Pablo Picasso

Pablo Ruiz Picasso (Málaga, Espainia, 1881eko urriaren 25a - Mougins, Itsas Alpeak, Frantzia, 1973ko apirilaren 8a), Espainiako margolari, eskultore, inprimatzaile, zeramikari eta antzerki diseinatzailea, Frantzian izan zuen artista bizitzaren zatirik handiena. XX. mendeko artistarik garrantzitsuenetariko bat izan zen, eta ezaguna da Gorges Braque frantsesarekin mugimendu kubista sortzeagatik, eskultura eraikia asmatu izanagatik, collageen asmakizunagatik, eta estilo desberdin asko garatzen eta arakatzen lagundu zuelako. Bere obrarik ospetsuenen artean daude Avignongo andereñoak (1907) proto-kubista, eta Gernika margolanak (1937), Espainiako Gerra Zibilean alemaniar eta italiar armaden Gernikako bonbardaketaren erretratu dramatikoa.

Picassok aparteko talentua erakutsi zuen bere lehen urteetan, modu naturalean margotuz bere haurtzaroan eta nerabezaroan. XX. mendearen lehen hamarkadan, bere estiloa aldatu egin zen teoria, teknika eta ideia ezberdinekin esperimentatu zuenean. 1906. urtearen ondoren, Henri Matisse artista zaharragoaren obra fauvistak motibatu zuen Picassok estilo erradikalagoak esploratzera, bi artisten arteko lehia emankorra hasiz, gerora kritikoek sarritan arte modernoaren aitzindari izan zirela aitortuz[

Picassoren lana garai ezberdinetan sailkatu ohi da. Geroago izen asko eztabaidatu diren arren, bere obran gehien onartu diren garaiak honakoak dira: Urdina (1901-1904), Arrosa garaia (1904-1906), Afrikako eragina izan zuen garaia (1907-1909), kubismo analitikoa (1909-1912), eta kubismo sintetikoa (1912-1919) edo kristal garaia ere deitua. 1910eko hamarkada amaierako eta 1920ko hamarkada hasierako Picassoren lanen zati handi bat estilo neoklasikokoa da, eta 1920ko hamarkadaren erdialdeko lanek sarritan surrealismoaren ezaugarriak dituzte. Azken aldera egindako artelanek, lehenagoko estiloetako elementuak uztartzen dituzte. Bere lanak Europa eta mundu osoko museo eta bildumetan daude. Horrez gain, beste genero batzuk ere jorratu zituen, hala nola marrazkia, grabatua, liburuen ilustrazioa, eskultura, zeramika, eta antzerki produkzioetarako jantzien eta eszenografiaren diseinua. Literatura lan labur bat ere badu.

Bere bizitza luzean aparteko emankortasuna izan zuen, eta ospe unibertsala eta dirutza izugarria lortu zuen bere lorpen artistiko iraultzaileengatik, XX. mendeko artearen pertsonaiarik ezagunenetako bat bilakatuz.

Arlo politikoan, Picassok bakezale eta komunistatzat zuen bere burua. Espainiako Alderdi Komunistako eta Frantziako Alderdi Komunistako kidea izan zen hil arte,[7] 1973ko apirilean gertatu zena, laurogeita bat urte zituela, "Notre-Dame-de-Vie" izeneko bere etxean, Frantziako Mougins herrian. Vauvenargako (Bouches-du-Rhone) gazteluko parkean lurperatuta dago.