GABON EZ SEXISTAK

Familiekin eta klaustroarekin lantzeko materiala

Jokoek eta jostailuek ume eta gazteen garapenean garrantzia handia dute, egiaztatuta baitago jostailu eta jokoen bidez haurrek gaitasunak garatzeaz gain, baloreak ere bereganatzen dituztela. Eta, zorritxarrez, batzuetan, estereotipoak ere. Horregatik, oso garrantzitsua da jostailuen aukeraketa.


Gabonak gertu direnez, jostailu egokiak erosteko garrantziaz hausnarketa egin nahi dugu. Izan ere, jostailuen kalitatea eta umeen adina kontuan hartzeaz gain, beste elementu batzuk ez ditugu ahaztu behar; adibidez, jostailuek ezin dute indarkeria bultzatu, kooperazioa eta laguntasuna sustatu behar dute, jakin-mina eta sormena garatu behar dute, etabar. Gainera, jakin behar dugu ez daudela mutilentzako eta neskentzako jostailuak eta, beraz, mutikoek eta neskatilek jostailu mota guztiekin jolasteko eta gozatzeko eskubidea dutela.


Bestalde, liburuek ere funtzio hezitzailea dute eta, beraz, baloreak transmititzen dituzte. Hori dela eta, umeentzako liburuak erosten ditugunean, alde batzuetan jarriko dugu arreta; hala nola, emakumezko eta gizonezkoen arteko oreka dagoela, eta estereotipo sexistak agertzen ez direla.