Eskola Txikien Proiektuak

Maisu maistra berrientzako mintegia

Azken bi ikasturteetan saio bakarreko lan dinamikan zentratu ostean, ikasturte honetarako maisu maistren formazioari mintegi egitura ematea erabaki da. Eskola Txikien Plan Estrategikoaren lehen lan lerroak (L1) zehazten du, besteak beste, Eskola Txikietara datozen maisu maistra berriei eskaini beharreko formazioaren dinamikaren beharra. Orain arteko bideari jarraituz, ondokoa izango da lan dinamikaren mami nagusia:

  • Eskola Txikietara etortzen diren maisu maistra berriei Eskola Txikien ibilbideari buruzko oinarrizko ideiak azaltzea eta eskola hauetan hainbat arlo ulertu ahal izateko oinarrizko kontzeptuak azaltzea izango da helburu nagusia:

    • Horretarako beharrezkoa izango da adin aniztasunaz ulertzen duguna konkretatzea: Eskola Txikietan gai honekiko landu dugun ikuspegia aztertzea eta ikas prozesua ezaugarri honen baitan ulertzeak dituen ondorio praktikoak azaltzea.

    • Txikitasuna eta bere ezaugarri kualitatiboak ere landu beharko dira: Eskola Txikietan berezko dugun tamainaren eraginpean dauden ondorio zuzenak ulertzen laguntzea eta bultzatu nahi den ikuspegia lantzea.

    • Landa eremuan kokatuta egotearen garrantzia ere azpimarratu beharko da: ezaugarri honek izan ditzakeen inplikazio pedagogiko eta metodologikoak aztertzea eta ikas prozesuei laguntzeko dauden abantailak aprobetxatzeko estrategiak ematea.

Ikuspegi metodologikoaren ardatz nagusiak sakontzen laguntzea izango da mintegiko saioetan landuko den ardatz nagusia: ikasgelen antolaketa, curriculumaren diseinua, ikasleen arteko interakzioak, maisu maistren rola, ebaluazioa ...