Aierdi.- Hurrengo bi gailurrak, Aierdi eta Lakizar, Altamira auzoan daude. Orain aztertzen ari garen kasuan, Beasaingo Udalak 2015ean argitaratutako mapan Basaburu izenez aipatzen da Lazkao, Olaberria eta Beasain arteko mugan dagoen Aierdi tontorra; larrerako erabiltzen den muino bat da, gailurretik gertu mugarri bat duena. Olaberriatik erraz eta eroso joaten da hara, gorabeherarik gabe; beste aukera bat Ugartemendi auzotik igotzea da, Txindoki institutuaren, eta, ondoren, Aierdi baserriaren ondotik igaroz; hemendik, 500 metro pasatxoko tartea besterik ez dago. Olaberriako lurretan, hego-mendebaldeko hegalean, Basazabal ibaia sortzen da, beherago Beasaingo eta Olaberriako lurrak mugatzen dituena.