Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Kutxa Ekoguneak 12-16 urteko gazteei zuzendutako Bihotz Berdeak programa abiatu zuten 2020. urtean. Programa honen xedea Gipuzkoan naturzale gazteen mugimendua sortzea da, naturaz jakin, gozatu eta arduratuko diren naturzaleak.
Naturan sakontzea, orientatzen jakitea, landareak eta animaliak identifikatzea, fluxu eta prozesu naturalak irakurtzen saiatzea; naturan gertatzen diren aldaketak hautematea eta horiek marrazki zein argazkien bidez islatzea, baita kontenplazioarekin gozatzea ere... Ate txiki bat ireki nahi da gaztetxo hauek lagunekin naturara joateko ohitura har dezaten, inoiz naturaren parte direla sentitzeko.
Gazteei bi urtetako ibilbidea proposatzen zaie, beraien bizitzako naturzale-ibilbideari hasiera eman eta ondoren, bakoitzaren interesak, nahiak eta aukerak jorratzen jarraitzeko bidea bilatzen lagunduko zaielarik.
Hileko azken igandean naturara hurbiltzeko saioak eskainiko zaizkie, denak batera, bi talde gidariekin konpainian, biologoa bata eta landuko den gaian aditua den gonbidatua bestea (mikologoa, geologoa, botanikoa, etnografoa, ....). Egitaraua osatzeko ostiralero proposamenak, irakurketak, bitxikeriak eta hausnarketarako ideiak eta iritziak bidaliko zaizkie, interesa suspertu eta beraien arteko hartu-emana indartzeko.
Boluntariotza-jardueretan parte hartu ahal izango dute nahi izanez gero, eta ziur, beren lagun-komunitatea sortuko dutela interesa berberak dituzten pertsonekin batera.
Animaliak atsegin dituenak, mendiko txangoen zalea denak, poltsikotan intsektuak sartzeko ohitura duenak, eta zeruari begira liluratuta gelditzen den horrek… igandeetako plan zoragarriak eginez eta aste bukaera guztietan iritsiko zaizkion proposamenak gauzatuz, bere zaletasun hori asetuko du. Landare bildumak egin, zuhaitzak eta txoriak identifikatu, intsektuen bizi estrategiak ezagutu, kobazulo batean sartu edo menta-belarra usainduz aldapa behera pozik jaitsiko dira bihotza berdetzen
zaien bitartean.
Programazio berritua, gonbidatu berriak eta beti bezala natura zaletasunari bideak irekiko dizkiegu… berriro martxan gaude Bihotz Berdeak!