Urritxipi.-Oria eta Eztanda ibaien arroak elkartzen diren gunearen gainean dago mendi hau. Antzizar auzoko hiru tontorretatik herritik gertuen dagoena da; gailurreko erpin geodesikoak bere kokalekuaren garrantzia adierazten du. Hara igotzea oso erraza da, bai Antzizar auzotik igotzen bagara, baita Salbatore auzotik igoz gero ere.
Andres Lekuonak Mendikaten webgunean adierazten duen bezala, lurralde historiko osoan traturik txarrena jasan duen gailurra izango litzateke: hegoaldeko magalean, eskualdeko altzairutegirik handiena dago; mendebaldeko hegala, Sasieta mankomunitateko zabortegian urteetan pilatutako hondakinez beteta dago; horrezaz gain, probintzian zirkulazio gehien duten bi errepideen artean dago, A-1 eta A-636 errepideen artean. Hori guztia nahikoa ez balitz, iparraldeko isurialdea zulatu egin zuten Madril-Irun trenbidea eraikitzeko. Baina ez da hor amaitzen dena; tontorretik metro gutxitara goi-tentsioko linea pasatzen da, eta degradazioa are handiagoa izan dadin, gasbidea bera ere gailurretik bertatik igarotzen da.
Errezkarate baserria