Jainkoak esan zuen: "Egin dezagun gizakia, izan bedi gure antzeko, gure irudiko; menpera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurren narrastaka dabiltzan piztia guztiak". Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; gizaseme eta emakume egin zituen. Eta egin zuen guztia oso ona zela ikusi zuen Jainkoak.
Lurra lehortu zenean, kutxatik aterata, Noek aldarea eraiki, eta erre-oparia eskaini zion Jainkoari. Jainkoak gogo onez hartu zuen opari hau. Bedeinkatu zuen Noe, eta esan zion: "Ez da lurra hondatuko duen beste uholderik izango. Lurra lur den arte, ez dira hazia ereitea eta uzta biltzea, uda eta negua, etengo. Zerualdeko ostadarrak oroitaraziko dizue neure agintza hau"
Anaiak hurbildu zitzaizkionean; honela esan zien Josek: "Bai, Jose nauzue, zeuen anaia, Egiptora ekartzeko saldu zenutena. Baina ez izan orain atsekaberik, ez damurik, hona saldu ninduzuelako, Jainkoak zuen aurretik bidali nau, zuentzat behar adina janari gordetzeko eta zuek harrigarriro salbatzeko. Beraz, ez nauzue zuek bidali, Jainkoak baizik. Berak jarri nau faraoiaren ordezko, bere etxeko buru eta Egipto osoko agintari."
Esan zion Jainkoak Moisesi: "Ikusirik ditut nire herriaren nahigabeak. Askatu egin nahi dut, eta esnea eta eztia darion lurralde batera gidatu, zuk aterako duzu Egiptotik nire herria. Zurekin izango nauzu Ni". Moises joan zen Egiptora Jainkoaren agindua betetzera.
Jo zituzten apaizek adarrak. Adarrotsa entzutean, herriak izugarrizko irrintzia egin zuen, eta harresiak behea jo zuen. Orduan gudariek eraso egin zioten hiriari, nork bere aurrean zuen tartetik, eta hartu. Jauna Josuerekin izan zen, eta haren entzutea herrialde osoan zabaldu zen.
Goliatek, Dabi ikusi zuenean, deiadar egin zuen: "Agian zakur bat ote naiz ni, makilaz niregana etortzeko?". Dabidek erantzun: "Zu ezpataz, lantzaz eta ezkutuz armaturik zatoz niregana, baina ni Jaunaren izenean natorkizu". Gero, harri bat zorrotik hartuz, Goliati jaurti zion. Harria bekokian sartu zitzaion, eta lurrera erori zen erraldoia. Halaxe nagusitu zitzaion Dabid filistearrari.
Eguena argitu orduko, jaiki zen erregea eta lehoi-zulora joan zen lasterka batean. Lehoi-zulora harbildu eta Daniel bizirik aurkitzean, erregeak, pozaren pozez, Daniel zulotik ateratzeko agindu zuen. Atera zutenean, ez zuen urratu bat ere, Jainkoarengan jarri baitzuen bere usteona.
Honela hitzegin zion Jaunak Jonasi: "Ea, zoaz Ninibera, hiri handi horretara, eta hotsegin nire mezua berorren aurka, bururaino egina bainauka bere gaiztakeriaz". Abiatu zen, bai, Jonas, baina Tarsisera ihes egiteko asmotan, Jaunarengandik urrun. Tarsisera zihoan untzi bat aurkitu zuen; bidesaria ordaindurik, untziratu egin zen, untzikoekin batera Tarsisera joateko, Jaunarengandik urrun.
Bideo hauek hartuak dira helbide honetatik: http://erlijio.blogspot.com.es/p/israelgo-herriaren-historia.html