Kontzejuak
Euskal Autonomia Erkidegoan dauden naturagune babestuek Araban dute hedadurarik handiena; horien kontserbazio baldintza onak, neurri handi batean, ingurune horiek duten izaera publikoagatik mantendu izan dira, eta baita lurraldeko herriek landa jardueraren tutoretza, kontserbazio eta oreka mantentzen arrakastaz egin izan duten lanagatik ere.
Hala ere, ingurune naturalarekiko koexistentzia eta errespetu eredu hau arrisku larrian dago, proiektu horiek eragindako eremu askotan biodibertsitatea, paisaia eta baita nekazaritza eta abeltzaintza ere, modu itzulezinean aldatuak izan baitaitezke azpiegitura handi horien eraginez.
Enpresa handiek lurralde osoko kontzejuetan aurkeztu dituzte beren proiektuak. Horrek presio handia eragin du haiengan, eta Administrazioa, horren aurrean, enpresekin lerrokatu da kasu batzuetan, edota ez du ezertxo ere egin.
Proiektu horiek ez dituzte errespetatzen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 2019an onartutako Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen printzipio gidariak, ez eta baliabideen jasangarritasun eta ekonomia irizpideak ere, AHT bikoizteko proiektuaren kasuan gertatzen den bezala.
Kontua ez da soilik Administrazioak berak onartu dituen irizpide arautzaileak aplikatzeko eskatzea, baizik eta benetako itun sozial bat ezartzea azpiegitura edo energia berriztagarrien proiektuen garapenean, ingurumenarekin gero eta sentsibilizatuago dagoen gizarte baten beharrei eta haren garapenean duen benetako parte-hartzeari lekua emango diena.
Proiektu horien aurrean, kontzeju asko erabat kontra agertu dira. Erabaki hori publikoki eskertu eta babestu nahi dugu. Badakigu horrelako proiektuek babesgabetasun sentsazio handia sortzen dutela herrietan, korporazio handiek mahaigaineratzen dituzten baliabideen aurrean eta Administrazioak toki-erakundeak eta lurraldea babesteko erakutsi duen interes faltaren aurrean.
Hori dela eta, ARABA BIZIRIK erakundetik gure LAGUNTZA ETA SOLIDARITATEA erakutsi nahi diegu KONTZEJU horiei, eta jakinarazi nahi diegu horrelako megaproiektuek eragiten duten abusu eta mehatxuaren aurka bat egiten dutenei, laguntzeko prest gaudela, haien erabakiak erakunde subirano gisa errespetatuak izan daitezen.
Era berean, Administrazio Publikoari eskatzen diogu ez dezala alde batera utzi gure ingurunea jasaten ari den jazarpenaren eta espoliazio-arriskuaren aurrean egin behar duen defentsa-lana, eta egin dezala Arabako ingurune naturala eta laborantza lurrak urritzen eta txirotzen ez dituzten alternatiben alde.