HAUR ESKOLA

Ongi etorri, aurrera. Orereta Ikastolan zaude. Herritik eta herrirako sortu ginen, zuretzat ere bai.

60. hamarkadan ireki genituen ateak, orain mende erdia baino gehiago, euskaran eta euskal kulturan oinarritutako kalitatezko hezkuntza behar zela eta posible zela sinestuta. Egun, horretan sinesten jarraitzen dugu eta posible badela esan dezakegu. Hala erakutsi digu orain arte egindako bideak, emaitzak horren lekuko. 0-18 urte arteko kalitatezko hezkuntza-proiektu burujabea da gurea, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia.

Aitzindariak izan ginen eta hala izaten jarraitzea dugu desio. Aurrera egin nahi dugu: Ikastola jendartearen beharretara egokitu eta horretarako prest izango diren pertsonak hezi nahi ditugu. Hezkuntza akademikotik haratago, pertsona baikorrak, berengan konfiantza dutenak, akatsei beldurrik ez eta haietatik ikasten dutenak, aldaketen aurrean kikiltzen ez direnak, ezintasunei aurre egiten dietenak, laguntza eskatu eta eskaintzen duten pertsonak heztea dugu xede. Pertsona biziak, aurrera egingo dutenak. Berezkoa dugu hori Ikastolok. Horixe egin dugu sorreratik gaur arte ere: Ikastola aurrera atera. Eta Ikastolatik pasatzen direnek ere bizitzari aurrez begiratzea nahi dugu, bizitzan aurrera egiteko modua baita hori.

Etengabeko hobekuntzaren eta Ikastolako komunitate osoaren elkarlanaren fruitua da Orereta Ikastolaren proiektua, Orereta Ikastolaren eskaintza. Denona eta denontzat; zuretzat ere bai. Sartu, aurrera. Gustu baduzu, zure etxean zaude.

Haur Eskolako matrikula-epea: maitzak 2-31

Ate Irekiak: maiatzak 6

Esmalteriako eraikinean, 17:30ean

Bakarkako elkarrizketak eta bisitak

Ikastolako Haur Eskola ezagutzeko edo bakarkako elkarrizketa hitzartzeko, deitu 943 51 33 46 telefono-zenbakira. Leire Saldiasengatik galdetu (Haur Hezkuntzako zuzendaria), atsegin handiz hartuko zaitu.