Zer da Aswan?

Aswan (arabieraz: أسوان Aswān; egiptoeraz: Swenet ; koptoeraz: Swān ; antzinako grezieraz: Συήνη Syene ), antzinean Siene deitua, hegoaldeko Egiptoko hiria da, Aswango eskualdeko hiriburua dena.

Aswango presaren iparraldean, Niloren eskuinaldean, lehenengo ur-jauzian dago. Egungo hiria handitu eta lehen bereizirik zegoen Elefantina du barnean.

Antzinatea

Swenet zeritzon hiria da gaurko Aswan. Egiptoko hegoaldeko muga zen, lehenengo ur-jauziaren azpian dagoelako, eta deltaraino ontziz nabigatzeko ez zegoelako inolako trabarik. Hegoaldetik iparralderantz zihoazen ontzien ordainsariak ipintzen zituzten hiriko agintariek, leinuz leinu.

Inguru honetan zeuden antzinako egiptoarrek monumentu handiak egiteko erabili zituzten harrobiak, batez ere granito arrokakoak: estatuak, obeliskoak, eraikin sakratuak eta piramideak eraikitzeko erabili zituzten besteak beste. Orain dela 3.000 urteko harginen aztarnak daude.

Kristauen aroa

Aswan, predikatzaileak Afrikara joateko pasagune garrantzitsua izan zen.

Aro arabiarra

VIII. mende erdialdera, Sudango Nubiarekin harremana galduz, merkataritza-indarra galdu zuen Aswan hiriak.

Gaur egun

Batez ere Aswango presara doazen kruzeroengatik hiria turismoko oso gune garrantzitsua da.

Aswango presa

Nilo ibaiak urtero egiten zuen gainezka: lur emankorrak sortu ziren, baina uraldien maila ezin aurreikusiz, arazo larriak sortzen ziren lehorteen eta uholdeen eraginez.

Bi presa eginda daude, beraz, Aswan inguruan: zaharrena, Aswango Beheko Presa, britainiarrak hasi ziren egiten 1899. urtean eta 1902. urtean amaitu zuten (berritzen jarraitu dute); berriena, Aswango Goiko Presa, 1970. urtean amaitu zuten (amerikarrek, egiptoarrek eta errusiarrek jardun zuten aldi ezberdinetan).