Antzina, inguruko herrietako herritar ordezkariek zaintzen zuten Izki, Euskal Herriko hego-ekialdean dagoen harizti handia. Zaindari horiek bildu egiten ziren egur aprobetxamendua, ehiza, ikatzaren ekoizpena, bazka aldiak eta abar erregulatzeko. Abeltzainen erkidego zeritzon lurrak kudeatzeko modu horri esker, zaintza egoera bikainean mantendu ziren mendeetan gaur egun parke naturala den Izkiko fauna, flora eta habitatak. Alabaina, industria iristearekin batera, jendeak alde egin zuen herrietatik, eta abeltzainen erkidegoak betiko desagertu ziren.
Erkidegoei buruzko lehen aztarna idatziak XV. mendekoak dira, eta azkenengoak, aldiz, XIX. mendekoak. Harrigarriena da erkidego horietako batek, Izki Garaia izenekoak, mendetan gorde zituela haren kideek egin zituzten bilera guztien aktak, sei giltzaz itxitako kutxa batean. Kutxa hori Urarteko elizaren iparraldeko barruko horman dago, esan bezala, sei sarrailaz itxita, eta giltza bakoitzak herri baten izena dauka. Sei giltzak batera erabilita soilik zabal daiteke kutxa. Zein sekretu ote daude barruan? Jakin nahi al duzue?
Sei giltzen sekretua eskape birtualeko joko bat da, lau talde batera aritzeko pentsatua (talde bakoitza pertsona bakarrak edo gehiagok osa dezakete). Lau taldeek bideo dei bidez konektaturik egon behar dute eta aldi berean konektatu jokora, webgune honetako estekaren bidez. Gai izango al zarete kutxa misteriotsua zabaldu eta barruan dauden sekretuak ikusteko? Ordu eta erdi besterik ez duzue. Gogoan izan papera eta boligrafoa beharko dituzuela.