AZAROAREN 16an
15:30
IFE Gelan
16 de NOVIEMBRE
15:30
Sala de la AFA
Olariberri: eskola berri baterako familien elkarte berria
Eskola ez da soilik gure seme-alabak eramaten eta jasotzen ditugun lekua. Elkarbizitzarako, ikasteko, harremanak sortzeko eta parte hartzeko gunea da. Eskola bizia bihurtzen da osatzen dugun pertsonok parte hartzen dugunean, proposamenak egiten ditugunean, elkarlanean aritzen garenean eta elkarrekin eraikitzen dugunean.
Zergatik familien elkarte bat?
Elkarrekin gure eskola eraldatzeko eta hobetzeko gaitasun handiagoa dugulako.
Familia gisa antolatzeak aukera ematen digu gure kezkak partekatzeko, beharrak identifikatzeko, proposamenak egiteko eta familien ikuspegia eskola komunitateari helarazteko.
Baina urrats bat harago ere joan gaitezke: eskola bizia izan dadin ekimenak eta jarduerak sortu eta antolatu, komunitatea sendotu eta gure seme-alabentzat, familientzat eta auzoarentzat aukera berriak eskaintzeko.
Olariberritik eskola hau eraikitzen lagundu nahi dugu:
Parte-hartzailea, familiek ahotsa eta erabakitzeko gaitasuna izan dezaten.
Bizia eta irekia, eskola-ordutegitik harago ere jarduerak eta proposamenak izan ditzan.
Komunitarioa, auzoko pertsona, elkarte eta baliabideekin harremanetan.
Harrera ona egiten duena, familia guztiek beren burua komunitateko kide senti dezaten.
Aktiboa, beharrak identifikatzeko eta konponbideak martxan jartzeko gai izango dena.
Zer egin dezakegu elkarrekin?
Familien elkarte batek aukera ematen digu bakarka egitea askoz zailagoa izango litzatekeen gauzak elkarrekin antolatzeko.
Ikasleentzako jarduerak bultzatu ditzakegu: kultura, kirola, hezkuntza eta aisialdi proposamenak, ospakizunak, topaketak eta beste hainbat ekimen.
Familientzako jarduerak eta guneak antolatu ditzakegu: hitzaldiak, topaketak, guraso eskola…
Eskolaren bizitzan lagundu eta hezkuntza-komunitate gisa eragiten diguten gaietan parte hartu dezakegu.
Eta kanpora ere begiratu dezakegu: auzoarekin lan egin, bertako baliabideak ezagutu, beste elkarte eta eragileekin elkarlanean aritu eta Olarizu Auzo Eskola bere ingurunearekin lotutako eta auzora irekita dagoen espazioa bihurtu.
Nola antolatuko gara?
Asanblada izango da parte hartzeko eta erabakiak hartzeko gune Nagusia, hilean behin edo bitan elkartzen gara eskola orduetan. Bertan informazioa partekatu, proposamenak eztabaidatu, lan-ildoak erabaki eta egiten ari garenaren berri emango dugu.
Baina badakigu proiektuak aurrera ateratzeko eguneroko lana ere beharrezkoa dela. Horregatik, lan-batzordeen bidez antolatuko gara. Batzorde bakoitzak bere proposamenak garatu ahal izango ditu, eta ondoren asanbladan aurkeztu eta partekatuko dira.
Nola lagundu?
Familia bakoitzak ahal duen neurrian ekarpena egin dezake: ideia bat proposatuz, ordu bat eskainiz, kontaktu bat partekatuz, bere ezagutza edo trebetasunak eskainiz, jarduera batean lagunduz edo, besterik gabe, bilera batean parte hartuz.
Ekonomikoki ere babesa ezinbestekoa da, beraz, urteko kuota bat ordaintzen dugu bazkideok (familiaka). Hemen gehienok boluntarioak zein bazkideak gara, eta zuei ere denbora eta bazkidetza kuota eskatuko genizuke.
Egin dezagun komunitatea, egin dezagun eskola, egin dezagun Olariberri!