Sarrera. Eskola liburutegien garrantzia
Liburutegiak tradizioz, ikasleei liburuak maileguan emateko eta talde lanak egiteko erabili izan dira. Gaur egun ordea, eskola liburutegiaren inguruan planteamendu ezberdin ugari egiten ari dira eta horrek egokitze-prozesu inportante bat dakar baliabideak, espazioak eta hornikuntza ziurtatu behar ditugulako. Azken urte hauetan Hezkuntza Administrazioak irakurzaletasuna sustatzeko planak abian jarri ditu baina baliabide gutxi eman ditu eskola liburutegien arduradunak izendatzeko eta prestatzeko, are gehiago, lehen gure ikastetxean genituen liburuzainen plazak bete gabe gelditu dira, hau da, desagertuta. Dena den, nahiz eta egoera hoberena ez bizi, liburutegien garrantzia kontuan izanik, zuzendaritzak ikasturtero zenbait giza baliabide jarri ditu, beraz, lehenik eta behin, Santa Barbara eta Agustin Iturriagako liburutegiak kudeatzeko eta zerbitzua emateko zenbait irakasleren lana eskertu behar dugu azken urte hauetan egin duten ahaleginengatik.
Natalia Bernabeuk eta María Jesús Illescasek “La biblioteca escolar: un entorno creativo de aprendizaje” dokumentuan adierazten duten bezala, eskolako liburutegia funtsezko baliabidea da ezagutzak eskuratzeko eta konpetentziak garatzeko. Beraien hitzetan “Eskolako liburutegiak gure haur eta gazteen benetako prestakuntza integrala bermatzen du, ezagutzarako, autoezagutzarako, aurkikuntza pertsonalerako eta aurkikuntza zientifikorako gunea delako”.
Eskola liburutegiak dituen hezkuntza funtzioek ikaslearen garapen pertsonalean eragin zuzena du, hezkuntza helburuen artean, besteak beste, hauek aipatu daitezke:
- Era guztietako irakurketa sustatzea. Literaturaz gozatzeko eta prestakuntzarako literatura irakurketak antolatzea.
- Informazioa bilatzea, osatzea, aztertzea eta hausnarketa egitea. Iritzi kritikoa sustatzea.
- Lan interdiziplinarrak, proiektuak… burutzea. - Adierazpena eta kreatibitatea garatzea.
- Kultur ekintzak antolatzea.
- Ahozko komunikazioz indartzea.
- Eskolaz kanpoko zenbait kultur ekintza eta baliabideen berri ematea.
Hainbat ikerketek erakutsi dutenez, eskola liburutegiak trebetasun kognitiboen garapena errazten du, pentsamenduaren erabilpena bultzatzen du eta komunikazio eta irakurketaren jarduerak sustatzen ditu.
Liburutegiko proiektua, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, Curriculuma eta Irakurketa Planarekin lotuta dago, beraz, honen garapena Urteko Kudeaketa Planean jasoko da ikasturteko helburuak, ekintzak eta jarraipena zehaztuz. Eskola liburutegiak duen garrantzia kontuan izanik, eskolako organigraman txertatuko da. Ikasturtero zuzendaritzak arduradunak izendatuko ditu eta beharrezko baliabideak (orduak, espazioaren erabilera eta mantenu egokia, aurrekontua … ) jarriko ditu helburuak, ekintzak, bete ahal izateko.
Liburutegia. Nolakoa izan behar du bildumak?
Eskola liburutegiaren funtzionamendu egokia bermatzeko ezinbestekoa da dokumentu-funts egokia eta eguneratua izatea. Hezkuntza Ministerioko Eskola Liburutegien Programan parte hartzen duen aditu-talde gomendio batzuk eman dituzte:
Bildumak ikasleen beharrei erantzun behar die lehentasunez, gainerako hezkuntza-komunitateak dokumentazio-zentro espezializatuagoetarako sarbidea izan baitezake.
Bildumak ez du material inprimatua bakarrik izan behar, beste ikus-entzunezko euskarri eta euskarri elektroniko batzuetan ere egon behar du, erabiltzaileen informazio, prestakuntza eta aisia beharrei erantzuteko.
Bildumak askotarikoa izan behar du edukiari dagokionez, fikziozko eta informazioko lanen artean oreka egon behar du bere helburuak egoki bete ahal izateko. Informazio-lanen %70 eta fikziozko %30 izatea gomendatzen da.
Fondoak maiz eguneratu behar dira, ez bakarrik dokumentu berriak aldizka sartuz, baizik eta daudenak birziklatuz, bilduma etengabe berritzen ari den zerbait bizia izan dadin.
Eskolako liburutegiaren bildumak ikasleen curriculumera egokituta egon behar du, eta modu orekatuan sartu behar ditu ikastetxean irakasten diren irakasgai komun espezifikoetako edo hautazkoetako arlo guztiak.
Eskolako liburutegiak guztion artean eraikita egon behar du, horregatik da garrantzitsua hezkuntza-komunitate osoak bildumaren eraketan parte hartzeko bideak ezartzea.
Funtzioak
Zuzendaritza – Ikasketa burutza
Arduradunak izendatu eta plana garatzeko beharrezko baliabideak jarri.
Urteko Kudeaketa Planean helburuak eta ekintzak jaso.
Klaustroan edo Mintegi buru bileran informatu: gelen erreserba nola egin, kontsultarako eta maileguetarako ordutegia, espazioaren antolaketa, eta lekua zaintzearen beharra eta inplikazioa.
Irakurketa Planeko arduraduna:
Klaustro eta Eskola Kontseiluan Liburutegi planaren berri eman.
Liburuzainekin edo arduradunekin ikasturteko helburu eta ekintza nagusiak adostu, eta jarraipena egin.
Mintegi buruak:
Liburutegirako liburu edo material eskaerak bideratu.
Liburuzainak / Arduradunak
Lan teknikoa, antolakuntzakoa:
Liburutegira iristen diren fondoak, liburuak, erregistratu, katalogatu eta sailkatu ABIES programaren bitartez.
Liburuak apaletan ondo antolatuta mantendu.
Fondoen jarraipena egin, beharrak aztertuz. Eskaerak eta erosketak bideratu; aurrekontuaren jarraipena egin.
Maileguen kudeaketa.
“Azken berriak” ikasleei, irakasleei eta langile ez irakasleei azken erosketen berri eman.
Lan pedagogikoa: Liburutegien erabilera bultzatu, ikastetxeko ezinbesteko eremuak bilakatuz eta irakasleak erabat inplikatuz.
Irakasleei liburutegiko antolaketa azaldu.
Batzorde Pedagogikoan gaiak eta ekintzak planteatu.
Irakasleekin koordinazio lana sustatu liburutegian burutu daitezkeen ekintzak proposatuz, adostuz… Adibidez: behar bereziak dituzten ikasleentzat ekintzak prestatu eta garatu, geletako lanari eskainitako laguntza jarduerak antolatu (eztabaidak, literatura emanaldiak, ikasleen aurkezpenak…), liburutegiko blog-ean txertatzeko lanak bideratu eta publikatu, antolatu daitezkeen erakusketak, lehiaketak, hitzaldiak, emanaldiak… baliabideak jarri. Ikastetxean burutzen ari diren beste zenbait proiektuekin lankidetza sustatzea (HNP, Hezkidetza, Agenda 30…) Liburutegiko ingurunea, paisaia, zaindu ikasleek burututako kartel… bitartez. Ikastetxean egiten diren proiektuak osatzeko materiala edo baliabideak eskura jartzea, proiektuen dinamizazioa, hauen zabalpenean laguntza eskaintzea …
Blog-a indartu.
Ahal den neurrian ikasleak liburutegiko zenbait lanetan parte hartzera bultzatu, gonbidatu.
Erabiltzaileentzako irakurketa gidak prestatu.
Hernaniko liburutegiko arduradunarekin harremanak mantendu, elkarlana bideratu. Kultura dinamizazioaren inguruan, herriko ospakizunekin edo jarduerekin lotutako kultura deialdiak garatu herriko eragileekin batera, kultur jarduerak, ekitaldiak, topaketak… zabalduz, ezagutaraziz.
Espazioaren antolaketa. Agustin Iturriaga
Hezitzaile gisa irakasteko metodologia eta baliabide berriak aurkitu behar ditugu eta horretarako, irakaskuntzarako zeharo erabilgarria izan dadin, eskola liburutegiak eraldaketa bat behar du.
Orain arte ikasleen hezkuntzaz jardun badugu ere, argi dago hezkuntzaren eraldatze prozesu honetan ezinbestekoa dela irakasleen prestakuntza egokia bermatzea. Hezkuntza berritzaileak espazio berriak eskatzen ditu, ideiak elkartrukatzeko, elikatzeko, informazioa bilatzeko, eztabaidatzeko, hausnartzeko … Durbanen arabera, eskola liburutegiak ikastetxean eta hezkuntza sisteman benetan integratzeko orain arteko erabilera tradizionala irauli behar du eta bere baitan berritu XXI. Mendeko hezkuntza sistemaren erronkei erantzunez.
Ikastetxeko liburutegiaren espazioa ikasleek banaka nahiz taldeka lana egiteko behar bezala antolatuta egon behar du. Inportantea da eremu ezberdinak egotea behar horiei erantzuteko: irakurketa gunea, txokoa, ikasteko gunea, talde lanetarako, aurkezpenetarako esparru zabalak… Bestalde, estetikak eta dekorazioak ere garrantzia handia du erabiltzaileengan eragin positiboa duelako eta eskolak espazio honi benetan ematen dion garrantziaren islada delako; leku zaindua behar du, erakargarria, atsegina, irakurketara gonbidatzen duena. Beraz, altzariak, hormak, argitasuna, seinaleak, landareak, ikasleek landutako kartelak, museoetako edo arte lanen kartelak… ezinbestekoa da “itxura” ere zaintzea.
Agustin Iturriaga
Agustin Iturriaga 1. Solairuko eskubiko aldea (Kabia, Liburutegia eta Maastrich), espazio guztia “Liburutegi- kultur – ezagutza” espazio anitza izango da, irakurketa, talde lanak, proiektu interdiziplinarrak, aurkezpenak (bertakoak, nahiz online kanpora egiten direnak), informazioa bilatzea, hausnarketak, eztabaidak… irakasleen prestakuntza ahalbideratuko duen espazio orokorra.
Kabia: irakurketarako gunea.
Liburutegia: informazioa bilatu, aurkezpenak, hitzaldiak, eztabaida gunea… irakasleen prestakuntza gunea ( Irakasleen formakuntzarako espazioa egokia da, zabala, erakargarria, ondo hornituta dago). Era berean, espazioa zabala denez, mailako guraso bilerak egiteko ere erabiliko da.
Maastrich: ikasleek bertan bazkaltzeko edo elkartzeko gunea. Ikastetxeak espazioa egokitu du eta ikasleek pintatu.
Kanpoko espazioa: erakusketak antolatzeko gai ezberdinei buruz. Liburuei buruzko kritikak, azken berriak…
Santa Barbara:
AGUSTIN ITURRIAGA LIBURUTEGIAREN ERABILPENA
Ikasturte hasieran zuzendaritzak liburutegiaren arduraduna izendatuko du eta bere lana bete ahal izateko baliabideak jarriko ditu (orduak, baliabide materialak…). Era berean liburutegia erabiltzeko, klaseak emateko, hitzaldiak antolatzeko, eta beste zenbait emanaldietarako erreserba sistema ziurtatuko du. Liburutegiko atrila geletara eraman ahal izango da.
Agustin Iturriaga liburutegiko ordutegia liburuak maileguan hartzeko:
egunero 10 – 11.30
DBH 3. mailako ikasleek, astelehenetan, 1. atseden orduan liburuak maileguan hartzera etortzeko aukera izango dute.
DBH 3. Mailako ikasle guztiei alta emango zaie AI-ko liburutegiko liburuak maileguan hartu ahal izateko. Eskola uzten dutenean, ikasketak amaitzen dituztenean, automatikoki baja emango zaie.
Batxilergoa egitera etortzen diren ikasleei matrikularekin batera alta emango zaie.
Liburutegiko liburuak erosteko prozedura.
Liburutegiak aurrekontu propioa izango du.
Liburutegiko aurrekontuekin liburutegian mailegu bezala egongo diren liburuak soilik erosiko dira eta ez dira mintegietan “gordeko”.
Erosketa prozedura: mintegietako proposamenak jasotzeko 3 epe jarriko dira.
Irailak 30, abenduak 15, apirilak 15. Egiten diren eskaerak onartzen badira, liburutegiko arduradunak erosiko ditu. Liburuak jasotzen direnean katalogatu eta eskaera egin duen mintegiburuari jakin araziko zaio.
Aldizkariak: Argia, Hik Hasi, Administrazioa euskaraz, Gaztezulo … eskolako aldizkariak lehenengo irakasle gelan jarriko dira. Hilabete pasa ondoren, liburuzainak liburutegira eramango du eta dagokion atalean jarri. Komenigarria izango litzateke aldizkarien katalogoren bat egitea hauen jarraipena egiteko (jasotzen diren edo ez, maiztasuna…)
Liburutegiko espazioa beste zenbait proiektuetarako egokitzeko behar diren baliabideen kudeaketa zuzendaritzak egingo du.
Ikasleen derrigorrezko irakurketak:
DBH-n mintegietako programazioen arabera derrigorrez irakurri behar dituzten liburuak: eskolako katalogoan libururik ez badago, 5 ale erosiko dira liburutegirako eta 2 ale gehiago mintegirako. (Aleren bat badago kopuru hori osatu arte erosiko dira). Liburu hauen kostua “liburu solidario” partidatik ordainduko da. Liburutegiko arduradunak bideratuko ditu erosketak eta ondorengo katalogazioa.
Batxilergoan 3 ale liburutegirako + 2 mintegirako. Liburutegiko aurrekontuetatik.
Guztia aurrera eramateko oso inportantea da ahal den neurrian iraila bukaerarako hizkuntzetako mintegiek bereziki garbi azaltzea ikasturte horretan ze liburu irakurriko duten. Aurreko ikasturteko irakurketa plantila erabiliko da jarraipena egiteko. Arduraduna: liburutegiko arduraduna, mintegi buruak eta ikasketa burua.
Liburuak lortzeko ikasleek aurreko ikasturteko ikasleei eskatzeko aukera izango dute edo nahi badute, liburuen salmenta eguna (prezio berezian) ere antolatu dezakete liburutegiko arduradunaren laguntzarekin.
LIBURUTEGIKO ARAU OROKORRAK
Liburutegian isiltasuna, ordena eta jarrera ona mantendu behar da.
Liburutegiko materiala zaindu.
Hartutako liburuak eta aldizkariak dagozkien lekuan utzi.
Maileguan hartutako liburuak … dagozkion epean entregatu. 15 eguneko epea egongo da liburuak itzultzeko, epea luzatu daiteke liburutegiko arduradunari esanaz.
Liburu berri bat eskatu baino lehen gainontzekoak entregatu beharko dira. Materiala galduz gero ordaindu egin beharko da.
Liburutegiko ordenagailuak lanak edo kontsultak egiteko bakarrik erabiliko dira. Jokoetan eta sare sozialetan sartzea debekatuta dago.
Ezin dira mugikorrak erabili liburutegiko arduradunaren baimenik gabe.
Liburutegian ezin da jan.