Euskal inauteri tradizionala naturaren zikloekin lotuta dago, neguaren amaiera eta udaberriaren etorrera markatzen duen antzinako festa komunitarioa da, eta sustraiean garbitasuna, berritzea eta emankortasuna ditu xede. Landa-herrietan ospatzen da batez ere, eta erritual sinbolikoak, musika, dantzak, zarata, mozorroak eta pertsonaia mitologikoak dira protagonista nagusiak.
Euskal inauteri tradizionalak, oro har, honako ezaugarri nagusi hauek ditu:
Jai bat da, ospakizun alai herrikoia. Bereziki, musikak eta dantzak garrantzi handia dute. Herritarrak, batez ere gazteak, kalejiran ateratzen dira musika lagun dutela soilik ondo pasatzeko, eskean aritzeko edo dantzan egiteko. Musikak, entretenitzeaz gain, funtzio erritual bat betetzen du: udaberria deitzea, herria espiritu txarrez garbitzea eta komunitatea indartzea. Joareekin, zintzarriekin edo karrakekin ateretzen den zaratak ere helburu berberak ditu espiritu gaiztoak uxatzea eta urtegarai berria esnatzeko naturari deiadar egitea.
Erabiltzen diren musika tresna tradizional ohikoenak txistua, atabala, panderoa, trikitixa, alboka eta adarra dira. Txistua eta atabala kalejira, prozesio eta dantzetan erabiltzen da gehienbat. Kalejira eta dantzetarako trikitixa eta panderoa ere maiz erabiltzen dira.
Alboka, adibidez, Ituren eta Zubieta bezalako herrietan erabiltzen da zanpantzarren kalejiran, eta erritmoa markatzen duten tresna garrantzitsuenak joarea (zintzarri handia) eta zartagailua dira.
Herrietan zehar ibiltzen diren kalejira edo prozesioetan -musika, dantza eta errituala uztartuz- dantza hauek dira esanguratsuenak: Sorgin-dantza (Antzuola), Zahagi-dantza (Markina-Xemein, Goizueta eta Arano), Talai-dantza (Amezketa), Txantxo-dantza (Abaltzisketa), Kaskarotak (Uztaritzen, Hazparnen eta Ezpeletan), Jautziak (Luzaide, Baztan eta Iparralde), Martxak (Luzaiden eta Baxenabarre), Bolantak (Luzaide), Zortzikoa (Lantz), Makil-dantza (Bera), Porreroen dantza (Kuartango)
Diru-bilketan ibiltzen diren taldeek, kalejiran eta dantzan eghiteaz gain, ohikoa da bertsoak botatzea edo kantu bereziak abestea.
Inauteri tradizionalen ezaugarri esanguratsuenetako bat jai zaratasuak izatea da. Zarata erritmo bat jarraitzeko edo kaosa sortzeko edo deiadar modura erabiltzen da. Ituren eta Zubietan Joaldunak joareekin, Zuberoan Txerreroak gerrian daramaten txilinekin, Lapurdin Kotillun-gorriek ere txilinak erabiltzen dituzte. Araban, batez ere Ilarduian, Eginon eta Andoinen, porreroek zintzarriak, kaskabiloak, karrakak eta txerri-maskuriak ateratzen dituzte "lastozko gizonaren" desfilean. Zalduondon ere tresna zaratatsuak erabiltzen dira epaitzeko eta panpina erretzeko. Nafarroan, Lizarran, Kaldereroen Gauak zartaginen eta lapikoen zalaparta du ezaugarri nagusi, Lesakan, Goitarrek kaskabiloak eta kriskitinak daramatzate, eta Altsasun momotxorroek zintzarrien soinuarekin iragartzen dute euren etorrera. Burrunbak naturaren esnatzea eta neguko izpiritu gaiztoak uxatzea sinbolizatzen du. Zarata bizi eta kaotiko hori erritualaren funtsezko osagaia da, kaosetik ordenarako bidea markatzen du eta udaberriaren etorrera iragartzen du.
Euskal Herriko inauterietako mozorroak herriz herri aldatzen dira, baina naturari, lanbideei, emankortasunari eta ongiaren eta gaizkiaren arteko borrokari lotutako elementu sinbolikoak ugari dira leku askotan. Aurpegia margotuz edo zapiekin edo maskarakin estaliz nortasuna ezkutatzea ohikoa da inauteri gehienetan. Trasnsgresiorako eta ohiko rolak aldatzeko balio duten mozorroak ere indar handia dute jai hauetan.
Inauteri tradizionaletan mozorroak jartzeak hainbat esanahi edo arrazoi ditu:
Identitatea ezkutatzea eta anonimotasunean jardutea: jendeak nor den ez jakiteak, norma sozialetik kanpo egon daitezken ekintzak egitea ahalbidetzen du, jendeak ekintza desohikoak egiten ditu, hala nola, jauntxoekin sartzea, errautsa botatzea, baserrietan janaria ostea, burla egitea e.a., eta hau guztia ondoriorik nozitu gabe..
Nortasun indibiduala haustea eta pertsonaia kolektibo edo mitiko bihurtzea.
Albisteak eta kritikak adieraztea: mozkorrak erabiliz, pertsonaek gizartearen kontra edo tokiko gertaerak buruzko iritziak adieraz ditzakete errepresaliarik gabe, umorez edo satirez.
Naturaren berpizkundearen sinboloa: Joaldunak (zintzarri-eramaileak), hartza (hartza) edo Miel Otxin bezalako irudiek nekazaritza zikloari eta ziklo naturalari lotutako sinbolismo sakona dute. Bere soinu, mugimendu eta ekintza erritualek neguko iluntasunaren eta udaberriko argiaren arteko borroka irudikatzen dute eta natura lokartua esnatzea eta espiritu txarrak uxatzea bilatzen dutenak.
Adibidez, Zubietan eta Iturenen joaldunek larruzko maskarak erabiltzen dituzte, Baztanen zaku zaharrek zapi batekin estaltzen dute aurpegia, Bidasoako Beran mamuxarroek brontzezko maskara zaharrak erabiltzen dituzte, Uztaritzen (Lapurdi) kotilun gorriak oihalezko maskara bat darama.
Beste leku batzuetan oihalekin edo zakuekin estaltzen dira. Hala nola:
Zalduondo (Araba): Herriko gazteak zaku beltzez estalita irteten dira eta horietako batek, "Judas" edo "zakuko gizona" izenekoak, tunika beltz bat darama.
Mundaka (Bizkaia): Atorrak taldeak burko zorro bat darama buruan, blusa eta galtza zuriekin batera, mozorro tradizionalaren zati gisa.
Elduaien (Nafarroa): Txantxoek burua hiru puntako zapi zuri batekin estaltzen zuten.
Baztan (Nafarroa): Zaku zaharrek oihalezko zakuak erabiltzen dituzte, eta lastozko kapela daramate aurpegia estaltzen dien zapiaren gainean.
Jai giroari alaitasuna eta dantzei erritmoa ematen dien beste elementu batzuk koloreetako zintak izaten dira; kapeletan, atorretan edo soinean daramaten beste jantzi batean. Ituren eta Zubietako Joaldunek kapela konikoan zetazko eta kolore biziko zintak daramatzate. Baztanen Mairuek (mozorrotutako emakumeak) lastozko kapeletan daramatzate, mozorroari mugimendua gehituz. Lekorne bezalako herrietan, Santibateko inauterietan, zirtzilak (zarpailak) eta beste pertsonaia batzuek txapel konikoak daramatzate, koloretako zintekin apainduta eta Zuberoan. Basabürüko Ihauteriak-en, parte-hartzaileek xingolak zintzilik dituzten kapela gorri eta beltzak erabiltzen dituzte, ongiaren eta gaizkiaren indarrak irudikatuz.
Zapi koloretsua lepoan edo sorbaldan eramatea ere ohikoa da herri askotan. Zaku-oihalez egindako mozorroak edo erdi larruz osatuak ere maiz erabiltzen dira
Emakumezkoak gizonezkoz mozorrotzea, eta alderantziz, herri askotan egiten da. Lanbide ezberdinetan erabiltzen diren jazkerak ere erabiltzen dira: artzain, ikazkin, inude … Lanbide ezberdinetako tresnak ere erabiltzen dira osagarri modura: sardeak, zintzarri edo joareak, goldeak, eskuareak, e.a.
Erritual sinboliko edo antzezpenetan parte hartzen duten pertsonaia bereziak inauterietan, eta hauek lekuan lekuko mozorroa daramate.
Euskal inauteri tradizionaletan naturaren esnatzea eta neguaren amaiera sinbolizatzeko mozorrotzen da azken batean. Mozorroek, maskarak eta larru, zaku edo zintzarriekin egindako jantziek, gizakiaren gainetiko indarrak irudikatzen dituzte, mitoak edo pertsonaia paganoak, hala nola Basajauna edo Miel Otxin. Mozorroaren bidez, urtaroen arteko igarobidea erritualizatzen da, gaitzak uxatuz eta komunitatea garbituz. Ez da soilik identitatea ezkutatzea, baizik eta rol sinboliko bat gorpuztea, emankortasunaren eta berrikuntzaren antzinako erritu batean.
Inauterien alderdi garrantzitsu bat herritarrak ohiko arauak urratzeko baimena edukitzea da: beste sexu bateko arropekin janztea, gazteek herriko etxeetan lapurtzen zuten, hurbiltzen zen guztia zikintzen zuten, auzokideen portaera batzuk kritikatzen zituzten, ezarritako botereei edo herriko jauntxoei burla egiten zitzaien, eta abar. Urteko beste une batzuetan debekatuta zegoena egiteko baimena aurkitzen zen inauterietan. Askatasunez eta lasaitasunez jokatzeko baimena zegoen garai bat zen, ohiko gizarte arau edo formak estaltzen zuten zati hori azaleratzeko. Inauteria terapia kolektibo bikaina zen.
Inauteri tradizionaletan, hainbat transgresio sozial eta ritual gertatzen dira, hala nola:
Ohiko rol sozialaren aldaketa mozorroarekin: hierarkia sozialak aldi baterako indargabetzea, non gazteak, adinekoak, agintariak eta bizilagunak berdintasunean bizi diren erritualetan. Parte-hartzaileek, batez ere gazteek, identitate sinbolikoak hartzen dituzte (joaldunak, momotxorroa edo Zanpantzarrak esaterako), eguneroko roletik ateratzen dira eta naturaren, animalien edo irudi mitikoen indarrak irudikatzen dituzte. Asparrenan, porreroak lanbide tradizionalez (apaiza, errementaria, kale-garbitzailea) mozorrotzen dira ezarritako boterea barregarri uzteko.
Emakumezkoak gizonezkoz jaztea, eta alderantziz, ohikoa da ere. Elduayen txantxoak emakumez mozorrotzen dira blusa, gona zuria eta hiru puntako zapia jantzita. Beran iñudeak eta artzaiak konpartsan, paperak alderantzikatu egiten dira (emakumeak artzain eta gizonak inude).
Zuberoan, beltzak (desordena, kaos), gaiztakeriaren ordezkariak, eta gorriak (ordena, egitasmoa), onaren ordezkariak, elkarren aurka jokatzen dute, gizarte-egitura behin behinean apurtuz.
Arau sozialak haustea: Inauterietan desordena, gehiegizko zarata, umore gordina eta kritika sozial irekia baimentzen dira aldi baterako, batez ere antzerki-epaiketetan, non agintariak eta urteko ekitaldiak satirizatzen diren. Hierarkiarekiko eta urteko gertaerekiko kritika sozial esplizitua dago. Ekitaldi horietan gatazka komunitarioak edo agintarien akatsak azaleratzen dira; adibidez, Miel Otxin edota Markitos herriak epaitzen eta kondenatzen ditu. Eszenaratze horrek ordena sozialaren aldi baterako irauli egiten du eta katarsi kolektiboa ahalbidetzen du, non urtean gertatutakoa modu erritualizatuan zalantzan jartzen den, aldi berean kohesio komunitarioa indartuz.
Indarkeria kontrolatua: haurrak edo ikusleak makilekin edo putxikaz kolpatzea (Unanuan bezala), irina, errautsa, lokatza edo gorotza jaurtitzea, eta mehatxupean makilari musuak eskatzea onartzen dira, urtean zehar gertatzen ez den bezala. Ekitaldi horiek erritualizatu eta onartu egiten dira jaien testuinguruan.
Lapurretak edo kalteak: Talde batzuek, hala nola Iyuteak edo momotxorroak, janarien edo ondasunen lapurreta sinbolikoak egiten dituzte beren ibilbideetan zehar. Arabako inauterietan ere ohikoa da gazteek etxeetan ohiloak, gaztak edo eskura zituzten jatekoak lapurtzea, kuadriletako jatorduak prestatzeko. Adar jotzeak ere egiten zituzten, baserrietako nekazaritza tresnak ezkutatuz edo lekuz aldatuz, edo ateetako zerrailak “hormigo”arekin (eztiz eta irinez egindako orea) itxiz, gauez .
Kaosa sortzea: herri askotako inauterietan zintzarri eta kaskabiloen zalapartak, garrasiak, kaleetako desordenak eta pantomima groteskoek giro kaotikoa sortzen dute, udaberriko berrikuntza baino lehen ezarritako ordenaren haustura sinbolizatzen duena. Bereziki, Altsasuko Momotxorroek kaosa sortzen dute beren portaera basati eta desordenatuaren bidez: zoro moduan jokatzen dute, sardeak eramaten dituzte ikusleak bultzatu edo beldurtzeko, eta kaleetan zehar ibiltzen dira jendea ahalik eta gehien izutuz. Larruz jantzita, maskarak jantzita eta hildako animalien odolez zikinduta, haien itxurak eta soinuek beldurra sortzen dute.
Zenbait herritan aurrera eramaten diren jardunek eta antzezpenek karga sinboliko handia dute. Ekintza hauek, oro har, irudikatzen dutena neguaren eta udaberriaren arteko trantsizioa, naturaren berpizkundea, gaizkia uxatzea eta komunitate-purifikazioa edo berritzea dira. Maiz agertzen diren antzezpen erritualak gaizkiaren epaiketa, su garbitzailea, gaizkiaren eta ongiaren arteko borroka, hastapen-erritualak eta Hartza dira, bakoitza esanahi eta sinbolismo ezberdinarekin.
Besteak beste, honelako errepresentazio sinbolikoak aurkitzen ditugu:
Epaiketa publikoak
Esanahi sinboliko sakoneko antzezpenak egiten dira euskal inauterietan, bereziki Lantz (Lantza) bezalako herrietan, non Miel Otxin edo Ziripot bezalako pertsonaien epaiketa publikoak antzezten diren. Eszenaratze horiek justizia parodiatzen dute eta katarsi kolektiboa ahalbidetzen dute, urteko gaitzen "erruduna" epaituz eta sutan errez, bizioen kanporatzea eta berrikuntza komunitarioa sinbolizatuz. Zalduondon, Markitos panpina herrian gertatutako gaitz guztiengatik epaitzen dute (heriotzak, gatazkak, prezioak jaistea…) eta gaitzespen-sermoi baten ondoren, zigortu egiten dute sutan kiskaliz, komunitatearen purifikazioa sinbolizatuz. Illarduian, Lastozko Gizona epaitzen da, antzeko erritual batekin: urteko bekatuak irudikatzen ditu eta azkenean hau ere erre egiten dute.
Sua: garbiketa eta berrikuntza
Inauterietako ezagurri garrantzitsuenetakoa gaizkia sinbolizatzen duten panpinak erretzea da; honela, komunitatearen eta bizitzaren garbitzea eta berriztatzea ekartzen baita. Hain zuzen ere suak leku garrantzitsua du inauteri tradizionaletan, urtegarai berriari garbi ekiteko iraganean gertatutako gauza txar guztiak suntsitu egiten dira.
Lehen aipatutako epaiketa guzti horietan panpina erretzen da, baina beste leku batzuetan ere egiten da: Etxaurin Gerexipot gerezi-lapurra erretzen dute, Izaban Amanditxarko, Tafallan El Lagunero eta Lekunberrin Aittezarkoa.
Tolosan, 1840ko inauterietan edo iñauterietan hainbat su piztu ziren, eta badakigu beste horrenbeste egin zela hurrengo urteetan. Gaur egun, herri honetako inauteriak tradizionalak ez badira ere, jaiari amaiera emateko kartoizko sardina erraldoi bat erretzen da.
Araban, Eguinoko inauterietan, otea erretzen zen eta mutil batzuk dantzan aritzen ziren inguruan, beste batzuk suaren gainetik salto egiten zuten bitartean. Arabako Galarreta herrixkako gazteak Inauterietako suaren gainean jauzika aritzen ziren eta Langraiz Okakon mutilak nekaezin eta etengabe mugitzen ziren suaren inguruan.
Nafarroan, Altsasun desfilearen amaieran Momotxorroek su baten inguruko dantzak egiten dituzte Foru Plazan, jaiaren gorena markatuz. Ollabarreko plazan zahagi batetik ardoa edaten zuten, eta ondoren, makila baten muturrean jarrita, sutan erretzen zuten, inauterietako suan.
Suak eta panpinak edo objektuak erretzea inauterien amaiera markatzen duten ekintza sinbolikoak dira, garbitasuna, neguari agur egitea eta gaitzak kanporatzea irudikatzen dutenak.
Su hauek garbiketaren, neguaren amaieraren eta naturaren berpizkundearen ikur dira.
Gaizkiaren eta onaren arteko borroka
Euskal inauteri tradizionaletan ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka oso presente dago. Lehen aipatutako adibideetan gaizkia epaitu eta zigortu egiten da. Kaosa, gaizkiaren aldagai modura, kaleetan barrena nagusitzen da jaietan, baina amaieran komunitatearen garbikuntza irudikatzen duten erritualei esker guztia bere onera doa, garai berriari, udaberriari, bide emanez.
Honako hauen bidez sinbolizatzen da nagusiki:
Kontrako pertsonaiak: Gaizkia Zan Pantzar, Miel Otxin edo Ziripot bezalako irudiek gorpuzten dute, urteko gehiegikeriak, bizioak eta zoritxarrak irudikatzen dituztenak. Joaldunek, dantzariek edo talde gorriek (Zuberoan) irudikatzen dute ongia, ordena, argia eta udaberria ekartzen baitituzte.
Epaiketak eta gaizkiaren erreketa: Lantz, Zalduondo edo Illarduia bezalako herrietan, antzeztutako epaiketa bat egiten da, non gaizkiaren pertsonaia errudun deklaratzen den, erreketarekin bere porrota sinbolizatuz.
Borroka sinbolikoa Zuberoan: Maskaradetan, Beltzak taldeak kaosa eta gaizkia irudikatzen ditu, eta Gorriak taldeak, berriz, jantzi dotoreekin eta dantza txukunekin, ongia eta argiak iluntasunean lortutako garaipena sinbolizatzen ditu.
Naturatik esnatzea: Joaldunen zintzarrien zaratak gaizkiaren indarrak uxatzen ditu eta ongiaren garaipena iragartzen du, hau da, udaberriak neguari irabazten diola.
Sinbolismo horrek komunitate-berrikuntza eta kaosetik ordenara igarotzea indartzen ditu.
Hartza
Hartzak euskal inauteri tradizionaletan naturaren iratzartzea eta udaberriaren etorrera sinbolizatzen ditu. Neguan hartza hibernazioan dago eta inauterietako festek, zaratarekin eta erritualekin, hura esnatu nahi izaten dute neguaren amaiera eta ziklo naturalaren berpizkundea adierazteko. Abere hau sinbolizatzeko ohitura antzinatik etorriko da, Euskal Herrian hartzaren presentzia oso urria baita aspaldi hontan.
Sinbolismo nagusiak honako hauek dira:
Berrikuntza eta ugalkortasuna: Hartzaren iratzartzeak lotura estua du naturako bizitzaren birsorkuntzarekin eta lurraren ugalkortasunarekin, nekazaritza komunitate tradizionalentzat funtsezkoak ziren alderdiak.
Indar basatiak: Naturaren indar mendera ezinak eta indar primala irudikatzen ditu. Pertsonaiak askotan kaosa gorpuzten du, gero sinbolikoki komunitatean "zibilizatu" edo integratu aurretik festetan zehar.
Trantsizioa: Urte zaharraren (bere gaitzak beste pertsonaia batean, San Pantzarren, gorpuztu eta erretzen direnak) eta udaberriarekin hasten den bizi-ziklo berriaren arteko trantsizio une bat markatzen du.
Ilarduia, Egino eta Andoain bezalako herrietako inauterietan, hartzaren iratzartzea funtsezko gertaera da, bertako tradizioak bateratzen dituena. Parte-hartzaileek, askotan zintzarriekin, zarata egiten dute esnatze sinboliko honetan laguntzeko.
Hastapen-erritualak
Antropologoek Euskal Herriko landa eremuko hainbat inauteritan igarotze erritual edo iniziatiko gisa interpretatu dituzte hainbat elementu, nahiz eta sarritan emankortasun sinbolismoekin eta neguaren amaierarekin elkartzen diren.
Sinbologia hau duten inauteri adierazgarrienen artean honako hauek nabarmentzen dira:
Zuberoa (Soule) - Maskaradak (Maskaradak): ordena eta komunitatea irudikatzen duten "gorriek" eta kaosa eta natura basatia gorpuzten duten "beltzek" edo zikinak (beltzak) aurrera eramaten dituzten prozesioak eta dantzek, taldeen arteko ibilbideak eta elkarrekintzak, zenbait ikertzaileentzat igarotze erritoaren konnotazioak dituztela parte hartzen duten herriko gazteentzat.
Ituren eta Zubieta (Nafarroa) - Joaldunak: "Natura esnatzeko" herri batetik bestera zarataka desfilatzen duten joaldunen (zintzarriak dituzten gizonen) ekitaldia erritu arkaikoa da. Ikuspegi nagusia lurraren birsorkuntza bada ere, tradizioz herriko gizonezko gazteentzat gordetako parte-hartzeak gizarte-kohesioa eta belaunaldi-trantsizioa ditu.
Markina-Xemein (Bizkaia) - Antzar Jokoa: joko honetan partaideen indarra eta trebetasuna neurtzen da eta honek antzinatik datorkigun sinbolismo batera garamatza, gazteak komunitate-bizitzan integratzeko, helduen bizimoduan sartzekoko, erritualera.
Antropologo modernoek eztabaidatzen dute erritu horiek zentzu hertsian iniziatikoak ote diren (haurtzarotik helduarorako trantsizio formal gisa), baina sinbolismo-geruza sakona dute, urteko zikloaren birsorkuntzarekin, gazteak komunitate-bizitzan integratzearekin eta neguko kaosaren gainditze sinbolikoarekin lotuta.