EUSKARA

LANTZEKO BALIABIDEAK

Lehen Hezkuntzako eskoletan metodologia aldaketa sustatzen ari dira azkenaldian: proiektuen bidezko irakaskuntza, txokoetan lan egitea, lan kooperatiboa… besteak beste. Dekretu berria aztertzen badugu, argi dago irakaskuntzan konpetentzien garapenean oinarritu behar dugula. Lehen hainbeste aipatzen ziren edukiak bigarren maila batera pasatu dira. Ondorioz, metodologia aldatu behar dela ondoriozta dezakegu. Proiektu honen helburua Euskara eta Literatura irakasgaia Natura, Kultura eta Gizarte Ingurunearen Ezagutza arloarekin eta beste irakasgaiekin lotzea da. Hau da, Euskara eta Literaturari dagozkion konpetentzia espezifikoak eta oinarrizko jakintzak proiektu edo ikas-egoera bat garatzen dugun bitartean lantzea. Era honetan, diziplinartekotasuna lantzen dugu eta hizkuntzaren ikas-prozesuari helburu zehatza eta zentzua ematen zaio. Ez da hizkuntza lantzen, landu behar delako.

Proiektu honetarako sortu dudan sitesean, 2023/77 Dekretuak zehazten dituen ebaluazio-irizpideetan, oinarrizko jakintzetan eta konpetentzia espezifikoetan oinarrituta, Euskara eta Literatura lantzeko hainbat baliabide bilduko ditut. Ekoizpenak 6 atal nagusi ditu:

1.  Curriculuma. 2023/77 Dekretuak bigarren ziklorako zehazten dituen konpetentzia espezifikoak, oinarrizko jakintzak eta ebaluazio-irizpideak biltzen dira bertan.

2.  Metodologia. Sitesean dagoen materiala zer metodologiaren barruan  aplikatzen den eta nola erabiltzeko diseinatuta dagoen azaltzen da.

3.  Testu-motak lantzeko baliabideak. Lehen Hezkuntzan lantzen diren hainbat testu-mota (azalpen-testua, deskripzio-testua, instrukzio-testua, narrazio-testua, gidoia eta argudio-testua) ikasleekin lantzeko baliabideak biltzen dira.

4.  Gramatika. Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan lantzen den oinarrizko gramatikari buruzko azalpenak jasotzen dira.

5.  Ortografia. Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan lantzen den ortografiari buruzko azalpenak biltzen dira.

6.  Ebaluazio-taulak. Euskara eta Literatura ikasgaiarekin lotutako hainbat alderdi ebaluatzeko taulak eransten dira.

Sitesa irakasleek erabiltzeko diseinatuta dago; baliabide-bilduma bat  da. Horregatik, bertan aurkituko duzuen materiala irakasle bakoitzak bere metodora eta bere beharretara moldatu behar du. Ez da programazio bat, ezta zehatz-mehatz jarraitu beharreko jarduera multzo bat ere; irakasleei irakaskuntza-prozesuan laguntzeko baliabide-bilduma da.