Gailur hau, hurrengo biak bezalaxe, Euskal Mendizale Federazioaren ehun mendien lehiaketako (Arauak) gailurtzat jotzen da.
Murumendi mendiguneko gailurra da, tontorrean Txarabeltz izena adierazten duen postontzia eta Atxabal dioen gurutzea dituena, Beasaingo udalerrian. Gailur hori Matxinbenta auzotik 900 metrora dago, ekialdera, eta Ibaiederreko urtegiaren erdigunetik 2 kilometrora, hegoaldera.
Igoerarik ohikoena Matxinbentakoa (230 m) da, Atxabal errekaren ondotik pasatzen den bidetik. Ibaieder ibaiarekin bat egin baino lehentxeago, bidexka hori Endrio baserritik pasatu (275 m), eta Matxinbentako irteeratik hiru kilometro egin ondoren, Endriokortako leporaino eta baserriraino heltzen da. Handik 450 metro geldituko lirateke mendebalderantz, gailurrera iristeko, baina azken 80 metroak oso harritsuak dira.
Hona hemen gailurrera iristeko beste aukera batzuk: Mandubiako mendatetik abiatuz gero, joanekoan bakarrik 8 bat kilometro dira; laburrena, berriz, Pagorriagako landa-etxetik izango litzateke, handik tontorrera 1,5 kilometroko tartea baitago. Horiek guztiek Endriokorta baserriraino eramango gaituzte, gero handik gailurrera igotzeko.
Landaretzaz inguratuta dagoen gailur arrokatsu honetatik nekez ikus daiteke ezer.
Oharrak.- Mendikaten idatzi ohi duen Javier Urrutiak dio: XVIII. mendean jadanik aipatzen da Mandubia, han gordelekua aurkitu zuten lapur talde baten ekintzen berri emanez.
Matxinbenta, Nuarbetik gertu bizilagun gutxi dituen Ibaieder bailarako herrixka gisa aipatu duguna, bere saskigintzagatik izan zen ezaguna iraganean. Saskigintzarako ohitura, familiarekin Marturio baserrira bizitzera etorritako Oñatiko artisau batek ekarri zuen, eta han hasi zen gazteei bere lanbidea erakusten. Azkenean, saskigintza diru-iturri garrantzitsua bihurtu zen bailaran, kalitate oneko produktu hura ospetsua baitzen, bai Gipuzkoan, baita Gipuzkoatik kanpo ere.