Espazio publiko eta ekipamendu sarea gure herri eta hirietako biztanleen zerbitzua da. Herritarren espazio kolektibo hauen kokapenak, izaera eta kalitateak guztiz eragiten dute elkarrekin ditugun hartu emanetan eta komunitate izaeraren garapenean.
Espazioarekiko eskaera eta beharrak, gizartea osatzen dugun pertsonon bizipen aniztasunaren adinakoak dira. Beraz, sare hauen antolaketarako ikuspuntu anitz eta aspektu zabalak jaso beharrean gaude. Hirigintza prozesuen barnean dago sare publikoaren antolaketa eta diseinua, administrazio publikoak arkitektoon eskutik gidatuta osatzen duelarik. Baina ba al dugu konplexutasun hau guztia ulertzeko eta txertatzeko gaitasunik? Arkitektoon sorkuntza moduek nahikoa sakontzen al dute gizartearen behar anitzetan?
Komunitateak antolatu egin dira euren beharrak asetzeko eta honek, antolaketa eta kudeaketa modu berriak behar ditugula erakutsi digu. Arkitektook ezinbestekoa dugu tokian tokiko eragileekin elkarlanean aritzea eta ikerketa honetan auzo-sorkuntza proposatzen dugu parte hartzeko bide bezala.