Udakorriaga.-Antzizar auzoko hiru mendietan, hauxe da hirigunetik urrutien dagoena; bere gailurreko mugarriak, Idiazabalgo, Ormaiztegiko eta Beasaingo udalerrien elkargunea adierazten du. Iparraldeko hegalean, gailurretik gertu, Larrebarren erreka jaiotzen da, Ormaiztegi eta Beasain arteko muga izango dena, harik eta bere urak Eztanda ibaian isuri arte. Hara heltzeko bideak errazak dira; Beasaindik igoz gero, Antzizarreko edo Salbatoreko auzoetatik, hondatutako Errezkarate baserrira heltzean, hegoaldera doan bidetik jarraituko dugu bidegurutze batera iritsi arte, eta han hego-mendebalderako bidea hartuko dugu mendi-hegaletik tontorreraino igotzeko. Beste aukera Idiazabaldik igotzea da; Urkizu auzora igo ondoren, ipar-ekialderantz egin behar da hutsik dagoen Iruitta baserriraino eta handik 200 metro bakarrik geldituko dira gailurrera heltzeko.