LAMIA

BESTE IZEN BATZUK: LAMIN, LAMIÑA, AMILAMIA

Orain arte euskara gorde izan den eremuan aipatzen da, batez ere, jeinu hau, baina, oro har, ezaguna da zazpi lurraldeetan.

Jeinu honek emakume eder baten itxura du gorputzaren erditik gora, eta hankak oiloarenak, ahatearenak, nahiz ahuntzarenak bezalakoak ditu. Aldiz, kosta aldean, gorputz erditik behera arrain tankera hartzen dute. Lamien zereginen artean honako hauek zeuden: artilea haritu; trikuharriak, etxeak eta elizak eraiki; eta arropak garbitu. Baina asko atsegin du urrezko orrazi batekin bere adats ederra orraztea, erreka bazter edo urmahel batean. Haitzuloetan edo erreka putzuetan nahiz urmaeletan bizi ohi da.

Gizonei eskatzen zien ogiari, urdaiari eta sagardoari esker elikatzen ziren, edota bere deboziozkoek eskainitako ogi, gatzatu eta esneari esker. Esan ohi da Lamiak ‘ezetza’ zela medio bizi zirela. Alegia, nekazariak zergak ordaintzerakoan, iruzurra eginez, zeuzkan lurrak baino gutxiago aitortzen bazituen, bere esanetan ez zeuzkan lur horiengatik Lamiak kobratzen omen zituen aitortu gabeko zergak. Iruzurraren kontrako eta zintzotasunaren aldeko jeinu legez ere agertzen zaigu, beraz.

Batzuetan gizakiei eskatzen die laguntza, adibidez, emagin lanak egiteko, baino askotan mehatxuen bidez egiten ditu eskakizunak. Adibidez, Lamia bat azken arnasa ematen ari denean, pertsona bat bertan egotea eta otoitz bat botatzea eskatzen omen du, bestela ezin baita bakean hil. Aldiz, beste batzuetan, bera agertzen da adeitsu pertsonei laguntza eskainiz.

Lamien eta gizon gazteen arteko maitemintzeak ere agertzen zaizkigu, haren edertasunak liluratuta uzten baitu gazteren bat, zenbaitetan.

Lamien desagertzea baselizen eraikitzeari, elizetako kanpai hotsei, eta errezoei ere egotzi zaie. Dirudienez, kristautasunaren etorrerak badu zerikusia Lamien bukaerarekin. Aspaldiko jeinua dugun seinale da hori. Toponimian, lekuko ugari utzi dute Lamiek. Gipuzkoako eskualdean: Lamiategi, Orendainen; Laminatea, Hondarrabin, eta Lamitegi, Asteasun. Bizkaian: Lamikiz, Markinan, eta Laminerreka, Zeberion. Nafarroa Beheran: Laminzulo, Isturitzen. Lapurdin: Lamuxain, Sara herrian. Nafarroan: Lamiosin, Beran, eta Lamiarri, Baztanen.

Lamia, Mitologia Klasikoan, burua eta bularra emakumearena eta gorputza sugearena duen izaki fantastiko da. Gazteak eta umeak erakartzen ditu odola zurrupatzeko xedearekin, banpiro modernoaren aintzindaria da. Gure Lamiaren izena izaki honetatik etortzea baliteke (Erromatarrek ekarria, agian), baina, ezaugarriei begiratuz gero mitologia klasikoko Sirenarekin antzekotasun gehiago ditu. Sirenak, hasiera batean, mitologia klasikoan (Grezia, Ejipto ...) emakume eta hegaztien arteko nahasteak ziren, baina, Europa mendebaldean IX. mendetik aurrera emakume eta arrainen nahastean bilakatu ziren.

Elezaharrak dionez, Anboto eta Arangio artean artaldearekin egoten zen artzain bati maiz agertzen omen zitzaizkion Lamiak, eta oso ongi pasatzen omen zuen hark, dantzan ibiltzen baitzuten airean. Artzaina gustura zebilen neska gazte eder haiekin, berak ez baitzekien Lamiak zirela. Batekin harreman sendoagoa egin zuen, eta etxeraino ere laguntzen omen zion.

Behin batean, eraztun bat oparitu zion Lamiak artzainari, eta ezkontzeko hitza eman zioten elkarri. Mutilak kontatu zion amari, eta amak, kezkatuta, herriko apaizarengana joateko eskatu zion semeari. Elizgizonak, mesfidati, emaztegaiari oinak behatzeko agindu zion.

Artzainak horrela egin zuen eta bere hankak ikustean ahatearenak bezalakoak zirela ohartu zen. Orduan, eraztuna atera nahi izan zuen lamiari itzultzeko; baina ahaleginak egin arren, ezin izan zuen atera, eta atzamarra moztu behar izan zuen. Eraztuna atzamar eta guzti itzuli zion lamiari, eta etxera joan zen. Sendatu zuen atzamarra, eta ohean sartu zen. Lamia haserre bizian gelditu zen, eta mutila ez omen zen gehiago esnatu.