Inauteriak neguaren akaberarekin eta udaberriaren sarrerarekin batuta dauden neurrian, antzinako sinesmen animistaren jatorri mitiko bat dute. Gainera, zenbait lekutan, izaki mitologiko gaiztoak uxatzen ziren eta zarata handia ateratzeko baimena zegoen.
Beraz, esan daiteke, mitologiarekin zerikusia badutela inauteriek. Eta, egia esan, bertan agertzen zaizkigun pertsonaia batzuk elezaharretatik ateratakoak dirudite. Sorginak eta akerbeltz pertsonaia mitologikoak agertzen zaizkigu ihauteri batzutan, eta azken aldian, zenbait herritako ihauterietan sortzen ari diren pertsonaia berriak mitologiatik jasotakoak dira asko eta asko (Lamiak, Jentilak, Basajaun ...).
Dena dela, mitologia pertsonaiak nahiz ihauteria pertsonaiak antzinatik datozkigun euskal sinismenekin batu behar ditugu. Ihauteri ohituerak eta pertsonaiak, hain zuzen ere, hasieran aipatu bezala, kristautasuna ailegatu aurretik udaberriko ekinozioaren ospakizunekin zerikusia dute.
Antzinako gizakiarentzat denbora ez zen kontzeptu abstraktu bat. Naturarekin harreman zuzenean bizi zen eta izadiaren ziklikoen hurrenkerak neurtzen zuen denbora.
Ziklo nagusiak eguna eta urtea ziren. Urtearen bilakaeran neguaren akabera eta udaberriaren jaiotzak berebiziko garrantzia zuen gizakiarentzat, bizirauteko behar zuena une horretan hasiko baitzen sortzen. Inauteri jaiak naturaren berpizte garaia iragartzen digu, udaberriari ongietorria emateko ospakizun paganotik datorkigu. Bestalde, negua ekarri zuten izaki ilunak, naturaren heriotza eragin zuten gaizkiaren indarrak, uxatu nahi dira maskarekin, suarekin eta zaratekin, argitasunari eta naturaren berpizteari ateak irekitzeko. Aro berriak naturaren eta nekazaritzaren berpizkundea ekarriko zuen.
Ziklo berri bat sortzeko, garai berriari dehiadar egiteko, erritora jotzen zen. Ezerk ez zuen ziurtatzen etapa berritu bat iritsiko zenik eta beharrezkoa zen dagokion errituala betetzea, inauteri ospakizuna aurrera eramatea. Hainbat lekutan uste izan da inauteri tradizionalik egiten ez bazen zorigaitzezko urtea izango zela.
Inauteriak Euskal Herriko leku askotan, neguari amaiera eta udaberriari ongietorria emateko ospatzen diren, eta ospatu izan diren, jai paganoak dira. Inauteri tradizionala aspalditik datozkigu landa-eremuan eta kristau egutegiko Garizumarekin lotu izan dira Erdi Arotik aurrera. Garizuman, Aste Santu aurreko 4o egun horietan, kristauek otoitza, penitentzia eta baraua aldia eramaten zuten aurrera. Garai ilun espiritual horretan sartu aurretik gehiegikeriazko jaia egiten zen, askatasunezko hustuketa egunak. Garai batean neguaren amaiera jaia zena, eleizaren egutegiarekin batu zen eta barau garai aurretiko jai aztoratua bihurtu zen. Jan-edan neurrigabea, ohiko gizarte arauak apurtzea, zarata eta mozorroak izaten dira nagusi.
Jaiak, leku gehienetan, igandean, astelehenean eta asteartean izaten dira, eta asteazkena Errauts Egunba Garizumaren hasiera izaten da. Baina badira beste molde batekoak ere. Garai batean, Nafarroan batez ere, Garizuma baino lehenagoko hiru ostegunak ospatu egiten ziren. Lehenbizikoa izakunde, aitakunde edo gizakunde izena hartzen zuen; bigarren ostegunak emakunde edo andrekunde eta azkenak orokunde edo orakunde.
Inauteriak, ihauteak, ihoteak edo haratusteak leku anitzetan neguaren bukaera aldera ospatzen diren jaiak dira. Haratuste hitzaren jatorria "haragi uztea" omen da eta , mendebaldeko euskaraz erabiltzen da, nahiz eta gaur egun "haragi" eta "utzi" hitzak euskalki hartan ohikoenak ez izan. Azken izen hau mundu osoan zehar erabiltzen den carnaval edo carnivalen parekoena da, hauek latinetik baitatoz: carne (haragi) eta levare (utzi). Hala ere Euskal Herrian iñauteri, ihauteri, haratuste eta iyote gehiagotan erabiltzen dira. Inauteri hitzak "inausi" aditzarekin harremana bide dauka, zuhaitzak inausteko garaiarekin, alegia.
Euskal Herrian zaratarekin lurra esnatzeko deia zegoela uste izan da eta horregatik, askotan, ereite jai batekin harremandu da inauteria. Horren adibideak ikusi daitezke Sakanako inauterietan: Olaztin zimaurra botatzen da gurdi batetik eta Altsasuko momotxorroek goldea erabiltzen dute lurra esnatzeko. Ituren eta Zubietan, berriz, joaldunak ateratzen dira, zarata eginez, erritmo jakin bati jarraiki. Hainbat herritan, pertsonaia doilor jakin bat egiten da erru kolektiboaren morroi, esaterako, Arabako Porretero izeneko pertsonaia, epaitu eta putreek jan dezaten errekara botatzen dena.
Gaur egun, hirietako inauterietako osagai nagusiak mozorroa, musika eta dantza badira ere, inauteri tradizonaletan ekintza-esparru zabalagoa zegoen: txantxak, zarata sortu, eltzeak puskatu, elkarri ura, zahia, irina eta beste gauzak bota, puxikaz eta makilez jo, txakur eta katuen buztanei gauzak lotu, oilarrekin jolastu, etxez etxeko eskeak egin ondoren oturuntzak, iseka egin, irainak bota, sekretu eta zurrumurruak zabaldu eta abar.
Inauterietan ohikoa den zarata eta zalaparta izaki mitologiko edota espiritu gaiztoak uxatze helburuarekin ere lotu izan da. Zarata ez ezik makarek ere xede hori dute: izaki gaiztoak izutu eta urrunaraztea.
Gizarte arauak itogarriagoak ziren garaian ihauteriak garrantzi handiago zuten; ihauterietan dena libre baitzen, gizarte molde guztiak bestelakatzen ziren: eskalea zena aberats bilakatzen zen, gizonezkoa emakume, apeza apezpiku ...
Iraultza hau ez zen agintarien gustokoa. Horregatik behin eta berriro debekatzen saiatzen ziren, edota zigor galantak ezartzen. 1601. urtean Irunean ihauterietan apez batek kardinalearena egiteagatik, gogorki ordaindu behar izan zuen: bi urtez hiritik herbesteraturik, urte an soldatarik gabe eta isun bat ordaindu beharra.