ENTZUMENA LANTZEA

AURKEZPENA

Entzumen-urritasuna duten ikasleekin euskaraz lan egiterako orduan, material digitala oso eskasa dela ikus daiteke. Horregatik, proiektu honen helburu nagusia da soinu linguistikoen pertzepzioan parte hartzen duten gaitasun espezifikoak euskaraz modu digitalean lantzeko materiala eskaintzea.

Entzumena eta Mintzaira arloarekin harreman zuzena du; beraz, entzumen-urritasuna duten ikasleentzat zein, entzumen-urritasunik gabe, mintzamen-arazoak dituzten ikasleentzat diseinatuta dago. Hala ere, euskara hizkuntza lantzeko aproposa izan daiteke Haur Hezkuntzan edota Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan.

Jarduera-sortak diseinatu aurretik, merkatuan dauden materialak aztertzeko prozesu bat egin zen, batez ere, entzumena lantzeko helburua dutenei erreparatuz. GOTZENS, A. eta MARRON, S.-en ( 2001) Prueba de la Valoración de la Percepción Auditiva: Explorando los Sonidos y el Lenguaje entzumen-proba oinarria izan da jardueren diseinu eta egituraketan. Dokumentu hori baita entzumen-urritasuna duten ikasleekin erabiltzen da, eta euskaraz izatea ezinbestekotzat jo da. Proba horrek entzumenaren lanketarako programa egituratu bat aurkezten du atalez atal, non ikaslearen entzumen-zailtasunak antzeman daitezkeen.

Informazio hori jaso ondoren, probak berak, entzumenaren lanketan, esku-hartze zehatz eta espezifikoa proposatzen du, gaztelaniaz. Beraz, ekoitzitako jarduerek horixe bera euskaraz lantzeko aukera ematen dute.

Entzumenaren lanketaren garrantzia

Entzumen-urritasuna duten ikasleen kasuetan, entzumen-gaitasunak kaltetuta egon ohi dira, eta kalte hori, entzumen egokia izan arren, hizkuntz-patologiaren bat duten ikasleen artean ere ager daiteke.

Aipatzekoa da entzumenaren galera noiz eman den eta horren graduak eragin handia dutela ama-hizkuntzaren soinuen bereizketa jabetze-prozesuan. Esate baterako, haurtzaroan ematen diren otitisak noizbehinkakoak eta gorabeheratsuak izan arren, arrisku-faktoreak dira garapen fonologiko eta linguistikoarentzat.

Hala ere, hizkuntza-garapen egokia bermatzeko, entzumen ona izatea ez da baldintza bakarra. Entzumen-pertzepzioaren funtzionamendu egokia ezinbestekoa da hizkuntza-jabekuntzarekin lotutako nahasmenduak ekiditeko. Horregatik, interesgarria eta beharrezkoa da, Prueba de Valoración de la Percepción Auditiva probaren ildo beretik, euskarazko jarduerak sortzea.

Jatorrian, proba horrek bi multzo lantzen ditu: I. multzoa (Zarata eta Soinuak) eta II. multzoa (Hizkuntza).

Merkatuan, zaratak eta soinuak lantzeko material anitz aurki daiteke. Aldiz, hizkuntzari dagokionez, euskaraz nekez aurki daiteke entzumenaren lanketarako materialik. Horren ondorioz, proiektu honek bigarren multzoa du helburu, hau da, hizkuntzarena; detektatutako entzumen-zailtasun espezifikoak lantzeko eta trebatzeko jarduera sortak euskaraz eskaintzea.


Jardueren zehaztasunak

Jarduerak entzumen-galera arinak zein erdi-mailakoak dituzten ikasleekin landu daitezke. Bestalde, hizkuntza-zailtasunak dituzten ikasleekin ere erabiltzeko aukera dago, nahiz eta entzumen-galerarik ez izan.

Jarduerak 3 urtetik 6/7 urte bitarteko ikasleekin erabiltzeko egokiak dira.

Estimuluak grabatuta aurkezten dira, Power Point formatuan. Horrela, bi informazio-iturri batera agertzen dira, soinuak eta irudiak.

Honako gaitasun espezifiko hauek:

  1. Entzundakoa identifikatzea.
  2. Entzumen-bereizketa. Bi soinuren artean sailkatzeko eta aukeratzeko gaitasuna da. Hizkuntza soinuak zein maila fonologiko ezberdineko soinuak ezberdintzean datza. Hainbat hitz landuko dira kurba bokalikoaren eta kontrakotasun fonologikoen arabera. Gomendagarria da, lehenik eta behin, Beroketa Ariketak egitea. Ariketa horiek trebatzeko erabiliko dira. Modu horretan, ikasleak hitzak aldez aurretik ezagutu ahal izango ditu, eta gerora, egingo dituen entzumen-bereizketako ariketak hobeto egingo ditu. Zeregina ezaugarri fonetikoei arreta jartzea bada, zentzuzkoa da ikasleek aldez aurretik hitz horien esanahia ezagutzea.
  3. Irudia eta hondoa bereiztea. Hondo-soinu batek estalitako soinu-estimulu bat identifikatzeko gaitasuna da. Edo, bi soinu-estimulu batera antzemateko gaitasuna ere izan daiteke. Hitz ezkutuak eta aldibereko estimuluak landuko dira.
  4. Entzundakoaren analisia. Mezu batean hitz jakin bat antzemateko gaitasuna da. Hitzak antzeman behar dira, bai testuetan eta baita esaldietan ere.


Jarduerak nahi den ordenan egin daitezke. Irakasleak berak erabakiko du zein ariketa-pakete landu, ikaslearen beharren arabera. Jarduerak erabiltzeko powerpointa deskargatzearekin nahikoa da.


Aipatzekoa da bigarren multzoak (Hizkuntzaren multzoak) esparru gehiago lantzen dituela. Bukatu gabe dago. Bukatutakoak aurkezten dira, baina asmoa modu progresiboan osatzea da: era askotako ariketak eta berriak sortzea, euskarazko entzumen-lanketako programa oso bat eratu arte.


Egileak: Idoia Agirre eta Iratxe Antxustegi.

IRALE programa, 2017/2018 ikasturtea.

HARREMANA

Helbide elektronikoa: euskal_logopedia@iralegasteiz.eus