Mendebaldeko Fiordoetako Museoan ez dago euskal baleazaleen historiaren inguruko arrastorik.
Euskal baleazaleena islandiarrek eskolan ikasten duten gertakaria da, eta “Espainiarren hilketa” bezala ezagutzen dute. Dirudienez, iraganeko pasarte horrek nolabaiteko lotsa nazionala eragiten du, historikoki hilketa eta kriminalitate tasa oso baxua izan duen herri honetan.
1615. urteko udan 3 itsasontzi euskaldun iritsi ziren Islandiara balea ehizatzera. Orduan ez zekiten zein izango zen euren patu krudela.
1613. urtean iritsi ziren Strandir izeneko eskualdera balea ehizarako prestatutako lehenenengo euskal itsasontziak. Haien ondotik, balea ehizatzeko itsasontzi ugari iritsi zen Euskal Herritik. Baina 1615ean Danimarkako Erregeak –uhartea bere erreinupean baitzegoen– Islandian balea ehizatzen ari ziren euskaldunen aurkako legeak onartu zituen, haiek negoziotik at uzteko asmoz. Euskaldunen eta islandiarren harreman komertzialetik ez zuen etekin handirik ateratzen erregeak antza, eta hori ez zuen gustuko, jakina. Lege horien arabera, euskaldunek bertako biztanleen egunerokoari kalte eginez gero, haiei jazartzeko baimena zuen edozein islandiarrek.
Errege daniarrak legea onartu eta gutxira, uda hasieran iritsi ziren inguru horietara Gipuzkoatik abiatutako 3 itsasontzi, Pedro Agirrekoak, Esteban Telleriakoak eta Martin Villafrankakoak gobernatuta. Izatez, 1615ekoa urte gogorra izan zen Islandian. Kostaldeko izotzak ez ziren urtu uda iritsi arte eta Mendebaldeko Fiordoetan gosea zen nagusi. Euskal baleazaleek islandiarrekin zuten akordioari esker, 10 bat bale ehizatu ahal izan zituzten.
Bertako bizilagunekiko harremanak hasieran onak izan ziren arren, giroa apur bat gaiztotu egin zen, alde bateko zein besteko batzuen jarreragatik. Irailaren 20an, abiatzekotan zirela, bat-bateko ekaitzak kolpatu eta izotzak itsasontziak harkaitzetara bultza zituen. Hiru gizon ito ziren. Beste 82 marinelek txalupak itsasoratu eta itsasontzi handiagoen bila egin zuten arraun. Bizia salbatu zuten, momentuz.
Lurreratu zirenean, euskaldunek bertako biztanleei garrantzia gutxiko zorraz galdegin zizkieten. Aste batzuk lehenago emandako balea-koipearen truke, goseteak jotako bizilagunen ardiren bat eskuratu nahi zuten. Jón Grímsson apezak muzin egin zion euskaldunen eskaerari eta Martin Villafrankakoaren gizonek astindu egin zuten. Une horretan okertu zen betiko lehenagotik ere gaiztotutako giroa.
Ihesean hiru taldetan banatzea erabaki zuten euskaldunek. Pedro Agirrekoaren eta Esteban Telleriakoaren 50 marinelek negua Vatneyri-tik gertu pasa zuten. Udaberri aldera, arrantzontzi ingeles bati oldartu, bere egin eta Islandiatik ihes egitea lortu zuten azkenik. Ez dakigu Euskal Herrira iristea lortu ote zuten.
Martin Villafrankakoaren agindupekoak, bi taldetan banatuta, bestelako zoria izan zuten. Þingeyri herrira iritsi ziren. Bidean, bizirauteko zenbait gauza lapurtu zituzten hutsik zegoen arrantzagune daniar batean. Ihesi ari zirela bertako biztanleekin talka egin eta marinel guztiak hil zituzten. Gainontzeko 18 itsasgizonak, Martin Villafrankakoa buru zutela, Æðey izeneko uhartean geratu ziren, bertan negua pasatzeko asmoarekin.
Apezarekin izandako gertakariaren ostean, ordea, Ögurreko Ari Magnússon buruzagiak euskal baleazaleen aurkako neurriak hartzeko batzarra deitu zuen, eta berrogeita hamar lagun bildu zituen euskaldunei oldartzeko. Urriaren 13ko gauean Villafrankakoaren eskifaiako hainbat marinel hil zituzten Æðey uhartean. Ihes egin ahal izan zutenak Sandeyrin atzeman zituzten, uharte txiki hartatik gertu, txabola batean babestuta.
Martin Villafranka kapitain donostiarrak itsasora salto egin eta igerian ihes egiten saiatu zen, islandiarrei burla eta kantu eginez. “Itsas-txakurra edo amuarraia bailitzan” egiten omen zuen igeri. Izatez, inork gutxik jakingo baitzuen garai hartan Islandian igerian, itsaso hotz horietan ezinezkoa zelako. Harri batekin buruan jo zuten arte ez omen zen isildu Martin Villafrankakoa. Harrapatu, lehorrera eraman eta zintzurretik zilborrera zatitu zuten labanaz. Gainontzeko marinel euskaldunak ere laurdendu ostean, tripak harriz bete eta itsasora bota zituzten banan-bana, Islandian hain ohikoak diren amildegi zuribeltz horietako batetik.
Batzuk esaten dute bikingo hitza “wik”-etik datorrela eta hori uretako gizonak adierazten duela. Baina beste batzuek esaten dute “vik in”-etik datorrela eta uretara barrura adierazten du, hori pentsatzen dute bikingoak itsasontziak erabiltzen zutelako beraien konkistetarako.
Euskal herrian ere bikingoen konkistak egon ziren. 816an, Iruñean nafarren alde esku hartu zuten maurien aurkako gudaldian. 823an eta 825ean Mundakan, Urdai-bai kresal-ibaietan geratu ziren. 840an daniarrek Inperio frankoa eraso egin zuten atturri ibaitik. Akitaniaren nolabaiteko kontrola lortu zuten 15 urtetan. 859an Nafarroa erresuma zeharkatu zuten Mediterraneorantz. Bikingoen aginteak 982 arte iraun zuen Gaskonian, noiz Nafarroak gailendu zituzten.