ENERGIAN, EMAKUMERIK GABE, EZ

Erakundeentzako manifestua

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria gizarte osoa inplikatu behar duen erantzukidetasun-ariketa da. Zerrenda honetako elkarte, erakunde eta enpresok honako konpromiso publiko hau hartu dugu: ordezkarien bitartez ez dugula energiaren sektoreari buruzko inongo ekitalditan parte hartuko (konferentzia, mahainguru, lantalde eta abarretan), baldin eta, bi hizlari baino gehiago egonik, gutxienez emakumezko bat aditu gisa aritzeko aintzat hartu ez badute. Horrek esan nahi du emakumeen presentzia bermatuko dela edo, behintzat, emakumeak formalki gonbidatuak izan direla, baina parte hartzeari uko egin diotela. Bigarren kasu honetan, ekitaldiaren hasieran eman beharko da gonbidapenari uko egin izanaren berri, espresuki.

Era berean, hitzaldietan, jardunaldietan, mahainguruetan eta lantaldeetan osaera orekatuaren irizpidea errespetatzeko konpromisoa hartu dugu. Osaera orekatuaren irizpidea 3/2007 LEGE ORGANIKOAN, martxoaren 22koan, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirakoan, jasota dago eta honela definituta: “emakumeen eta gizonen presentzia, noiz eta, kasu bakoitzean erreferentziatzat hartzen den osotasunean, sexu jakin bateko pertsonak ez direnean 100eko 60 baino gehiago, ezta 100eko 40 baino gutxiago ere.” Kontaktatutako emakumeak bertaratu ezin izan direla-eta, osaera orekatu hori ez bada lortu ahal izan, ekitaldiaren hasieran eman beharko da egoera horren berri, espresuki.

Zure elkarteak, erakundeak edo enpresak bat egin nahi badu, bidali dezala mezu bat EnEnergiaNoSinMujeres@gmail.com helbide elektronikora. Bat egin duten erakundeen zerrenda aldian-aldian eguneratuko da.


Zergatik “Energian, emakumerik gabe, ez” manifestua?

Energiaren sektorean, oso gutxitan gonbidatzen dituzte emakumeak hitzaldiak, eztabaidak edo mahainguruak bezalako ekitaldi publikoetan aditu gisa aritzera. Baina badira gure herrialdean sektore honetako arlo ugaritan esperientzia zabala duten emakumeak: ikertzaileak, ingeniariak, irakasleak, lan teknikoak gauzatzen dituzten emakumeak, kanpainetako arduradunak, komunikatzaileak, ekonomialariak, energiaren arloko enpresetako nahiz erakundeetako zuzendaritzetan askotariko karguak dituzten emakumeak eta abar. Emakumeen ausentziak ez du justifikaziorik. Alde batetik, emakumeek gure gizartean bizi duten diskriminazioaren erakusgarri da hori; bestetik, sektorean ezinbestekoa den eztabaidari mugak ezartzea da, herritarren erdiak kanpoan geratu ohi dira eta.

Gizarte zientzietan emakumeen presentzia sustatzeko Espainiako akademikoek bultzatu duten No sin mujeres manifestua oinarri hartu eta antzeko manifestu bat abiarazi nahi dugu, energiaren sektoreari dagokionez.

Elkarrekin lan egiteko garaia heldu da, denon artean espazio publikoetan emakumezko adituen presentzia handitu dezagun. Hartara, eredu iraunkorrago baterako trantsizio energetikoa eredu bidezkoago baterako trantsizioa ere izango da.