Azalpena

DBHko Euskara eta Literatura: 1. eta 2. mailetarako material osagarria

    Gaur egungo hezkuntza-sisteman, teknologia berriak ezinbesteko baliabidea bilakatzen ari dira. Hala ere, teknologia berriak erabiltzearekin batera, zenbait arazo sumatzen dira: irakaslearen ohitura eta trebezia falta, material falta ikaragarria... Azken arazo horri irtenbidea emate aldera, material hau prestatu dut.

     Material hau Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan erabiltzeko prestatu dut, Euskara eta Literatura arloan. Material honekin ez da, inondik inora, irakurliburua ordezkatu nahi, baizik eta material osagarria eskaini. Helburu nagusia hau da: literaturaz jabetzeko eta irakurketan sakontzeko bide erraza eta atsegina izatea.

     Jorratutako irakurliburuak DBHko 1. eta 2. mailetan irakurtzekoak dira:

Ø      Bihotz ausarta: Urkixo, Joanes (Zubia-Alfaguara, 1996)

Ø      Asto bahitzaileak: Darrell, Gerald (Euskarazko argitalpena, Zubia-Alfaguara, 1993)

Ø      Jara: Osoro, Jasone (Zubia-Alfaguara, 2001)

Ø      H gabe: Colina, Sustrai (Zubia-Alfaguara, 2006)

Materiala euskarri digitalean prestatu dut, eta, betiko galdetegi aspergarrietatik aldenduta, era erakargarrian literaturara hurbiltzea du helburu. Ariketak (hitz gurutzatuak, hizki-zopak, testua ordenatzeko ariketak, hutsuneak betetzeko ariketak, aukera anitzeko galderak, zutabeak lotzeko ariketak…) JClic  programa erabiliz prestatu ditut. Programa horrekin sortutako ariketak interaktiboak dira; ikasleek bertan lor dezakete informazio lagungarria, eta programak berak ematen dio aukera ikasleari ariketak zuzentzeko edo erantzunak egiaztatzeko. Liburu bakoitzari dagozkion ariketak, proiektu batean bilduta, modu sekuentzialean aurkezten dira, eta gordetzen duten hurrenkera sarreran erakutsitako oinarrizko gidaren urratsei lotuta dago.

Azkenik, ariketa batzuetan, egokiro estekatuta, gutxieneko euskarri teorikoa eskaintzen da; bertan, ikasleak berak informazio gehiago edo azalpen osagarriak eskura ditzake.  

    Ariketak egiteko jarraibidea: lehenengo, estekatutako lekura joan; gero, fitxategi osoa deskargatu, eta,  azkenik, indexetik abiarazi ariketa. Firefox nabigatzailea erabiltzea komeni da.

Oharra: ariketetako ortotipografia EIMAk euskarazko ikasmaterialetarako ezarrita dituen egokitasun-irizpideen araberakoa da.