EROTASUNAREN IBILBIDEAK

EGITASMOA

Materiala marko filosofiko moduan uler daiteke, Batxilergoko Psikologia irakasgairako. Sarritan, eskolak ematen dira, aurretik oinarrizko kontzeptuen inguruko hausnarketarik egin gabe. Erotasuna, adibidez, nahiko kontzeptu sakona eta aldakorra da, eta, aldi berean, egunerokoan oso erabilia; horregatik, hari buruzko aurreiritzi eta estereotipo asko dago. Halere, irakasgaian aurrera egiten dugu kontzeptua behin eta berriro erabiliz, esanahi garbia eta finkoa balu bezala, ñabardurarik gabe. Baina erotasunaren esanahia aldakorra da garaiaren edo kulturaren arabera; horregatik, guk ulertzen duguna oso bestelakoa izan daiteke.

Hori horrela izanda, erotasunaren kontzeptuaren inguruko gogoeta egitea du helburu materialak, eta pentsatuta dago irakasgaiaren hasieran edo bukaeran lantzeko.

Gai poliedrikoa izanik, komeni da hauek aintzat hartzea: atalen eta gaien egituraketa, metodologia eta uztartutako diziplinak. Atalei dagokienez, erotasunak egindako ibilbidea hainbat parametrotan aztertuko da, eta horiek osatuko dituzte atalak: mendebaldeko historian zehar, bestelako kultura batzuetan eta egungo gizartean. Bestalde, metodologiari dagokionez, debateak, irakurketak, ikerketak-lanak… erabiliko dira, bakarka zein taldeka lantzekoak (talde-dinamikak bukaerako eranskinetan azalduta daude, eta Heziberri 2020 egitasmoaren Oinarrizko zehar konpetentziak eskuratzeko prozeduren eta jarreren artxiboa-n daude oinarrituta). Azkenik, gaia askotariko diziplinen ikuspegitik aztertu nahi izan da: psikologia, psikiatria, historia, antropologia, filosofia, artea, musika… Helburua da, irakasgaia dinamikoagoa egiteaz gain gaia ikasleei gerturatzea.

Aurkeztutako material hau proposamen bat besterik ez da. Atal edota azpiatal bakoitzeko sarrera bat, aukeratutako eta euskaratutako testu bat edo bi, eta baliabideak zein ariketak eskaintzen dira. Ez da derrigorrean materiala osorik eta bere horretan erabili behar; irakasle bakoitza aske da proposatutakoa egokitzeko, eta dituen ikasleen arabera, moldatzeko. Horretarako, materiala bi modutan ipini da eskuragarri: batetik, Google Sites formatoan dibulgazioari edo zabaltzeari begira, eta bestetik, PDF formatoan irakaslearen lana errazteari begira.