Izkiko parke naturalean zaudete. Etortzen zareten lehen aldia da eta parkeko interpretazio zentrora joan zarete, Korres herrira. Historia maite duzue eta parkeko webgunean irakurri duzuen gauza bati buruzko informazio gehiago nahi duzue: artzain erkidegoak. Azaldu dizuete Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde bat Izki Garaiko erkidegoaren zenbait agiri aztertzen ari dela eta interpretazio zentroa agiriak, mapak eta giltzak kudeatzeko operazio basea dela. Zeinen interesgarria!
Hori guztia azaltzen ari zaizkizuen bitartean, ikerketaren arduradunak eraikinetik presaka ateratzen ikusi dituzue. Eskanerra matxuratu da eta Gasteizera doaz konpontzera. Ordu eta erdi barru itzuli ahal izatea espero dute, gutxi gorabehera. Zuekin zegoen pertsona desenkusatu, eta beraiekin atera da material informatikoa ibilgailuetan sartzen laguntzera. Orain duzue aukera!
Bulegoan sartu zarete. Antzina-antzinako hainbat liburu daude, Valladolideko Errege Kantzilergokoak. Izki Garaiko herriek nobleziarekin mendetan izan zituzten auziei buruzkoak dira liburu horiek. Mapa batean erkidegoko sei herriak ageri dira markaturik: Urturi, Markiz, Urarte, Kinta eta Trebiñun dauden Baxauri eta Obekuri. Erkidegoko kideak biltzen ziren tokiak ere agertzen dira, eta giltzak dituen kutxa bat dago!
Hartu duzue erabakia: kutxak ezkutatzen duen sekretua zuen kabuz argitzen saiatuko zarete. Azkar egiten baduzue, giltzak garaiz itzuli ahal izango dituzue.
Orain, nork bere bideari heldu beharko dio. Talde bakoitzak beheko botoietako bat sakatu behar du, eta guztiak batera sakatuz soilik lortuko duzue sei giltzen misterioa argitzea. Taldeetako batek joko zuzendari lanak egingo ditu eta denbora kontrolatuko du. Ez baduzue erronka 90 minututan gauzatzen, interpretazio zentrora itzuli beharko duzue, susmorik ez pizteko.
Zenbait probatan pistak izango dituzue. Ez erabili berehala. Hartu denbora bidean aurkituko dituzuen enigmak argitzeko. Izan konfiantza zuen buruarengan.