Iztueta folklorista aitzindaria izan zen, “folklore” hitza oraindik sortu gabe zegoenean jada euskal dantzen ikerketa eta transmisioan murgilduta. 1824. urtean argitaratu zuen bere lan nagusia: Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia: beren soñu zar eta itz neurtu edo versoaquin: baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere. Liburu horretan 36 dantza jaso zituen, bakoitzaren jatorria eta kondairak deskribatuz, baita dantzatzeko jarraibideak eta doinuak ere. Europan dantzei buruz idatzitako lehen lanetako bat da, eta, dudarik gabe, Gipuzkoako dantzen erreferentzia nagusia bihurtu da dantzari askorentzat.
Gaztetatik dantza munduan murgilduta, Iztuetak Goierriko dantzak zabaltzeari ekin zion, eta hainbat dantza talde sortu ziren bere ekimenez. Herriz herri ibili zen dantza irakasten, transmisio lan nekaezina eginez. Dantzaria ez ezik, idazlea ere bazen: XIX. mendean gai profanoak euskaraz landu zituen lehen idazle laikotzat hartzen da.
Iztuetaren bizitza pertsonala ere ez zen ohikoa izan. Hiru aldiz ezkondu zen, 11 seme-alaba izan zituen, eta beste haur bat abandonatu egin zuen. Bere ideiengatik, inkisizioak espetxeratu egin zuen. Logroñoko kartzelan zegoela, bere bigarren emazteari, Kontxesi, idatzitako poesia bat ospetsu bihurtu zen denboraren poderioz.
1821eko ekainaren 29an jaio zen Jose Antonio Olano Zaldibian, eta txikitatik izan zuen harreman estua dantzarekin. Bere bizilekutik gertu Juan Ignacio Iztuetaren etxea zegoen, eta haurra zela, maiz ikusten zuen nola irakasten zituen Iztuetak dantzak bere etxe aurrean. Ikusitakoak piztu zion dantzarako zaletasuna, eta denborarekin Iztuetaren ikasle bilakatu zen. Maisua 1845ean hil ondoren, Olanok hartu zuen Goierriko dantzak erakusteko ardura, Zaldibiako lehen dantza taldea zuzenduz.
Garaiko dokumentuek diotenez, Olanok gidatutako taldeak herriko hainbat ospakizunetan parte hartzen zuen: San Joan bezperan, Korpus egunean eta Santa Fe jaietan. Geroago, Ordizian ezagutzen den lehen dantza eskola sortu zuen, eta bere taldea Euskal Herri osoan ezagun bihurtu zen.
Olanok dantzarekiko zuen grina hainbat pasarte historikotan islatzen da. 1856ko San Ferminetan, esaterako, bere dantzari taldearekin batera Aralar zeharkatuz joan zen oinez Iruñara, bertan dantza egiteko. Egun bateko ibilaldiaren ondoren, Iruñara iritsi eta, nekerik gabe balego bezala, bere emanaldia eskaini zuen.
1882ko uztailaren 2an, Zumarragako Santa Isabel jaien harira, Santa María la Antigua ermitan Gizon Dantza eskaintzera gonbidatu zuten. Dantza amaituta, osasunez ahultzen hasi zen, eta berehala ohera jo behar izan zuen. Bederatzi egun geroago, uztailaren 11n, hil zen Jose Antonio Olano, bere bizitza dantzari eta transmisioari eskainita.
Jose Lorenzo Pujana bost urte zituela hasi zen Jose Antonio Olanok Ordizian zuzentzen zuen dantza eskolan parte hartzen. Gorpuzkeraz txikia bazen ere, dantzarako trebezia nabarmena erakusten zuen hasieratik. Bere lehen agerraldia Olanoren taldearekin izan zen Santa Anako jaietan, eta zortzi urterekin, jadanik dantzari taldeko buruzagi izendatua izan zen.
Olanoren heriotzaren ondoren, Pujanak bere maisuaren irakaskuntza lana jarraitu zuen, eta Iztuetak bere garaian egin zuen bezala, hainbat dantza talde sortu zituen. Bizitza osoa eskaini zion dantza irakasteari: 70 urtez Olanotik jasotako dantza ondarea belaunaldiz belaunaldi transmititu zuen.
1927.urtean, Donostiako Udalaren eskaerari erantzunez, Donostiara joan zen, eta bertan Donostiako eta Gipuzkoako Dantza Eskolaren ardura hartu zuen. Hiri horretan 20 urtez aritu zen dantza maisu gisa, 1947an hil zen arte.
Goizaldi Dantza Taldearen sortzailea izan zen, bere aita Jose Lorenzo Pujana hil ondoren, 1947. urtean. Aitaren heriotzaren ostean, Donostiako Udaleko Dantza Eskolaren ardura hartu zuen, eta urtebete geroago, 1948an, GOIZALDI sortu zuen. Bere aitaren antzera, dantzari aparta izan zen eta dantza tradizionalaren transmisioan erreferente bilakatu zen.
Irakaskuntza-lanean zorrotz eta exijentea izateagatik izan zen ezaguna. Entseguetan, bere eskuetan makil bat izaten zuen, zehaztasun eta diziplina bermatzeko tresna gisa erabiltzen zuena. Dantza-emanaldiak zuzentzerakoan ere taularen ondoan egoten zen beti, dantzarien akats txikienak ere berehala zuzentzeko prest.
Taldearen 25. urteurrenean, Goizaldik omenaldi hunkigarria eskaini zion, haren lana eta ekarpena aitortuz. Iztuetak hasitako tradizioari berari esker eutsi zaio, eta Goizaldin aurkitzen du gaur egun bere segida. 1985. urtean zendu zen, 80 urte zituela. Hala ere, haren ekarpenari esker landatutako haziak sendo dirau taldearen baitan.