SARRERA

Lan honen helburua da ezaguna dugun gure herria, Lekeitio, arakatuz, curriculumak zehazten dituen zenbait gai lantzea. Kaletik edukietara igarotzea, kalean, egunerokoan, gertuko adibideetan… baitugu benetako ikaskizuna; gure ingurunean ditugun baliabideetatik abiatuz, beraz, Lehen Hezkuntzako 3. zikloan landu beharreko edukiak lantzea.

Gure ikasleek denboraren eta espazioan zehar bidaiatu beharko dute; lehen urratsa beren burua nonbait eta noizbait kokatzea da; unibertsoan hasi eta eguzki-sisteman dagoen Lur planetan izango dute lehen geldialdia; Lurretik Euskal Herrirantz abiatuko dira eta Lekeition murgilduko dira. Lekeition lurra hartu eta bertan ikusiko dute beren burua gaur egun; baina ez isolaturik, beste zenbait izakiz inguraturik, izaki bizidunez, alegia.

Marierrota ezagutzera joatea gomendatzen die turismo- bulegokoak eta harantz abiatuko da taldea; bertara heldu eta paisaia ikaragarriaz gozatzeko aukera izango dute, ekosistema paregabea! Herrian bertan padura ederrarekin egingo dute topo eta han ere bizia aurkituko dute; hegazti piloa ikusi eta ezagutzeko aukera izango dute, migrazioen atseden leku ederra; baita inguruko landareria ezagutzeko aukera ere! Landare berezi batzuk aurkituko dituzte bertan, historiaurreko landareak.

Beharbada, bidaian zehar, denboran aurrera edo atzera egin eta bizitzaren sorreran koka daitezke ikasleak, dinosaurioen garaian! Espezie asko desagertu omen ziren eta landare horiek hondamendi hartatik bizirik dirautela ikusiko dute. Bidaiaren geldiune hori aprobetxatuz, oraingoan kobazuloetako garaian murgilduko dira ikasleak; orduko aztarna ederrak ditugu gure herrian Armintxe, Lumentza, Santa Katalina… Aldi historikoak, hala nola, historiaurrea, Erdi Aroa, Aro Modernoa, eta Aro Garaikidea.

Kobazuloekin hasi eta Santa Katalina aldean konturatuko dira Garraitz irla ere hor aurrez aurre dutela, eta horrek ere berebiziko garrantzia duela guretzat! Noizkoa den, zertarako erabili izan den… historia ezagutuko dute ikasleek, eta bizitzarik dagoen edo-egon den aztertu. Arrantzarekin lot dezakete irla; gure kulturaren oinarri; gure inguruan arrantzaleek arrantzatzen dituzten arrainak ezagutuz; sasoi bateko balearen harrapaketa ere bai. Ez hori bakarrik, padurako hegaztiak aztertu badituzte, orain itsaso aldeko hegaztiak ere ikusiko dituzte.

Bidaian zehar, zenbait salto eman dituztela ohartuko dira.

Baina... Marierrotatik beste ostera bat egitea ere gomendatu die bulegoko gidariak; energia lantzeko ezinbestekoa dela eta, arrantza ere landu dutenez, aspaldiko Mendieta burdinola ere ez uzteko bisitatu gabe; Errota bisita dezakete eta energia iturriak aztertu.

Aspaldi bizirik zeuden burdinolak denboran kokatu eta herrian izan zuten garrantzia ere azter dezakete, eta, bidaia bukatzeko, Isuntza hondartzatik eskolarako bidean, hondartzan geldiune luzetxoagoa egin; bertan begiak ongi ireki, herriari begiratu, itsasargia aztertu, irla agurtu, itsasoa dastatu eta… bainu ederrez gozatzeko aukera ez galtzeko esan die. Egia esan… gure ikasleek ondoen ezagutzen duten aldea dela pentsatzen dugu irakasleok, hala ere, han urrunean “Aittitta makurra” inoiz baino zuzenago ikusten dugu; ezagutzen al dute gure umeek haren istorioa?