MANIFESTUA


ALDAKETALDIA 2022


Hamarkada erabakigarria norabidea errotik aldatzeko

Aro aldaketa bat bizitzen ari gara: Datu eta ebidentzia zientifiko ugarik adierazten dute aro baten amaieraren aurrean aurkitzen garela, hau da, oparotasunaren arotik (baliabide ugari eta itxuran mugagabeak) MUGAK (energetikoak, materialak, biolodgikoak…) gero eta presenteago egongo diren arora. Eta hori, gainera, ekologikoki hondatuago eta hauskorrago den planeta batean gertatzen ari da, klima aldaketak eta beste zenbait gertaerek (biodibertsitatearen gainbehera, zoru eta uraren kutsadura, ekosistemek eskainitako zerbitzuen degradazioa…) frogatzen duten bezala.

Baina, kapitalismoak ezin ditu mugak onartu. Hazkunde etengabea bere ADNaren sakon-sakonean dago, eta hori lortzen ez duenean krisian sartzen da. Horregatik, dena hazkundearen izenean egiten da. Eta, kontuan izan behar dugu, hazkunde ekonomikoa erabat lotuta dagoela energia eta materialen hazkundearekin, eta hori eragindako inpaktu ekologikoarekin (aztarna ekologikoarekin).

Eta gure agintariek, oro har, muga horien aurrean, ez ikusiarena egiten dute, eta beti ateratzen dute “txisteratik” etengabeko hazkundearekin jarraitzeko aukera emango digun iraultza industrial eta teknologiko “berriren” bat . Oraingoa, “garapen berde eta digitalean” (beraientzat, garapen=hazkunde) oinarrituko omen da. Euskadin, adibidez, horri “Basque green deal” deitu diote, eta “garapen iraunkorra eta inklusibora” bideratuta egongo dela azpimarratu dute. Baina, hitzetatik haratago ez da inondik inora iraunkorra ezta inklusiboa izango.

Berde eta digitalez, iraunkor eta inklusiboz hitz egiten duten bitartean guk Euskal Herrian, funtsean, betiko jokabidea ikusten ari gara: etengabe hazkundearen aldeko azeleragailutik oina lehenbailehen altxatu beharrean, AHTa bezalako azpiegitura faraonikoak (Europako Kontuen Epaitegiaren arabera, kilometroko 37 miloi euro xahutuko dira) bultzatzen jarraitzen dute, garraio pribatua sustatzen duten bide azkarrak eraikitzen eta planifikatzen (Super Sur edo Ibaipekoa Bizkaian), erraustegi (Bergara, Zumarraga…) eta zabortegi (Lemoa, Artxanda…) berrien aldeko apustua egiten, enpresa handien onurarako energia berriztagarrien megaproiektuak laguntzen, hidrogeno berdearen izenean miloi askoko funts publikoak Petronor bezalako enpresetara bideratzen, Baztango Lekarozen Araztogia izeneko proiektu turistiko erraldoi eta jasanezinaren alde egiten…

Larrialde ekologikoa GUREAN hasten da!!!

Ezin dugu denbora gehiago galdu aldarrikapen hutsaletan eta aldaketa kosmetikoetan berdez margoztuta baldin badaude ere. Ezinbestekoa da errotiko aldaketa horri ekitea, eta hazkunde mugagabearen paradigmatik aldentzea, bizitzaren babesa erdigunean jarriz (ez, orain bezala, akzionisten etekin gose mugagabean) eta abian ipiniz iraunkortasunean, justizia sozialean eta demokrazia parte-hartzailean oinarritzen diren trantsizio ekosozialak.

Natura bizigarrian, bizitza duinak denontzat!!!

Bidezko garapen iraunkorraren aldeko benetako aurrerapausoak eman nahi izanez gero, agintariek sekulako aukera izan zuten COVID19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde” izeneko EHUko manifestuan aipatzen ziren lerro nagusiak jarraitzeko. Hala ere, euskal komunitate zientifiko eta akademikoaren adierazpen horri uko egin, eta, ohikoa den bezala, Petronor (EAEko enpresa kutsatzaileena dena) eta Iberdrolaren (elektrizitatearen pezoiaren igoera itzelaren aurrean pobrezia energetikoari bizkarra eman eta sekulako negozioa egiten ari dena).


Trantsizio ekosozial horietarako, ezinbestekoa da, “Euskal Herrian, 2030erako desazkunde justurako txoke plan orokorra” onartzea eta egikaritzeko beharrezkoak diren epeak, neurriak eta finantzazioa zehaztea. Izan ere, herrialde aberatsotan behintzat, beharrezkoa da energiaren eta materialen produkzioa, kontsumoa eta garraioa nabarmen murriztea, eta ondorioz hondakin gutxiago sortzea. Gure herrialdean klima aldaketari modu eraginkorrean aurre egiteak, adibidez, 2030erako CO2ren isurketen %65 murriztea eskatzen du. Soilik horrelako txoke plan batek lortu dezake helburu hori.


Pertsona guztiok bizitza duina izateko dugun eskubidea errespetatu nahi badugu, plana sozialki justua izan behar da eta demokrazia ahalik eta zabalenean oinarritu behar da, horixe baita berme bakarra gehiengo sozialen interesen izenean egin dadin. Horregatik, guztiz arbuiagarria da EAEn “atzeko atetik” sartu berri duten Tapia legea izenekoa. Nafarroako UGEP (Udalez Gaindiko Eragina duten Proiektu Sektorialak) legearen bide beretik, Tapia legeak udalen autonomia urratu eta herritarron iritziak erabat zokoratzen ditu.

Inposizio gehiagorik ez: Tapia legea eta UGEPak, EZ!!!