko aukera ematen du eta arropa sarri erosi eta botatzeko adorea ematen die kontsumitzaileei. Hori guztia dela eta, 2000tik 2014ra bitartean, jantzien ekoizpena bikoiztu egin zen. Estatuan, (2017) pertsona bakoitzak batez beste 34 jantzi kontsumitzen ditu urtean, eta 12-14 kilo arropa botatzen ditu Asociación Ibérica de Reciclaje Textilex-en (Asirtex) arabera.

Baztertutako arropa gehiena bigarren eskuko merkatuan saltzen da, baina pertsona/urte bakoitzeko 1,5 eta 2,5 kilo artean zuzenean zabortegian amaitzen da eta % 20 baino ezin da birziklatu. Horrek arrisku ekologiko bikoitza sortzen du, alde batetik, alferrikako hiperkontsumoa bultzatzen duten ohitura desegokiak sortzen ari direlako eta, bestetik, arropa merkea geroz eta kalitate okerragoko lehengaiekin egiten delako. Azken horrek arroparen birziklatzea zaildu edo eragozten du.

Aditu askoren ustez, NBEkoak barne, joera horrek eragin negatibo ugari ditu gizartean, ekonomian eta ingurumenean. Horregatik arropa ahalik eta modu iraunkor eta etikoenean ekoiztea bermatzearen garrantzia azpimarratzen dute.

...................................................................................................

[1] Merkataritza eta Garapenerako Nazio Batuen Konferentzia.

Nola murriztu zure armairuaren ingurumen-inpaktua

• Zaindu zure arropa. Jantziak urtebetez edo bi urte gehiagoz mantentzen baditugu, CO2 emisioak % 24 murrizten dira. Dirua aurrezteaz gain, ura eta lehengaiak ere aurrezten dira. Kimikariek eta pestizidek ibaiak, lurzorua eta basa-bizitza kaltetzea saihesten da, eta erregai fosilen erabilera ere murrizten da.

• Lehengai ekologikoak. Hobe kotoi organikoa, poliester birziklatua, tentzela, banbua eta abar, edo ehun birziklatuetatik datozen ehun ekologikoak erosten badira.

• Kilometro 0. Saltokitik gertu egindako arropak CO2 gutxiago sortzen du.

• Tindagai naturalak. Batzuetan, ehun ekologiko bat galdu egiten da kolorea aldatzeko tindagai kimiko bat aplikatu zaiolako.

• Erantzukizun soziala. Ahal izanez gero, ingurumen-erantzukizuneko politika duten markak aukeratu.

• Kalitatezko arropa. Kalitate handiagoa duten jantziek gehiago irauten dute eta, ondorioz, jasangarriagoak dira.

• “Esker oneko” jantziak. Arropa bati lotutako energia-kontsumoaren % 80 inguru arropa erosi duen pertsonaren ardura da, eta arropa garbitzeko moduarekin zerikusia du. Garbitu gabe denbora eman dezaketen eta erraz garbi daitezkeen jantziak aukeratu behar dira.

• Saldu osteko zerbitzua. Ohikoa ez den arren, gero eta gehiago dira doako konponketa-zerbitzua eskaintzen duten enpresak.

• Bigarren eskukoa. Jantzirik jasangarriena jada ekoiztuta dagoen jantzia da; beraz, jada gustuko ez duzun arropa baduzu, zaborrera bota beharrean hobe, oparitzen edo birziklatzen baduzu, eta, ahal den guztietan, bigarren eskuko dendetan erosi.

Argazkia: Larru zurrategien ondorioak (Bangladesh).
Argazkia: Erabilitako tinteak erreketara botatzearen ondorioak (Bangladesh).
Argazkia: Yangtze Ibaia gorriz tindatua ustez ehun tindatzen lanengatik (Chongqing -Txina).
Argazkia: Arropa eta ehun zabortegi bat.