Adunako gazte talde batek, Adunako Udalarekin elkarlanean, ilusio handiz prestatutako proiektu berri bat jarri dugu martxan: Kixki Trail 2027 mendi lasterketaren lehen edizioa. Gorde data agendan: 2027ko apirilaren 10ean izango da! Gure herriko txoko, baso eta bidezidor politenak ezagutzeko eta mendiaz gozatzeko egun berezia izatea nahi dugu.
Aspalditik genuen herrian horrelako zerbait antolatzeko gogoa, eta azkenean pausoa ematea erabaki dugu. Gure asmoa ez da lasterketa soil bat egitea bakarrik; korrikalarientzat zein herritarrentzat festa egun bat sortzea baizik, mendi giroa eta herriko berotasuna uztartuz.
Eguna dagoeneko zehaztuta dugu, eta orain lanean jarraitzen dugu azken xehetasunak lotzeko. Oso laster emango ditugu jakitera ibilbidea eta izena emateko epeak. Bitartean, jarraitu gure sare sozialak berritasunik ez galtzeko!