Familia eta ikasle agurgarriok!
Denbora da Haur Hezkuntzako taldeak, eskolan egunerokoan ematen diren gora beherak, maiztasun eta modu jarraitu eta hurbil batean familiekin partekatzeko beharra sentitu genuena.
Ikasturte honetan martxan hasitako Mugimendu Autonomoan oinarritutako proiektuak, erronka garrantzitsu batetan jarri gintuen eta espazio eta dinamika berriekin batera, eskola komunitateko partaideen hartu-emanak aberastu eta sendotzea izan genituen helburu.
Momentu honetan, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean, osasun agintariek eta erakunde ofizialek adierazten duten bezala, erantzunkizun indibiduala eta kolektiboa gailendu eta guztion segurtasuna bermatzeko premiazkoak diren bitartekoak jarri beharrak, harremantzeko beste molde batzuk bilatzera eraman gaitu nahitaez.
Ildo honetatik, Eusko Jaurlaritzak ikasturte honetako eskola jarduerak bukatutzat ematen dituen heinean, bide berri hau zabaltzen dugu zuongana era erraz, esanguratsu eta ordenatu batean heltzeko.
Horrela bada, itxialdiko denbora tartean zuei helarazitako proposamen eta mezu guztiak SITES honetan bildu ditugu eta era berean, astez aste; erronka, lotura, ipuin, bideo edo jardueraren bat izango duzue berton prest nahibeste erabili ditzazuen. Beraz adi egon eta klikatu ordenagailu, tablet edo mugikorrean HLHI BARRUTIA eta murgildu zaitezte gure baliabide honetan!
Bukatzeko, ohikoak diren komunikazio kanalak zabalik jarraituko dutela azpimarratu nahi dizuegu, zuon ekarpen, ezagutza, jakinmin, interes eta ideiak gurekin partekatzea funtsezkoa baita aurrera begira ere elkarrekin eraikitzen joan gaitezen.
Pixkanaka-pixkanaka argia ikusten hasi garen garai honetan ziur gaude denok batera indarberrituta aterako garela
Animo eta segi aurrera. Muxu bat ikusi arte!
HAUR HEZKUNTZAKO HEZITZAILEAK
Ana, Bakarne, Maite L., Maite S., Amaia, Yoli, Irantzu, Izaskun, Marivi, Maider eta Olatz.