Zer edo nor naiz ni?
Berekoikeria hutsenetik irtendako sasialdizkaria naiz ni. Artista batzuek euren lanak egiten jarraitzeko edota egiten hasteko behar zuten aitzakia, besterik ez.
Izan ere, garesti omen dago edozer argitaratu eta ezagutaraztea. Modu bakarra editorialetara jotzea da, edo bestela, erabat asentatuta dauden astekari edo hilabetekarietara. Lehenengo kasuan zailtasuna agerikoa da, eta bigarrenean, berriz, aldizkari haietan parte hartzen duen jendea beti berbera da, besteok erakusleiho faltan geratzen garelarik. Ondorioz, laurogeiko hamarkadako izpirituari deiadar eginaz Jan Bonner, ni alegia, jaio da. Honela, antzeko egoeran dauden guztiei bide berri bat irekitzeko asmoarekin aterako naiz tabernetako errebisteroetara edo barratako txoko likatsuetara.
Gainera, bide batez, kafesne gozoaz bakardadean edo esperoan gozatzeko paradan aurkitzen zareten guztioi konpainia egin nahi nizueke. Nahi baduzue, ipuin batzuk kontatuko dizkizuet belarrira xuxurlaka edo hildako pertsonai ezagunen batekin elkarrizketan jarri. Nahi izanez gero, musikaren inguruko solasaldia eduki dezakegu edo komiki zein marrazkien bitartez dibertitu. Artikulu bateren batekin denbora pasa dezakegu eta hitz jokoekin irribarrea zabaldu. Baliteke, agian, eta inongo esfortzurik gabe, zerbait ere ikastea.
Beraz, ni naiz Jan Bonner eta nire izenaren jatorria jakin nahi baduzue adi-adi jarraitu beharko dituzue nire gora beherak aldizkariaren azalean, hilabete bat bestearen atzetik.