Marko didaktikoa


PLASTIKAKO GELAREN OIHARTZUNA

(Interneteko baliabidea: ikus-entzunezkoak)


SARRERA

Gure hezkuntza-sisteman DBHko Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza ikasgaia lantzeari ematen zaion saio-kopuru txikia kontuan hartuta, pentsa liteke garrantzi handirik gabeko ikasgaia dela; baina esan beharra dago gure ikasgaiaren ekarpena handi-handia dela ikasleek curriculumaren konpetentzia metadiziplinarrak landu eta garatzeari begira, diziplina barruko konpetentzia lantzeaz batera, jakina. Hain da askotarikoa plastikaren, ikusizkoen eta ikus-entzunezkoen mundua, non bizitza bere osotasunean pasatu ahalko litzatekeen plastikako gelatik, horretarako hain denbora gutxi ez balego.

Beste aldetik, gero eta ikasle gehiagok dauzkate era askotako zailtasunak testu idatziak ulertzeko; hortaz, heldu da, gure ustez, antzinako ikasmaterial idatzien erabileraz hausnartzeko garaia. Dena den, eta jakinda hori ez dela epe laburrera erraz konpontzeko moduko auzia, ezinbestekoa da irakasle bakoitzak bide berriak urratzea eta beste mota bateko baliabideak erabiltzea bere ikasle guzti-guztiei ikasprozesuan aurrera egiten laguntzeko.

Ildo horretatik, eskura dauzkagun baliabide teknologikoak erabilita, kalitatezko hiru ikus-entzunezko ulergarri eta nola edo hala erakargarri egitea izan da gure asmoa.


EGITASMOA

Proiektu honen xedea bikoitza da. Batetik, Plastikako, Ikusizko eta Ikus-entzunezko Hezkuntza ikasgaian DBHko ikasleen aniztasunari ohi baino eskaintza zabalagoa egitea, ikus-entzunezko ikasmaterialen bidez oinarrizko konpetentziak barneratzen laguntzeko ikasleei, eduki didaktikoak eta konpetentzia metadiziplinarrak tarteko. Bestetik, gure ekarpena egin nahi izan diogu hezkuntza-komunitateari gure ikasgaia lantzeko ikus-entzunezko material didaktiko hau taxutzean.

Horiek horrela, ikasgai guztietako irakasleak animatu nahi ditugu euskarazko ikus-entzunezko ikasmaterialak ekoiztera.


ERABILERA

Geuk ekoitzitako ikus-entzunezko ikasmaterialak lantzeko, ez dago modu bakarra, jakina, eta irakaslearen esku geratzen da horiek noiz, nola eta zer helbururekin landu. Hona hemen iradokizun batzuk:

  • Gai jakin bati sarrera emateko.

  • Aurretik irakasleak gelan emandako informazioari irudiak jartzeko.

  • Ikasleek etxean ikusteko eta, gero, ikusitakoa gelan amankomunean jartzeko.

  • Taldeka gai jakin bati buruz ikerketa-lana egin ostean, gelan guztiok batera ikusteko.

  • Ikusi eta gero, gai jakin baten eskema osatzeko, banaka edo taldeka.

  • Ikasleek ikus-entzunezkoan proposatzen dena egiteko.

  • Nahi izanez gero, zatika ere ikus eta landu daitezke ikus-entzunezkoak, azalpen gehigarriak tartekatuta.

  • …

Laburbilduz, irakasleak berak erabakiko du nola erabili, taldearen eta momentuaren arabera.