Interakzio Soziala Liburutegietan
Praktika onak Euskadin
Praktika onak Euskadin
Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegietan gizarte harremanak helburu integratzailearekin bultzatzeko egiten diren proiektu zein bestelako praktika egituratuen gida baten osaketa prozesua abian da. Tokian tokiko informazioa jaso eta guztion eskura jartzea du xede, eredugarriak diren estrategiak azpimarratu, baloreztatu eta inspirazio iturri izan daitezen.
Espazio soziokulturalak diren heinean, liburutegiak giza-harremanetarako guneak dira. Eskaintzen dituzten zerbitzu eta jarduera guztien oinarrian pertsonak daude, gehienen erdigunean espazioa bera dago, eta askoren ardatza bien artean ematen den gurutzaketa da. Gurutze-bide horretan, berebiziko garrantzia izan dezaketen interakzio sozialak ematen dira, batzuk naturalki sortutakoak eta beste batzuk liburutegiek beraiek bultzatutakoak. Interakzio horiek beti dira osasungarriak, baina kasu askotan egoera, bizi-baldintza eta arazo zehatzak arintzeko oso tresna baliagarriak ere bai, hala nola bilatu gabeko bakardadea, jazarpen mota batzuk… eta oro har gizarteratze prozesu bat eskatzen duten era guztietako bazterkeriak.
Herritar askok babesgune bezala ikusten dute liburutegia; haientzat toki segurua da, erreferentziazkoa, atsegina eta aukeraz betea. Zerbitzu, lanlerro, programa, proiektu edota artatze hutsaren bitartez, liburutegien betebeharra da ikuspegi honi eustea, baita bere erabiltzaile guztiek partekatu dezaten eragitea.
Handi edo txiki, publiko edo pribatu, hiri edo landa eremuko, espezializatu edo orokor, liburutegiek interakzio zein babesgune izate alderako ekintza ugari egiten dituzte, praktika onak alegia, batzuetan oharkabean pasatzen direlarik ere. Ekimen honen helburuetako bat praktika on horien azpimarra egin eta gainerakoen eskutan jartzea da, bide horretan eredu, zantzu edo inspirazio iturri izan daitezen.
Horregatik abiatu dugu praktika onen jasotze hau. Gipuzkoan zabalik dauden liburutegiek egin eta egiten dituzten ekintza eredugarri horiek daukaten garrantziaz, pertsona askori dakarzkion onuretaz eta, era berean, zein punturaino erreplikagarriak direnaz jabetu gaitezen.
Jasoko diren tokiko praktika onen bilduma webgune baten bitartez zabaldu eta ikusgarri egingo da, bertan agertuko diren esperientziak edonork begiratu, bere egin eta egokien ikusten duen moduan errepikatu edo moldatu ditzan.
Bilketa honetatik sortuko den datu basea liburutegi eta antzeko espazio guztiei begirako ekarpena izango delakoan jarri da martxan proiektua, guztion artean elikatzen jarraitu daitekeenaren ustetan eta dagoeneko egiten den guztiaren aitortza ez ezik, zentzu berean doazen jarduera berrietan hasteko akuilu ere izan daitekeelako.
2025eko Liburutegien Egunari begira Donostia Kulturako Liburutegien Sareak, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Medialab Tabakalerak antolatu zituzten ekintzen markoan abiatu zen proiektu hau, eta dagoeneko bere fruituak eman ditu. Orain, eta izandako emaitzei begira, Erkidegoko beste lurraldeetara zabaltzea proposatu da, zenbat eta adibide zein ekarpen gehiago izan, hainbat eta aberatsagoa izango denaren ustetan, eta beraz erabilgarriagoa ere bai.
Gipuzkoan hasitako esperientzia gainontzekoentzat lagungarria izan daitekeenez eta, era berean, eredu ikusgarri bat aurrean izateak oinarrizko markoa argitzeko baliagarria izango denez, hau da lurralde horretan sortutako webgunera esteka. Bertan orain arte aurkeztutako praktika onen erreferentzia, informazio zein loturak aurkitu daitezke, baita liburutegien mapa ere. Parte hartzeko bete behar den formularioa ere eskura dago webgunean, proiektu berriak bidaltzeko bide izan dena.
Edonola ere, EAEra egingo den hedapen honek bere webgune propioa izango du, aurrekoa bertan intagratuz noski.